«Euskara, jalgi hadi plazara!». Horixe opa zion Bernart Etxeparek euskarari 1545ean idatzitako Kontrapas olerkian, eta, kasik bostehun urteren ondoren, Kontrapas ekitaldia plazaratuko dute, hain zuzen, euskarari gauza bera opa dioten egungo lau kultur eragilek. Galdera baten burrunba zuen Patxi Zubizarretak buruan: Nola ekarri klasikoak gaur egunera? Izan ere, idazleak ez du uste antzinako musika belaunaldi gazteekin lotzen asmatzen denik, eta orduantxe Danserie Ensemble taldearen diskoa entzun, eta liluratuta gelditu zen; «horren fina eta horren ederra» iruditu zitzaion, dioenez, ez baitzuen izan haiekin batera ekitaldi bat osatu beste aukerarik. Loraldia festibalean estreinatuko dute, bihar, Bilboko Kafe Antzokian, 19:30ean.
Kontrapas ikuskizunean Imanol Epeldek rap musikaren bidez gaurkotuko du Danserie Ensemble taldearen antzinako musika; izan ere, taldeak Etxepareren olerkiak XVI. mendeko musika tresnekin eta orduko jotzeko moduan musikatzen ditu. Hortaz, horra hor Zubizarretaren galderari erantzuna: zazpi musikarik osatuko duten orkestra batek eta rap kantari batek ekarriko dute Etxepare «plazara». Zubizarretak gidatuko du saioa, eta Alfredo Fermin Cemillan Mintxo-k kolorea emango dio, zuzenean pintatuko baitu.

Zubizarretak azaldu duenez, ikuskizunari Kontrapas izena jarri diote, hain justu, «Etxeparek bere garaian egin bezala, mundu petral honi kontra» egiteko asmoa dutelako, baita «gauza ederrak» eskaintzeko asmoa ere. Hala, Etxepareren kantuen eskutik, «gaurko Euskal Herriaren testuingurua eta erronkak mahaigaineratzea» dute helburu. «Ideia nagusia bi musika estilo horiek elkarrekin janztea izan zen, eta nire lana hori harilkatzea izango da», kontatu du Zubizarretak. «Historiaurretik hasiko gara, eta gaur egunean bukatu. Omenaldi bat egin nahi dugu, esker oneko ospakizun bat».
Hitza, musika eta pintura
Askotariko doinuez gain, koadro bat ere egongo da eszenatokian, Cemillanek noiz eta nola margotuko. Zubizarretak xehetasunak eman ditu: «Koadroa guztiz originala izango da. Han bertan geldituko da publikoarentzat oroigarri, eta antolatzaileentzat opari edo gordailu». Hitzaren eta pinturaren jatorrietara itzuliko dira kulturgileak Kontrapas ekitaldian, eta kobazuloetan jarriko dute begirada; baina ez diote gaurkotasuna kenduko ekitaldiari. Memoria «ezinbestekoa» dela adierazi du Zubizarretak.
«Azterketa soziologikoak behar dira, baina ez dugu negar egin nahi: lortutakoaren aldeko aldarria egin nahi dugu»
PATXI ZUBIZARRETA Idazlea
«Hizkuntza batek bi aldiz bizitzeko aukera ematen dizu». Zubizarretak berak berriro ikasi behar izan zuen euskara, «garaiagatik» galdu egin baitzuen. Sunbillan ikasi zuen (Nafarroa), eta, geroztik, argi du «gizartearen monumentu handienak» kultura eta hizkuntza direla. Horixe islatu nahi du Kontrapas ekitaldian: «Azterketa soziologikoak behar dira, baina ez dugu negar egin nahi: lortutakoaren aldeko aldarria egin nahi dugu». Horretarako, poesiaz baliatuko da: «Errealitatea soziologikoki aztertu beharra dago, baina poetikoki ere bai. Horretarako animoa poesiak ematen digu, betiere poesia bizitzaren gaineko ikuspuntu bat dela ulertuta».
Haien baitara itxita sumatzen du jendea Zubizarretak, «harresi» baten barruan giltzapetuta. Baina hizkuntzak ateak irekitzeko aukera ematen duela uste du, eta horixe frogatzeko asmoa du biharko ekitaldian. Halere, ororen gainetik «gozatzera» doala aitortu du.