Eszenatoki zuri-beltza, eta haren gainean heriotza dantzan. Tartean, doluaren pisu emozionala bilintzi-balantza dabil, heavy metalaren eta doinu klasikoen erritmora. Gaur abiatu da Donostiako 86. Musika Hamabostaldia, eta, horrekin batera, Kursaal auditoriumeko zikloa. Angelin Preljocaj koreografoaren Requiem(s) emanaldiak agertokia hartuko du 20:00etan. Sarrerak eskuragarri daude jaialdiaren webgunean eta Kursaaleko zein Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan.
2023an Preljocajen gurasoak eta gertuko hainbat lagun zendu ziren, eta horren harira sortu zuen gaur Donostian aurkeztuko duen obra. Emanaldiak dolua du ardatz, eta heriotzak zenbait herrialdetan duen esanahia landu du zuzendariak; horrek sortzen dituen sentimenduak azaltzen dira eszenatoki gainean. Tristura eta haserrea oinarri izanda ere, hildakoak gogorarazteak dakarren pozaren inguruan ere hitz egingo du. Dany Leveque zuzendari laguntzaileak azaldu duenez, Preljocaj oinarrizko ideia batetik abiatu ohi da bere lanak sortzean, eta «dantzariak oholtzara igotzen direnean hartzen dute itxura».
Levequeren hitzetan, koreografoak aspalditik zuen buruan heriotzaren inguruko proiektu bat sortzea, eta duela bi urte, haren aitaren gaixotasunak eta amaren ezusteko heriotzak bultzatu zuten Requiem(s) idaztera. Lan «abstraktu» bat izateak ekarri du erronkarik handiena, zuzendari laguntzailearen ustez: «Ezagunak diren eta istorio bat kontatzen duten obrekin ez bezala, Requiem(s)-ek aparteko lanketa bat eskatzen du». Horrez gain, koreografoak inspirazio iturri izan ditu hainbat filosofo, hala nola Roland Barthes, Gilles Deleuze eta Clement Rosset. «Imajinazio handiko pieza bat da, eta ikuspuntu sakona du, ez tristea», argitu du Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak.
«Askotariko» musika
Kursaaleko zikloa dantza emanaldi batek ireki zuen azken aldia 2009an izan zen —Monte-Carlo konpainiaren Les Ballets de Monte-Carlo obrak zabaldu zuen orduan—. Baina Alfayak nabarmendu duenez, «86 urtean, lehendabiziko aldia izango da Hamabostaldia klasikoa ez den musikarekin abiatuko dena». Jaialdiko zuzendariak esan duenaren arabera, «askotariko» musika izango baita Requiem(s)-en, eta emanaldiaren lehen segundoak «harrigarriak» izango dira. Heavy metal abestiek bat egingo dute Mozart, Bach eta Ligetiren obrekin; horrez gain, abesti erlijiosoak eta antzinako greziar kantuak ere entzungo dira.
Balletari dagokionez, berriz, hemeretzi dantzari izango dira eszenatoki gainean. Sormen prozesu «zaila, baina oso interesgarria» izan dela esan dute: «Preljocajek oso argi zuen obra prestatu aurretik nora jo nahi zuen, baina dantzariei ez zigun ezer esan nahi izan, bakoitzak artea bere modura azaltzea nahi zuelako», adierazi du Araceli Caro konpainiako kideak. «Zentzu handiko puzzle» gisa deskribatu du ballet emanaldia, eta azaldu du konpainia «koral» gisa egin dutela lan. «Harmonia handia dago dantzarien artean», gehitu du Micol Taiana dantzariak.
1984an sortu zuen Angelin Preljocajek haren konpainia, eta, ordutik, hirurogei lan baino gehiago sortu ditu, hala nola Romeo eta Julieta, Edurnezuri eta Beltxargen aintzira. Azken horrekin, hain zuzen ere, 84. Hamabostaldia bisitatu zuen, duela bi urte. Requiem(s) obra iaz estreinatu zuen Frantziako Aix-en-Provenceko jaialdian, eta bi astez izan zen Parisko La Villetter festibalean. Harrezkeroztik, Australian, Italian eta Suitzan izan dira, besteak beste. Nicolas Calussek sortu ditu emanaldian ikusten diren bideoak, eta Eric Solerren lana izan da argiztapenaren diseinua. Eleonora Peronettik, berriz, jantziak egin ditu.