Zinemagilea

Daphne Xu: «Bereziki seduzitzen naute obsesioa erakusten duten filmek»

Begirada erne eta belarriak zorrotz ibili da Iruñeko egonaldian Daphne Xu zinemagilea. Ikuspuntu jaialdiaren Sail Ofizialeko epaimahaian aritu da, eta, hori bakarrik ez, haren bi film ere programatu ditu festibalak.

Daphne Xu zinemagilea, astelehenean, Iruñeko Baluarte jauregiaren kanpoaldean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Daphne Xu zinemagilea, astelehenean, Iruñeko Baluarte jauregiaren kanpoaldean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2026ko apirilaren 25a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur ailegatuko da bere hondarrera Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren hogeigarren aldia, eta, orduan bai, lanak jada eginak dituelako sentipenak hartzen ahalko du Daphne Xu zinemagilea (Toronto, Kanada, 1992). Kanadaren eta Txinaren artean bizi da, garaiaren arabera, eta maite du mugitzea, «kamera beti soinean». Dena dela, oraingo hau izan du lehenbiziko aldia bai festibalean eta baita Iruñean ere, eta bisita, aitortu duenez, ez da edonolakoa izan. «Motibazioa bai, baina ea...», egin dio eskapu ahotik. Sail Ofizialeko epaimahaiaren parte izan da Xu, eta haren bi film ere eman dituzte jaialdian: Notes on a Crocodile (2020) eta Huahua’s Dazzling World and its Myriad Temptations (2022). 

Eulien Artean sailean kabiarazi dituzte zure filmak. 1950eko hamarkadan zuzeneko zinemari buruz hitz egiteko sortutako metafora baten harira deitu dute horrela saila, «hormako euliaren» ideiagatik. Zure zinemak zenbateraino egiten du bat ideia horrekin?

Oker ez banaiz, Xavier Nueno programatzaileak dio euliak ez duela zertan paretan egon, eta begiratzeko modu asko dituela. Eta, hortaz, bai, bat egiten dut oro har ideiarekin. Uste dut nire lana eta nire filmatzeko manera oso korporalak direla. Gazte-gazte nintzenetik maite nuen izugarri kamera bat hartuta ibiltzea batetik bestera, eta argazkiak ateratzea, adibidez, amari, edo familiako beste kideei, edo klasekideei. Kamera nirekin eramatea da munduari eta inguruko jendeari estuago konektatuta egoteko dudan modua.

Kamera beti zurekin, kasik badaezpada bezala?

Babestuko banindu bezala da, ezta? Bai! [Barreak]. Horrela ibiltzen hasi nintzenean ohartu nintzen munduan egoteko modu oso estimulagarria dela zinemagilearena. Meditaziora emanda ibiltzera ere bultzatzen nau, gainera. Guztiari erreparatzen diozu gehiago, eta balio du, era berean, zeure gorputza munduan nola mugiarazten duzun ohartzeko ere. 

«Munduan egoteko modu oso estimulagarria da zinemagilearena. Guztiari erreparatzen diozu gehiago, eta balio du, era berean, zeure gorputza munduan nola mugiarazten duzun ohartzeko ere»

Huahua’s Dazzling World and its Myriad Temptations (2022) zure lanean nabarmena da behaketarako joera, baina Huahua da protagonista, Txinako Xiong'an Gune Berrian bizi den streamer-a. A Thousand-Year Stage (2020) egin zenuenean ezagutu zenuen. Zergatik itzuli zinen harengana? 

Haren ilobaren bitartez ezagutu nuen. Hari piztu zitzaion ideia, eta esan zidan: «Nahi duzu zerbait filmatu? Eramanen zaitut nire izeba zoroarengana!». Eta joan ginen, eta parkean dantzan harrapatu nuen, lagun mordoarekin. Den-denak ziren streamer-ak. 

Ordurako garbi nuen hurbilerraza zen emakume bat erretratatu nahi nuela. Beste lan batzuetan gehiago jardun naiz espazio publikoak grabatzen, pasaeran den edo kalean zernahi aktibitate egiten ari den jendea filmatzen, adibidez dantzan, baina honetan harago joan nahi nuen, eta Huahuak erraz jarri zidan: benetan nahi zuen berarekin lan egin nezan.

Norberaren mundua erakusteko eskuzabal izanen den norbait aurkitzea ezinbestekoa izanen da halakoetan.

Guztiz. Sarbidea irekiko dizun norbait aurkitzea ezinbestekoa da. Huahua, gainera, pixkanaka joan zen guztia zabaltzen. Hasieran, streamer gisara egiten zituenak interesatzen zitzaizkidan gehien, eta hori erakusten zidan berak, baina, apurka, aukera izan nuen ikusteko nolakoa zen beste giro batzuetan, familian adibidez, eta horri ere heldu nion.

Izatez, aitortua duzu Huahua filmatzen hasi zinenean artean ez zenekiela erregistratzen ari zinenak dokumental forma hartuko zuenik ere; edizioan ohartu zinen akaso bazela horretarako modurik. 

Uste dut honek ere zerikusia duela orainaldiarekin eta munduarekin konektatuago sentitzearen zera horrekin. Askotan, ez dut planifikazio handirik egiten. Lasai aritu dadin uzten diot neure buruari, dagoen tokian egon dadin, gertatzen ari denari begira, kamerarekin. Gero gerokoak. Kontua da kasu honetan gero COVIDa etorri zela, eta ezin izan nintzela grabaketarekin jarraitzeko bueltatu ere. Hasieran, editatzen hasi nintzenean, erabakia nuen ez erakustea Huahuak bere sakelakoan ikusten zuen deus, eta nik grabatutakoa erakutsiko nuela bakarrik. Ondotik, ikusita ezinen nintzela itzuli, forma bera ere aldatu nuen, eta, azkenerako, filma elkarrizketa moduko bat da. 

«Askotan, ez dut planifikazio handirik egiten. Lasai aritu dadin uzten diot neure buruari, dagoen tokian egon dadin, gertatzen ari denari begira, kamerarekin. Gero gerokoak»

Filmeko irudien erdiak zeuk grabatuak dira; beste erdiak Huahuak bere kanaletan zabaldutako zuzeneko emanaldietatik hartu dituzu. Kasik badirudi deus egin ezean aski efimeroak liratekeen irudiak erreskatatzeko ahalegina dela zurea.

Interesgarria da erreskate hitza aipatu izana, ze, edizioan, batzuetan iruditzen zitzaidan Huahuaren irudiak askoz interesgarriagoak zirela nireak baino, eta beste batzuetan aldrebes sentitzen nintzen. Imajinatzen dut halako balantza moduko bat egiten diotela elkarri, horregatik. 

Filmean, behin ere ez duzu egiten iruzkinik, eta azalpenik ere ez dago. Ikuslearen pertzepzioa are eta libreagoa izan dadin nahi duzulako?

Ez zait interesatzen nik deus esatea; izan ere, modu asko daude filmera hurbiltzeko. 

Bateko edo besteko epairik ere ez da iradokitzen. Joel Akafou zinemagileak, 2024ko Ikuspuntura etorri zenean, zera nabarmendu zuen horri buruz: zuzendariak bere epaia sartuz gero ez zaiela tokirik uzten besteenei.

Tira, eta, halere, uste dut sumatzen dela nik maite dudala protagonista. Filmatzeko oso erakargarria da emakumea. Baina uste dut, nolabait, ez zaidala interesatzen esatea zer dagoen ongi eta zer dagoen gaizki. Filmean, publikoak ikusten ahal du Huahuak nola egiten dion aurre bizitzari, ahal bezala. Hortik aurrera...  

Notes on a Crocodile ere eman dute Ikuspuntun. Harridura eragiteko moduko sinopsia du: eraikitzen ari diren eraikin bat krokodiloz betea dagoela dioen albisteak emakume txinatar bat erakarriko du Phnom Penhera, Kanbodiara. Egoera edo gertakari batek zer behar du zuri film bat egiteko grina pizteko?

Ni neu ere harritu egiten naiz nire ibilbideari begiratu eta ikusten dudanean zer gauzari buruzko lanak egin ditudan. 2024an ping-pongari buruzko film bat egin nuen [ping pong ping pong ping pong ping pong ping pong]. Aurrez ez nuen inoiz halakorik aurreikusi izanen, baina joan nintzen New Yorkera, maitemindu egin nintzen ping-pong mahai batekin... eta, hara. Ohartzerako, buruan neuzkan beste ideia asko kabiarazteko kontainer bilakatua nuen ping-pong mahai hura, eta egin nuen filma.

Beste proiektu batzuetan ere antzera gertatu zait; krokodiloenarekin ere bai. Qiu Miaojin idazleak krokodiloa darabil emakume queer bat irudikatzeko, eta ideia hori aspaldi nuen nik ere buruan. Kasualitatez edo, Kanbodian bertan egonaldi bat egiten ari nintzela, jakin nuen bizi nintzen tokitik hurbil krokodilo hazitegi bat zegoela, urak hartutako herrixka gisako batean. Denak bat egin zuen: nahi nuen queertasunaz gogoetatu, eta nahi nuen krokodiloak hartu amu gisara. Ordutik aurrera, gainerako osagai guztiak banan-banan heldu ziren bidera. 

Sail Ofizialeko epaimahaiaren parte zara, Catarina Boieirorekin eta Beatriz Navasekin batera. Nola bizi duzu erronka?

Oso motibatuta nago. Aurretik jaialdiari buruz ere ez nekien askorik, baina banituen lagunak hona etorriak zirenak. Ea.

Film batek zer behar du zu seduzitzeko?

Bereziki seduzitzen naute obsesioa erakusten duten filmek. Gustatzen zait obsesioren bat daukan jendearen artea. Bestalde, itxuraz izugarri sinpleak diren gauzak ere maite ditut, hain direnak sinpleak ezen harrigarriak ere badiren eta, espero gabe, erakusten dizuten zerbait munduaz, pertsonez. Eta, era berean, gustatzen zaizkit adi egotera bultzatzen nauten filmak, erne egonarazten nautenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA