Beñat Irastorza Ugaldek irabazi du aurtengo (H)ilbeltza beka

Fred Vargas idazlearen 'Debout les morts' eleberria euskaratuko du Irastorzak, eta 6.000 euroko laguntza izango du horretarako

Miren Mujika Telleria.
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Goiz batez lehenago ikusi gabeko zuhaitz bat deskubritu zuen Sophia Simeonidis abeslariak bere baratzean. Pago bat zen. Kezka sortu zitzaion abeslariari, loa galarazteraino. Hura hor landatu zuenaren bila ibili zen, beraz, batetik bestera. Hiru bizilaguni eskatu zien laguntza, lurra haztaka zezaten. Egun batetik bestera, desagertu zen Simeonidis, ordea. Eta, handik egun batzuetara, gorpu bat erreta agertu zen. Harena ote? Istorio hori kontatzen du Fred Vargas idazle frantsesak Debout les morts eleberrian. Euskaraz irakurtzeko aukera izango da aurki, Beñat Irastorza Ugaldek irabazi duen (H)ilbeltza bekari esker.

Nobela beltzaren arloan, idazle itzulienetakoa da Fred Vargas. Euskarara ekarri gabe zeuden, ordea, haren lanak. Beraz, (H)ilbeltza bekaren VI. aldiak beteko du gabezia hori, Baztango Udalari, (H)ilbeltza elkarteari eta Txalaparta argitaletxeri esker. 6.000 euroko saria jasoko du irabazleak itzulpena egiteko, eta Txalaparta argitaletxeak emango du argitara gero, 2024ko urtarrilean.

(H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Astearen harira sortu zen beka, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, euskarazko nobela beltza sustatzea da bekaren helburua, eta, aldi berean, baita sormen eta itzulpen lana saritzea ere.

Txandakako sistema

Txandakakoa da saria: urte batean sormenari ematen diote beka, eta hurrengoan, itzulpenari. Eneko Barberena idazlearen proiektuak jaso zuen iazkoa, esaterako, eta, dena ondo bidean, urte amaieran kaleratuko du Txalaparta argitaletxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.