Metak diskoetxeak ateak itxi, eta justu duela hogei urte sortu zuten Bidehuts, 2006an. Euren musika sortzen eta zabaltzen laguntzeaz gainera, «autosufizientziatik, independentziatik eta elkartasun kolektibotik» urrunduko ez zituen eredu bat sortzea izan zen hasierako asmoa. Besteak beste, Lisabo, Anari, Inoren Ero Ni eta Hotel taldeko kideek bultzatu zuten asmo hura hasiera hartan, eta beste hamaika talde batu zaizkie bidean. «Gure ideiak gauzatzeko libre sentituko ginen espazio propio bat sortzea zen helburua». Kolektiboko kideek hedabideei helarazitako ohar baten bidez adierazi dutenez, sinistuta daude asmo horiek guztiak bete egin dituztela, baina onartu dute duela sei urtez geroztik bidea «malkartsuagoa» bihurtu zaiela, eta iragarri dute denbora bat beharko dutela proiektuari buruz gogoeta egiteko.
«Oso une delikatua da, eta, gainditzen dugun moduaren arabera, gainditzen badugu, bidea oinetako hauekin ibiltzen jarraitu ahal izango dugu, edo oinutsik egin beharko dugu»
BIDEHUTS
Asmatutako eredu horrek 2021. urtera arte «oso ondo» funtzionatu duela zehaztu dute kolektiboko kideek oharrean. Azaldu dutenez, ordea, urte hartan «kontuek ez zuten guztiz bat egiten», eta «gerrikoa estutu» behar izan zutela esan dute. «Egoera hori irauli nahian gaude», azaldu dute, «baina oso une delikatua da, eta, gainditzen dugun moduaren arabera, gainditzen badugu, bidea oinetako hauekin ibiltzen jarraitu ahal izango dugu, edo oinutsik egin beharko dugu. Kontua da, gure ereduan sinistuta, bagarela egoskor samarrak eta berdin jarraitu nahi dugula, akaso ukitu batzuekin».
Horregatik, «hausnarketarako denbora gehiago» hartuko dutela adierazi dute oharrean. Eta, iragarri dutenez, hori izango da «azken saiakera» bizi duten «bidegurutze» horretatik ateratzeko aukerak eta gakoak bilatzeko.
Pozik eta harro
Lisabo taldearen Ezlekuak diskoa izan zen euren zigilu propioarekin kaleratu zuten lehen lana. 2007an izan zen hori, eta, geroztik, zigilu horren pean eman dituzte argitara euren lanak baita Mursegok, Xabier Montoiak, Audiencek, Gaizka Insunzak, Willis Drummondek, Anarik eta Joseba Irazokik ere, besteak beste.
Hogei urte beteko ditu proiektuak, eta, adierazi dutenez, urtebetetze hori ibilbide horretan ondoan izan dituztenekin ospatzeko asmoa dute Bidehutsekoek. «Ia hogei urte zaharragoak izan arren, oraindik badugu indarra eta gogoa zarata gure erara egiten jarraitzeko». Poza ez ezik, harrotasuna ere azaldu dute orain arte egindako bideagatik. «Gaur, harro gaude eskutik helduta ibili izanaz, eta hobekien jakin dugun bezala gainditu ditugun zailtasunen aurrean elkartuta mantendu gaituzten jatorrizko ideiei leial jokatu izanaz».