Asko dira abuztua iritsi bezain pronto itsaso hotzean murgildu nahi dutenak, baina badira doinu goxoez zipriztintzen diren beste asko ere. Gaur hasita, 80 emanaldi izango dira Donostiako 86. Musika Hamabostaldian. Donostian ez ezik, Senperen (Lapurdi), Leireko monasterioan (Nafarroa) eta Gipuzkoako eta Arabako hainbat herritan ere antolatu dituzte emanaldiak. Aurtengo Musika Hamabostaldian Maurice Ravel piano jole eta konpositore ziburutarra omenduko dute, haren jaiotzaren 150. urteurrena dela eta. Ravel 6 urte zituela hasi zen piano eskolak hartzen, eta, 14 urte zituela, Parisko kontserbatorioan ikasten hasi zen. Berrogei urteko ibilbidean ehun obra baino gehiago idatzi zituen, besteak beste, orkestra handietarako pieza handiak eta lan lirikoak. 1928an, arrakasta handia lortu zuen Bolero obrari esker.
Emanaldietarako sarrerak eskuragarri daude Musika Hamabostaldiaren webgunean eta Kursaal zein Viktoria Eugenia aretoetako leihatiletan. Horrez gain, aurten ere, ordu gaztea eskaintza eskuragarri egongo da 30 urtetik beherakoentzat eta langabeentzat; egun bakoitzeko ikuskizuna baino ordubete lehenago, sarrerak hiru euroan erosi ahalko dituzte.
Lau ikuskizun izango dira gaur, jaialdiaren inaugurazio egunean: Sofia Huerta piano jolea, Lasala dantza konpainia, Verdini dantza taldea eta Jagoba Astiazaran txistulariak nahiz Iñar Sastre piano joleak elkarrekin egingo duten saioa. Azken bi horiek, Ravelen dantza emanaldian, besteak beste Ravel beraren obrak interpretatuko dituzte. Horrez gain, Hamabostaldi Solidarioa deituriko programaren barruan, Ainhoa Lopez de Muniain sopranoa eta Leyre Saenz de Urturi piano jolea izango dira Donostiako Altza auzoan; eta Lorea Lopez sopranoa eta Lucia Arzallus piano jolea, berriz, Egia auzoan.
Kursaal auditoriuma
Urteroko legez, Musika Hamabostaldian Kursaal aretoa izango da dantza eta musika klasikoaren agertoki nagusia. Hain zuzen ere, dantzak inauguratuko du antzokia gaur, Angelin Preljocajen Requiem(s) emanaldiarekin. Igandean eta astelehenean, Valentziako Palau de les Arts orkestra (Herrialde Katalanak) igoko da oholtzara; lehen egunean, Txaikovskiren eta Xostakovitxen sinfoniak interpretatuko ditu; hurrengo egunean, berriz, Beethovenen eta Rossiniren obrak, Donostiako Orfeoiarekin eta Xabier Anduaga tenorrarekin batera. Easo abesbatzak Jesus Guridiren Amaya eta Leonard Bernsteinen West Side Story obretan parte hartuko du; hilaren 9an eta 20an, hurrenez hurren. Abuztuaren 22an, Espainiako Orkestra Nazionala izango da, eta 24an Le Concert des Nations orkestra eta La Capella Nacional de Catalunya abesbatza. Bi talde horiek, Jordi Savallek gidatuta, Felix Mendelssohnen Walpurgisen lehen gaua interpretatuko dute, besteak beste.
Ravelen Le Tombeau de Couperin eta Ezker eskurako kontzertua obrak emango ditu Parisko Operako Orkestrak hilaren 27an, Thomas Adesen zuzendaritzapean. Zikloa itxiko duten azken bi emanaldiak Gewandhausorchester Leipzig orkestrarenak izango dira; abuztuaren 28an, Hilary Hahn biolin jolea izango da orkestrarekin, eta hurrengo egunean, Brahmsen eta Mendelssohnen obrak joko ditu Donostiako Orfeoiak lagunduta.

Viktoria Eugenia antzokia
Publiko askotarikoari zuzendutako agertokia izan ohi da Viktoria Eugenia antzokia, eta aurten ere hala izango da. Datorren asteartean, Rafaela Carrascok zuzendutako Nocturna dantza emanaldiak emango dio hasiera; duela bi urte Espainiako Dantza Sari Nazionala irabazi zuen. Xabier Anduaga tenor donostiarra oholtzara igoko da abuztuaren 12an, eta, besteak beste, Bellini eta Liszten obrak abestuko ditu. Mitsuko Uchida piano joleak, berriz, Beethovenen obrak interpretatuko ditu, hilaren 18an. Nizugu haurrentzako operak zikloa itxiko du abuztuaren 26an. Marta Garcia BERRIAko musika kritikariak idatzi du operaren libretoa, eta Iñaki Carcavillak, berriz, musika.

Ganbera Musika zikloa
Larunbatean estreinatuko du Cuarteto Quirogak San Telmo museoko zikloa; Joseph Haydnek konposatutako obra bat interpretatuko du. Hilaren 6an, Ensemble Bayonak Manuel de Fallaren eta Xostakovitxen lanak interpretatuko ditu, eta 8an, berriz, Helix Trio taldeak Xostakovitxen, Turinaren eta Schuberten obrak. Casals laukotea abuztuaren 21an izango da. Azken emanaldia Angel Luis Quintana biolontxelo joleak eta Miguel Angel Castro pianistak egingo dute, hilaren 25ean, Donostiako Orfeoiaren egoitzan.
Antzinako Musika zikloa
Bachen musikarekin abiatuko da Antzinako Musika zikloa abuztuaren 7an, Solistas Salvat, Beca Bach eta Bachcelona Consort taldeen eskutik. La Ritirata taldeak jarraipena emango dio hilaren 17an; eta Ars Atlantica taldeak Espainiako musika barrokoa ekarriko du oholtza gainera abuztuaren 19an. Amaitzeko, hilaren 23an, Entrebescant taldeak harpa, alboka eta fidula zarrabetearekin nahastuko ditu El cantar del destierro: musica para la ruta del Cid Campeador obran.
Organo zikloa
Ohiturei jarraiki, Donostian zein Gipuzkoan barrena eskainiko dituzte aurtengo organo emanaldiak. Guztira, hamasei organistek osatuko dute zikloa, eta horietako bost estreinakoz etorriko dira. Ana Belen Garcia izango da lehena, gaur, Donostian; eta hurrengo egunean, Jose Luis Etxetxipia ariko da, Deban. Iganderako bi emanaldi iragarri dituzte: alde batetik, Juan de la Rubiak Jon Maia eta Oihana Iguaran bertsolariekin jardungo du Ataunen; eta, bestetik, Donostian emango du kontzertua Michael Bouvardek.
Hurrengo asteko lehen kontzertuak Donostian izango dira: Laszlo Fassang 4an, Shin Young Lee 5an, Wayne Marshall 6an, Thierry Escaich 7an eta organo erromantikoaren kontzertua 8an. Saskia Rours Azpeitian entzuteko aukera izango da hurrengo egunean. Hilaren 10etik 12ra bitarte, Bergaran, Tolosan eta Usurbilen izango da organo zikloa, eta organista hauek arituko dira: Aitor Olea, Gerardo Rifon eta Paolo Oreni; hurrenez hurren. Widorren obrak interpretatuz itxiko du zikloa Martin Bakerrek, abuztuaren 13an.
Aurtengo organo erromantikoaren ikastaroa abuztuaren 4tik 8ra egingo da, batik bat, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan. Michael Bouvard izango da irakaslea, eta ikasleek Gipuzkoako beste organo erromantiko batzuk ezagutzeko aukera izango dute.
Musika garaikideko zikloa
Joera berritzaileak dituzten taldeek hartuko dituzte, aurten ere, Kursaaleko aretoak. Datorren asteartean, Kambrass boskoteak irekiko du zikloa Un ricordo al futuro obrarekin, eta Ensemble Bayonak jarraipena emango dio El ocaso de los petalos emanaldiarekin, abuztuaren 7an. Hilaren 15ean eta 16an Ensemble C Barre konpainia eta Silboberri txistu elkartea izango dira, hurrenez hurren.
Interprete gazteen zikloa
Beste urte batez, Donostiako Miramar jauregia hainbat musikari berriren erakusleiho izango da. Abuztuaren 18tik 22ra, bost emanaldi iragarri dituzte: Xabier Boixet, Oxygen Quartet, Piazzokene Quintet, David Berenguer eta Amaia Zipitria eta Trio Skala; emanaldi bat eguneko, hurrenez hurren.
Haurren Hamabostaldia
Abuztuaren 3tik 27ra bitarte, Haritik tira ipuin kontaketak haurrak mundu fantastikoen barrena eramango ditu, hari instrumentuen bidez. Hilaren 26an, berriz, Nizugu operak haurrek haien ingurura begiratzea eta hausnartzea bultzatuko du; obra horren nondik norakoak Ni+Zu+Gu tailerrean azalduko dituzte, hilaren 22tik 26ra. Kursaal aretoan izango dira emanaldi horiek guztiak.
Tabakalera Dantzan
Dantzaren egoitza nagusia izango da Tabakalera lau egunez. Abuztuaren 11n, Laida Aldazek In Perspective / Tabakalera dantza ikuskizun ibiltaria aurkeztuko du; Tabakalerako plazan hasiko da, eta Juanma Urrizaren esku egongo da zuzeneko musika. Hurrengo egunerako, bi emanaldi iragarri dituzte: LaCerda konpainiaren El baile de la zurda eta Melania Olcinaren Tactus lanak. Aurtengo zikloak Idoia Zabaletari eskainiko dio sorkuntza egonaldia, eta hark Orta edo norbat dantzan_ pista de baile lana aurkeztuko du hilaren 13an. Amaitzeko, abuztuaren 14an, Jesus Rubiok eta Luz Pradok Estudios Elementales obra emango dute Prisma aretoan.
Musika Aitzaki zikloa
Donostiako 86. Musika Hamabostaldiak Euskal Herrian barrena bidaiatu, eta Gipuzkoako, Arabako, Lapurdiko eta Nafarroako zenbait udalerri doinuz beteko ditu. Vivalma konpainiak Numen: la inspiración del artista obra aurkeztuko du Zumaiako (Gipuzkoa) San Pedro elizan, abuztuaren 10ean. Iñaki Alberdirekin izango da hilaren 16an Haatik dantza konpainia Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxea auditoriumean; eta, hilaren 19an, berriz, Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoan aurkeztuko dute Doodem emanaldia Eñaut Zubizarretak, Iñigo Xalbadorrek eta Amaiur Luluagak. Hilaren 23an, Luken Munguira eta Jose Luis Etxetxipia izango dira Leireko monasterioan (Nafarroa); eta hurrengo egunerako musika txangoa antolatu dute Oiartzungo (Gipuzkoa) Iturriotz auzotik Errenteriako (Gipuzkoa) Listorreta parkera.
Aurten, bi emanaldi izango dira Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Leku museoan. Etzi, Mariana & Mozart: fiesta en Michaelerhaus obra entzun ahal izango da Anacronia taldearen eskutik; eta hilaren 10ean, Ensemble Diatessaron konpainiak Humanismo renacentista lana aurkeztuko du. Arantzazuko santutegian, berriz, kontzertu bakarra izango da: Alos Quartet taldeak joko du, abuztuaren 21ean, zenbait gonbidaturekin: Natxo de Felipe, Gorka Urbizu, Olaia Inziarte, Amorante eta Iñar Sastre. Hilaren 8an eta 17an Senpereko (Lapurdi) Larreko kultur aretoan izango da jaialdia; Ensemble Bayona izango da lehena, eta Andra Mari abesbatza eta orkestra bigarrena.
Bestalde, datorren ostegunetik aurrera, sei emanaldi egingo dituzte Arabako sei herritan. Gaubean izango da hilaren 7an Helix Trio hirukotea, eta hari jarraituko diote Garikoitz Mendizabalek eta Gorka Hermosak Amurrion eta Zalduondon; Marife Nogales eta Jacinto Sanchezek Argantzonen; Luken Munguirak eta Aurelio Viribayek Kanpezun; eta Cuarteto Gerhard taldeak Bastidan.