Gazte batzuek sortu zuten Herenegun musika taldea, 2015ean, Donostiako Antigua auzoan. «Eta musika talde bat sortuko bagenu?», pentsatu zuten orduan. Hala, nork bere instrumentua hartuta, entseatzeari ekin zioten, harik eta oholtza gainera igo eta kontzertuak ematen hasi ziren arte. «Erromeria moduko bat egiten hasi ginen», esan du Jonxa Oiartzabal taldeko kideak. «Gustatzen zitzaizkigun taldeen abestien bertsioak jotzen genituen, publikoak ere abestu zezan». Hamaikatxo oholtzatan izan dira ordutik; atera zuten lehen diskoa —Zer dakarren—, atera zuten bigarrena ere —Bi mundu—, eta hirugarrena eman dute berriki argitara: Atzera begira. Izenburua ez dute ausaz hautatu; izan ere, kideek diote lanak balio izan diela «atzera begiratzeko» eta beren buruari zera galdetzeko: «Nola iritsi gara honaino?». Ibilian-ibilian, hamar urte egin ditu taldeak, eta efemeridearekin batera kaleratu dute azken lana.
Oiartzabal «oso pozik» dago emaitzarekin. «Hiru disko atera ditugu, eta lehen aldia da emaitzak konbentzitu nauena. Espero nuen baino hobea da». Joseba Alonso taldeko saxofoi jolea bat dator Oiartzabalekin. Iruditzen zaio taldea bere «benetako esentzia» aurkitzen ari dela. «Atzera begira entzunda, uste dut ikusten ari garela zein den gure benetako soinua. Beti bilatu dugu inspirazioa batean eta bestean, baina gure soinua forma konkretu bat hartzen ari da orain». Ziurrenean, hamar urteko eskarmentuari esker lortu dute hori. «Abestien bertsioak jotzen hasi eta geure abesti propioak sortu genituen gero, eta nabaritzen dugu lehen diskotik hona taldeak garapen izugarria izan duela», dio Alonsok.
«Orain arte egin ditugun abestiak basikoak ziren agian, baina, atera berri ditugunak entzuten ditudanean, zera pentsatzen dut: 'Hau beste kontu bat da'»
JONXA OIARTZABAL Gitarra jotzailea eta abeslaria
Zortzi kide dira egun taldean: Oiartzabal (ahotsa eta gitarra), Alonso (saxofoia), Xabier Lizarrondo (ahotsa), Telmo Uranga (baxua), Iker Goñi (tronpeta), Danel Mitxelena (gitarra), Aitor Landa (bateria) eta Oier Apaolaza (tronboia). Era berean, zortzi dira diskoan jaso dituzten kantuak ere: Ekaitza, Aldentzen banaiz, Mundu ederra, Dakidan guztia, Eraman nazazu, Minutu bat, Atzera begira eta Izana. Artista bat baino gehiago izan dituzte abestiotan lagun: Idoia Asurmendi Izana kantuan eta Marte Lasarte taldeko kideak Eraman nazazu-n.
Doinuak eta hitzak
«[...] Berriz atzera begira/ galdu gara bidean/ lortuko al degu bihar/ ametsak betetzea?». Hala dio, kasu baterako, diskoaren izen bera duen kantuak. Oiartzabalenak berarenak dira kantuen hitzak, eta kontatu du garai ilun samarrean idatzitakoak direla. «Kezkatzen nautenak idazten ditut normalean, eta azken disko honetako abestiak idatzi nituenean ez nintzen oso garai ona pasatzen ari. Uste dut kantuetan nabaritzen dela nostalgia puntu hori». Minutu bat abestia jarri du horren adibide: «[...] Baina minutu bat nahikoa ez da/ burua altxa ta zer esan jakiteko/ beranduegi dela onartzeko».
Oiartzabalek dio garrantzia ematen diela kantuen hitzei, sentitzen dituenak azaleratzeko modua ematen baitiote. «Orain arte egin ditugun abestien doinuak eta letrak basikoak izan zitezkeen, sinpleak, baina atera berri ditugunak entzuten ditudanean, zera pentsatzen dut: 'Hau beste kontu bat da, beste maila bat'».
Besteak beste, Marte Lasarteko Borja Antonen laguntza izan dute diskoa ekoizteko garaian, eta Hereneguneko bi kideek uste dute neurri batean hari zor diotela azken emaitza. «Borja artista bat da», esan du Oiartzabalek. «Kristoren lana egin du produkzioari dagokionez. Abestiak modu batera bidali genizkion, eta hobeak itzuli dizkigu. Asko daki, eta laguntza handia izan da hura ondoan izatea».
«Disko bat atera berri dugu, eta ez dakigu gehiago izango diren, baina azkena izango balitz bezala gozatu nahi dugu oholtzetan»
JOSEBA ALONSO Saxofoilaria
Herenegunek ska, reggae eta rock doinuak jo izan ditu, gehienbat. Oraingoan, baina, askotariko musika estiloetan arakatu dute, eta kideek uste dute «beste pauso bat» ematen lagundu diela horrek. Nolanahi ere, Oiartzabalek esan du ez dutela taldea estilo jakin batekin lotzerik nahi. «Lehen, ska eta reggae doinuak jotzen genituen, rocka ere sartu genuen gure abestietan, eta oraingo diskoak asko du pop-rocketik, eta ukitu elektronikoak ere baditu. Azken batean, gorputzak eskatzen diguna egiten dugu, momentuaren eta garaiaren arabera».
Hau hirugarren diskoa badute ere, taldeko kideek ez daukate musikaritzat beren burua. «Gu ez gara musikariak, behin musika egiteko elkartu zen kuadrilla bat gara», esan du Alonsok. Lortu dute musika egitea, eta «pozik» begiratzen dute atzera. Are, esan du ez direla etorkizunak ekar dezakeenaren beldur. «Disko bat atera berri dugu, eta ez dakigu gehiago izango diren, baina azkena izango balitz bezala gozatu nahiko genuke oholtzetan».
Badute gozatzeko adina motibo, atzo bertan iragarri baitzituzten diskoaren aurkezpen birako kontzertu batzuk: urtarrilaren 8an Bilboko Kafe Antzokian izango dira; urtarrilaren 10ean, Donostiako Dabadaban; otsailaren 20an, Iruñeko Indaran; otsailaren 21ean, Azpeitiko Sanagustinen (Gipuzkoa); eta maiatzaren 2an, Madrilgo La Trinchera aretoan. Sarrerak salgai daude dagoeneko.