Ben Lerner idazle estatubatuarrak (Kansas, 1979) nobela berria argitaratu berri du: Transcription. Ibilbide luzeko poeta eta narratzailea da Lerner. Bere lehen poema liburua, The Lichtenberg Figures, 2004an plazaratu zuen, eta lehen nobela, Leaving the Atocha Station, 2011n. Poesiari buruzko saiakera zirraragarri bat ere badu: 2016ko The Hatred of Poetry. Bertan, poesia ezinezko ideal gisa aztertzen du; poemek nola egiten duten beti huts, ezinezkoaren idazketa balira bezala.
Bi generoak lantzen ditu, elkarren arteko konparazio hutsalik egin gabe: dena da literatura, eta, haren ustez, elkar ez ulertzean, hizkuntzaren zirrikituetan gauzatzen da literatura. Narratiba idazten duenean, ez darabil prosa poetikorik; alabaina, maiz nabari da hizkuntza poesiaren galbahetik igaro dela. Eta galbahe lan horren eredu fina da 130 orrialdeko azken nouvelle-a. Hiru ataletan banatua dago, eta, bukatu ahala, berriz hasteko bulkada sentituko du irakurleak; izan ere, bukaeraraino argitzen ez diren zenbait figurak harilkatzen dituzte atalak.
Barne memoria eta kanpo gordailuak
Hasiera gogoangarria du kontakizunak: narratzailea bere mentorea elkarrizketatzekotan da. Elkarrizketaren goizean, hara joan baino lehenago, sakelako telefonoa uretara erortzen zaio; grabagailua galdu, eta ez du ordezkatzeko betarik, lagun diezaioketenen zenbakirik ere ez gogoan. Bat-batean, zenbakiak, oharrak, agenda, kontaktuak eta abar galtzea apokalipsi domestiko txiki bat da narratzaile protagonistarentzat.
Thomas mentorea, bestalde, 90 urteko figura intelektual erraldoia da. Iristean, protagonistak ez dio esango grabagailua galdu duela, eta eskuko telefono hondatuarekin grabatzen ari deneko itxura egingo du. Irakurleari ez dio argituko gezur horren arrazoia. Luze jardungo dira hizketan; aspaldiko harremana dute, eta askotan modu laburrean, sakondu gabe, bere ideiak oso-osorik helarazten dizkio Thomasek. Afinitatea eta intimitatea dago irakasle eta ikasle ohiaren artean, urteetako trukeek ematen duten konfiantza.
Alexander Kluge (1932-2026) zinemagile, idazle eta pentsalari alemaniarra da Thomas pertsonaiaren iturria. Lernerrek ondo ezagutu zuen Kluge: askotan elkarrizketatu zuen, kolaboratzaile izan ziren, eta bizitzan ere mentore izan zuen. Lernerrek intelektual alemaniarraren estiloa irudikatzen du elkarrizketaren bidez: ametsak, ideien arkeologia, anekdotak, pasarteen bidezko pentsamendua eta irudien indarra.
Aurreko belaunaldien ideiak nola gordetzen diren, horren inguruan hausnartzen du eleberriak, besteak beste. Klugeren heriotzaren ondoren, Peio Agirre arte komisarioak martxoan esan zuen bezala, bi asteren barruan Alemaniako pentsamenduaren bi erraldoi hil ziren: Juergen Habermas eta Alexander Kluge bera, Frankfurteko Eskolaren azken testiguak, hain zuzen ere. Horrekin estuki loturik, beste garai baten errepresentazioa azaltzen da lehen atalean, bestalde; eta aurrekoen pentsamendutik galduko eta gordeko dena arakatzen da grabagailu hondatuaren bidez.
Borgesek Funes el memorioso ipuin laburrean azaldu zuen bezala, iragazkirik gabe, den-dena gogoratzea infernua da. Hala ere, aro digitalean dena grabatzen eta gordetzen da. Askotan hitz egiten da nobelan aro analogikoari buruz, eta irratia da protagonistak Thomasekin duen elkarrizketaren abiapuntua. Haurtzaroko lehen oroitzapena da irratia. Grabatzen ez den elkarrizketan, ahotsen memoriaz dihardute.
Elkarrizketa hori argitaratuko du narratzaileak, eta Reina Sofia museoan egindako omenaldian kritikak jasoko ditu, ez delako transkripzio huts bat. Lehen bi ataletan, digitalizazioaren inguruko gogoeta sorrarazten du horrek: urteetan metatutako ezagutzak ematen duen material aberatsak —narratzaileak memorian gordetzen duen horrek guztiak— grabatutako balizko elkarrizketa bakar baten transkripzioak baino zilegitasun gutxiago du. Barne memoriak ez omen dira kanpo memoriaren gordailuak bezain fidagarriak. Alabaina, Thomasen pentsamendu poliedrikoaren isla fidagarriagoa da hitzez hitzekoa ez den elkarrizketa. «Ametsa luzatzen dugu amets hori partekatzen dugunean (...)», esaten dio Thomasek narratzaileari. «Zuk fikzioa deitzen diozu, baina hori baino gehiago da».
Memoriaren transmisioa familian
Leaving the Atocha Station bere lehen nobelako azken atalean Madrilgo Atocha geltokian gertatutako sarraskia ageri da, eta «kontzertu baten erdian tiro bat» bezalakoa da, Belen Gopegui idazleak esango lukeen modura. Ingelesez argitaratu den errepresentazio onenetako bat da. Errealitateak erabat eraldatzen du nobelaren norabidea, eta sakelakoaren erabilera politikoa bihurtzen da. Horren antzera, nobela berriaren azken atalean, pandemia eta gizarteak oro har pairatzen duen antsietatea lirateke haustura.
Thomasen eta haren seme Maxen arteko harreman gatazkatsuaren bidez, memoriaren transmisioa familietan nola gertatzen den ere arakatu du Lernerrek. Maxek, aitaren baimenik gabe, azken elkarrizketa grabatzen du, alabarentzat aitonaren ahotsa gorde ahal izateko. Atal horretan, Thomas ez da intelektual handi bat, aita bat baizik. Maxen ikuspegitik, akatsez jositako aita da, eta zaila zaie elkarri maitasuna adieraztea. Eta hemen, maisuki idazten du Lernerrek, bere-berea baitu maskulinitatearen krisiaz idaztea. Berriz ere, ahotsaren garrantzia azpimarratzen da, baina ahotsa sarri ahots ia kolektibo bat bilakatzen da: irakurleak ez daki Max ari den hitz egiten eta narratzailea entzuten, ala alderantziz. Ahots narratiboen figuraren eta hondoarekin esperimentatzen du Lernerrek. Konplexutasun horretan bizitza transkribatu ezin daitekeen elkartzea da.
Antsietate kolektiboaren atala da hori. Pandemiak sortu duen isolamendua alabaren elikadura nahasmenduan ageri da. Liburuaren hasieran, telefonoa hondatzen denean, krisi existentzial bat dago, eta azken atalean, garai honetako krisiak azaleratzen dira. Hala ere, bukaera hitzik gabeko maitasun keinu bat da.
Ocean Vuong idazle ezaguna Ben Lernerren ikasle ohia da, eta beti goraipatzen du mentore gisa; hark bultzatu baitzuen poesia idaztera Brooklyn Collegen ikasle zenean. Vuongek hala deskribatzen du Lernerren literatura: maitasuna artikulatzeko garaian, hizkuntzaren porrotaz diharduena beti. Azken nobelan, ordea, esan daiteke zirrikitu horietan ikaslearen eta mentorearen arteko maitasuna, eta semearen eta aitaren artekoa, inskribatu dituela.