Donostiako 73. Zinemaldia

Jennifer Lawrencek jasoko du bigarren Donostia saria

Donostiako 73. Zinemaldiko ohorezko saria jasoko du aktore eta ekoizle estatubatuarrak, eta 'Die, My Love' haren azken lana proiektatuko dute sari banaketan. Jaialdiko antolatzaileek azaldu dute gaur egungo «aktore garrantzitsuenetako bat» dela.

Jennifer Lawrence 'Die, My Love' filmeko fotograma batean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Jennifer Lawrence 'Die, My Love' filmeko fotograma batean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Donostia
2025eko abuztuaren 26a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi Donostia sari izango ditu aurtengo Zinemaldiak. Duela aste batzuk iragarri zuen festibaleko antolakuntzak lehena Esther Garcia ekoizleari emango diotela. Bigarrena Jennifer Lawrence aktorea eta ekoizlearentzat izango da (Kentucky, AEB, 1990), gaur bertan jakinarazi dutenez. Kursaal auditoriumean izango da sari banaketa, irailaren 26an, eta, horren ostean, haren azken filma proiektatuko dute: Die, My Love. Aurtengo Cannesko Zinemaldian estreinatu zen, eta amatasuna eta maitasuna jomugan dituen emakume psikotiko baten istorioa kontatzen du. Lynne Ramsayk zuzendu du pelikula, eta Lawrencek ekoizle lanak egin ditu. Jaialdiaren antolatzaileek esan dutenez, ekoizpen hori, hain zuzen ere, «inflexio puntu» bat izan da Lawrencerentzat. Robert Pattinson da filmeko protagonista, LaKeith Stanfield, Nick Nolte eta Sissy Spacekekin batera. 

Ibilbide oparoa izan du Lawrencek zinemagintzan: berrogei filmetan baino gehiagotan parte hartu du, eta zenbait zinema generotan murgildu da. Zinemaldiko antolakuntzaren hitzetan, estatubatuarra «gure garaiko aktore garrantzitsuenetako bat» da. Izen handiko zuzendariekin lan egin du, hala nola Adam McKayekin, Bryan Singerrekin eta Darren Aronofskyrekin; eta film erromantikoak, komedia eta drama jorratu ditu. Azken urteetan, Netflix plataformako Don't Look Up eta No Hard Feelings filmetan parte hartu du.

2008an, The Poker House film luzearekin egin zen ezaguna Hollywooden, eta, bi urte geroago, Oscar sarietako lehen izendapena jaso zuen Winter's Bone lanarekin. Bertan, Ree Dolly deituriko neska gazte bat interpretatu zuen, zeina familia zaintzeaz arduratzen den. Lehen Oscar saria David O. Russellen Silver Linings Playbook filmarekin jaso zuen, 2013an. Hurrengo urteetan, Joy eta American Hustle filmengatik Oscarretarako bi izendapen eta Urrezko Globoetarako beste bi lortu zituen; azken biak jaso zituen. 

Zientzia fikzioa bidelagun

Zientzia fikzioa bidelagun izan du Lawrencek bere ibilbide artistikoan. Besteak beste, PassengersX-Men: First Class eta Gose jokoak lanetan izan da; azken horri esker, mundu mailako arrakasta lortu, eta gazte askoren erreferente bilakatu zen. Suzanne Collinsen liburu sorta arrakastatsu batean oinarrituriko thriller distopikoa da, eta bertan Ipar Amerika izan zenaren hondakinen gainean, hogeita lau gazte behartzen dituzte Gosearen Jokoetan parte hartzera; telebistaz ematen dute joko horietako minutu bakoitza. Lawrencek Katniss Everdeen gorpuztu zuen lau filmetan. 

Kameraren atzean ere lanean ibili da Donostia sariaren irabazlea. 2018an, Excellent Cadaver ekoiztetxea sortu zuen, istorio «ausartak» kontatzeko, eta «hausnartzera bultzatzeko» xedearekin. Gizartean bor-borrean dauden zenbait gairen inguruko lanak sortu ditu: esaterako, Texas estatuko abortuaren aurkako legeengatik arriskuko haurdunaldiekin aurrera segitzera behartuak diren emakumeen gaia jorratu zuen Zurawski v. Texas filmeaneta Bread & Roses dokumentalean, berriz, Afganistango emakumeak talibanen erregimenaren menpe jasaten duten errepresioaz aritu zen. Dokumental horrek, hain zuzen, Peabody saria lortu zuen. Causeway eta No Hard Feelings dira sortu dituen beste bi film. Ekoiztetxearen azken lana Die, My Love izan da, eta Kursaal aretoan proiektatuko dute sari banaketaren ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.