Musika

Maria Arnal, beste Maria Arnal denen jabe

‘Ama’ izeneko bakarkako lehen diskoa plazaratu du Maria Arnalek. Musika elektronikoaren aukeretan sakondu du, eta lan osoki polifoniko bat aurkeztu: bere ahots fisikoaz gain, adimen artifizialarekin landutako bere ahotsaren klonak baliatu ditu.

Maria Arnal, 'Ama' disko berriaren Bartzelonako aurkezpen kontzertuan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Maria Arnal, 'Ama' disko berriaren Bartzelonako aurkezpen kontzertuan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
itziar ugarte irizar
2026ko apirilaren 26a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oihartzun ugari sor ditzakeen hitz bat da: Ama. Euskaldunarentzat, «ama» izango da zuzen; gaztelaniaz, maitatu aditzaren aginterazko forma izan daiteke, eta jabe adieraz dezake, konnotazio ahaldundu batez; bada, bi adiera horiek azaleratu nahi izan ditu Maria Arnal musikariak orain, bere bakarkako lehen diskoa hala izendatuta. Ez bakarrik, hala ere; bere lehen zauritzat daukan heriotza goiztiar baten siglak ere gordetzen ditu Ama-k —hiesaren ondorioz oso gazte galdu zuen lehengusina batenak—, eta baita gizakiak ikasten dituen lehen bi fonemak ere —a bokala, ahoskatzen errazena, eta ma, amaren bularra hartzeko muskulaturagatik goiz ikasi ohi dena—. Eta badira gehiago, loturak eta oihartzunak, baina batez ere energia baten adierazle gisa kokatu du hitza erdian orain Arnalek: bere sormen lanarekin inoiz baino libreago eta hartaz jabetuta sentiarazten duen garai honen katalizatzaile gisa.

Hamahiru kantu biltzen ditu diskoak, gaztelaniaz eta katalanez abestutakoak, eta Arnalek berak ekoitzi ditu, Alizzz eta Pau Riutort ekoizleekin batera. Ama, Pellizco eta Que me quiten kantuak plazaratu zituen lehenengo, eta horiek aurreratutako eremu bati segitzen diote diskoa osatzen duten beste abestiek ere; modu batera edo bestera, gorputzari eta desirari lotutako zigor fisiko, sinboliko eta emozionalen inguruan hitz egiten dutenak guztiak. Safo poeta grekoaren esaldi batek abiatzen du lana: «Esateko geratzen zaizun hori negar egiteko geratuko zaizu».

Marcel Bagesekin batera Clamor aurkeztu eta bost urtera heldu da Arnalen bakarkako lehen lana. Musikariak azaldu duenez, atseden baten premian amaitu zuen lan haren aurkezpen bira; urte batzuk zeramatzaten disko bat eta haren osteko kontzertu bira kateatzen, eta bestelako zerbait probatzeko irrika zuen Arnalek. Geldialdi bat egin, eta Carlos Marques-Marcet zinemagilearen Polvo serán (2024) filmerako musika sortzeko proposamena heldu zitzaion orduan —La virgen roja (Paula Ortiz, 2024) filmekoa ere egin du gero—, La Veronal konpainiaren eta Marcos Morau dantzariaren hainbat ikuskizunetan kolaboratu du, soinu instalazioak egin ditu, eta disko berrian bereziki eragin duten zenbait ikerketa proiektutan ere aritu da buru-belarri: besteak beste, BSC Bartzelonako Superkonputazio Zentroan ahots sintetikoak aztertzen —Europako ordenagailurik puntakoenetako bat da—.

Adimen artifizialaren bitartez, bere ahotsa klonatu du artistak bertan, askotariko ereduetan oinarrituta, eta diskoan baliatu ditu orain ahots horiek, hamaika Maria Arnal batera jarri izan balitu bezala kantuan. Bere ahotsaren «ispilu modukoak» direla azaldu du, bere ahots fisikoak ez dituen dimentsio batzuk ekartzen dituztenak. «Teknologiak markatutako garai honetan bizi den norbait naizen aldetik, hari buruz ikastea aukeratu dut, sormenerako interesgarria den edo ez arakatzea», azaldu du, eta nabarmendu bere ahotsaren inguruan sakon ikasi ahal izan duela, mikroskopio batek giza gorputzaren beste eremu batzuei buruz ikasteko modua ematen duen gisan. «Artisauen moduan erabili dut adimen artifiziala, nire ahotsaren klonazioan ardaztuta; kantu bat bi minutuan egiten duen adimen artifizial sortzailea ez zait batere interesatzen».

Musika elektronikoaren barruan, poparen eta folkaren artean dabiltza diskoko hainbat kantu, eta soinu garaikide orokor batek forma klasikoak zeharkatzen ditu tarteka. Madrigal kantuan, kasu batera, zeinak Errenazimentuko kantigak ekar ditzakeen gogora —«Polifonia Errenazimentuan igaro zen Jainkoari kantatzetik barneko ahotsak erakustera»—; eta diskoa ixten duen Meua soilean.

Egiazko debut artistikoa

Bidearen hasierara itzuli ahalko balitz bakarrik hasiko lukeela aitortu du Arnalek orain. 2017an plazaratu zuen 45 cerebros y un corazón disko arrakastatsua Marcel Bagesekin; 36ko gerrako hobi komun batean aurkitutako 45 garunei eta bihotz bakarrari zor zion izena, eta pisu handia zuten memoriak eta kantutegi tradizionalak. Ildo bertsutik jota eman zuten aurrez Verbena (2016) lan laburra ere, eta jauzia Clamor-ekin etorri zen, 2021ean: soinu paisaia elektronikoago eta partez apokaliptikoago bat aurkeztu zuten, gizateriak mendeetan munduaren amaieraren ideiari aurre egiteko izan dituen moduez arituta. David Soler ekoizlea haiekin aritu zen orduan zuzenekoetan. Kantariaren esanetan, ordea, baliteke Ama izatea haren «egiazko debut artistikoa». Arnal: «Atzera egin ahalko banu, bakarrik hasiko nintzateke. Marcelek, Davidek eta hirurok lanerako modu bat topatu genuen, baina denborarekin galduz joan zen. Orain sentitzen dut sormen leherketa batean nagoela. Haziz joan ahala, oso zaila da lehengo gauza berberak desiratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA