Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Uztaila da berriro, 2026koa orain, uztail hasiera. Poesia Egunak amaitu ez balira —eta pandemiarik gertatu ez balitz eta hark etenik ekarri ez—, demagun, Eako 23. Poesia Egunak lirateke aurtengoak, eta sumatuko litzateke zertxobait ezberdin herrian, «urduritasuna», ikusezin; eta kartelak, ikusgarri, goi eta behe, Erramun Mendibelandarenak.
Ez, baina.
Uztaila da, 2026koa, Poesia Egunik ez da ikusmiran —ez 2018ko uztailaz geroztik—, eta dena hasi zen leku bertsuan, herriko taberna gutxietako bateko terrazan, erreka ondoan ari da Asun Landa memoria ariketa egiten, zer izan ziren hamabost urtez Eako Poesia Egunak (Bizkaia), zerk egin zituen berezi, zerk ekarri zuen haren azkena, noiz eta «2018koaren moduko edizio ederraren ondoren». Esan nahi duen lehenengo gauza da nahiago lukeela bere izenik ez agertzea; «kolektiboan» jardun zutelako haiek hasieratik, eta Poesia Egunen inguruan zerbait azpimarratu behar bada hori delako harentzat lehena: komunitatearen inplikazioa. «Hiru-lau ginen [Emi, Karmele Larrinaga, Amaia Mancera eta Landa], eta, gero, herrian armada bat genuen. 'Zer nahi duzue? Non ipini behar da pankarta?' —Irakurri ere egin gabe pankarta—. ‘Han, han eta han’. Eta hurrengo egunean ipinita zeuden».
«Herri txiki batean piztu zen hau dena, Arestirekin; gero, jarraitu egin genuen, eta bidean beste gauza batzuk bihurtu zen; eta ederra izan zen» ASUN LANDA HEA kultur taldeko kidea
2004an hasi zen dena, Gabriel Arestiren omenezko egun solte batekin, eta, hurrengo urterako, oharkabean bezala, jauzia egin, eta asteburu osoko ekitaldi bihurtu zuten egitasmoa. Eztabaida, enkontrua, teorizazioa, irakurketa, tradizioa eta kultura berritzailearen aldeko apustua bilduko zituzten hiru egun. Hitza, hitz poetikoa, baina hura ahal beste lekutara iristeko bideak libre utzita; eszenara, musikara, paisaiara.
Eta, orain, erdi lo zeuden oroitzapenak xaxatzen hasita, etxean topatutako materiala tabernako mahaian barreiatzen jarrita, itsas brisa lez igaro da duda haize bat: «Batzuetan oraindik ez dakit erabaki ona izan zen. Denek esaten ziguten: ‘Baina nola orain utziko duzuela? Nola ba, nola?’. Eta hau dena ikusita eta hitz egiten hasita, ze pena ematen didan orain berriro». Baina haizea badoa, eta ziurrenik erabakiarekin asmatu izanaren bake moduko bat geratu da: «Sentsazioa gazi-gozoa da; alde batetik, pena ikaragarria eta hutsune ikaragarria. Baina, beste aldetik, deskantsua ere bai; libreago gaude orain. Hau herri txiki batean piztu zen, Arestirekin; gero, jarraitu egin genuen, eta bidean beste gauza batzuk bihurtu zen; eta ederra izan zen».
Giza materiala plastikozko poltsa batean
Mahaian zabaldutako paperen artean: hainbat ediziotako egitarauak, bazkari txartelak, gonbidapenak, Poesia Egunetako Harrikadie berripaperak, eta, 2011. urtetik aurrera, aurreko urteko hitzaldi edo emanaldi bat aukeratuz ateratako Zaldiarri liburuxkak. Haietan lehena, Anarik eta Iñigo Aranbarrik sinatutako Giza materialak irla izateko testua; aurreko urtean Talan eman zuten emanaldian oinarritutakoa, beren-beregi Earako eta behin bakarrik emateko ondutakoa.
Ale pisutsuago bat ere bada poltsan: argazki album bat. Eta haren egilea bai, aipatu nahi luke Landak: Tony Mendiolea. Australian jaio zen, Euskal Herrira lekualdatu gero, eta, Lekeition finkatuta (Bizkaia), Poesia Egunetan argazkilari ibili zen sasoi batez, boluntario hura ere, harik eta gazte hil zen arte. 2009ko ediziokoak dira argazkiak. «Ez zen urterik onena izan», dio Landak. «Erotismoa eta intimitatea izan zen gaia, eta ez dakit, ba, nik euskaldunok erotismoarekin zer dugun edo... baina hala ere: ondo ikusten da zein izaten zen giroa». Hitz batean esanda: «Herrikoia».

Hala ageri da argazkietan herriko jendea berbetan arrantzatutako atuna kozinatzen, pankartak zintzilikatzen —zeinetan irakur daitekeen, esaterako, «eta egin dezagun mundu berri bat marea igo baino lehen», Beñat Sarasolaren poema batetik hartua; edo «ez zait nahikoa eta zure eskuak eskatzen ditut ene», Tere Irastortzaren beste batetik—, trikitilariak, aurreko mantalak, itzaletan lurrean bildutako entzuleak. Eta ageri dira, ezinbestez, urte hartako programan parte hartu zuten asko ere: Anjel Erro, Leire Bilbao, Rikardo Arregi, Yolanda Arrieta, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Hedoi Etxarte, Laura Mintegi, Hasier Larretxea, Pier Paul Berzaitz eta beste. Baita Olga Novo idazle galegoa ere; urtero hartu baitzuten ohitura kanpoko idazle bat gonbidatzeko, eta hura «gonbidatu» lez tratatzeko.
«Idazleen artean bazeuden taldeak, eta batzuek esaten ziguten: ‘Baina nola gonbidatu duzue hori?’. Baina guk ez genekizkien halako gauzak, eta ezjakintasun hark lagundu egin zigun»
ASUN LANDA HEA kultur taldeko kidea
«Hasi ginenean, guk ez genuen inor ezagutzen», nabarmendu du Landak. «Baina hasi, eta konturatu ginen idazleak oso hurbil zeudela: bati deitu eta etorri egiten zela, eta, gainera, besteekin harremanetan ipintzen gintuela». Euskal literatur munduarekiko distantzia hark alde jokatu zuela esango luke gaur: «Gu irakasleak ginen, irakasle xumeak, eta ez genekien literatur mugimendua zein bor-bor zegoen. Idazleen artean bazeuden taldeak —Susakoak, Volgako batelariak, Elkarrekoak, Sareinak-ekoak…—, eta batzuek esaten ziguten: ‘Baina nola gonbidatu duzue hori?’. Baina guk ez genekizkien halako gauzak, eta ezjakintasun hark lagundu egin zigun».
Ze, hasi, dena hasi zen zaletasun hutsak sakatuta; baita Arestirenganako hurbiltasunak ere. Ean igaro zituen azken udak hark, gaixorik ordurako. «Gu adoleszenteak ginen, baina, frankismo betean, herrian ikusten genuen, eta guretzat modernitatea zen». Haren ideia komunistak tarteko, Bilbon «itsuskeria bat» egin zioten, Landaren hitzetan, eta, orduan, Ean seme kuttun izendatu eta haren omenezko egun bat antolatzea pentsatu zuten Literatur Eskolan zebiltzan eatar batzuek. Egin zuten, eta, hein batean Poesia Egunak gero izango ziren baino «instituzionalagoa» izan zen arren, egun hark ireki zuen bidea.
Goiburutzat Poesia mailu bat da? galdera hartuta egin zuten hurrengo urtekoa, eta Aresti irakurtzen jarraitu zuten hurrengo urteetan ere, ahalik eta «modurik kritikoenean» beti. Horren erakusle, Iratxe Retolazak eta Danele Sarriugartek Arestiren imajinario poetikoa genero ikuspegi batetik aletu izana, esaterako, 2015ean. Hurrengo urteko Zaldiarri liburuxkan argitaratuko zuten hitzaldi hura: Gizontzeko (andretzeko) garaia.
Feminista, eta «elitista»?
2015erako, feminismoa bidea egiten hasia zen Poesia Egunetan. «Transbertsala izan zen, baina intuitiboki», Landaren arabera. 2007an, emakumeak eta literatura gaia hartu zuten hizpide mahai inguru batean; Iratxe Retolazak dinamizatu zuen, eta zalantzan jarri zizkioten hark planteatutakoak, bai publikotik eta bai mahaian bertan. Hain justu, hala oroitu zuen pasarte hura iaz Retolazak egunkari honetan: «Galderak aurrez bidali nizkien idazleei, baina hasi ginenean, pentsa zeinen erasokorra zen giroa, ezen idazleak hasi baitziren esaten: ‘Ze galdera da hori!’. Krak handia izan zen niretzat. Ikusteko garai hartan kulturan zer giro zegoen; pentsa non gauden orain».

Hortik aurrera, «feminismoari urtero leku bat» egingo ziotela erabaki zuten antolatzaileek —hiru-lau eatar ziren, baina idazle talde «finko eta leial bat» ere hasieratik izan zuten bidelagun—, eta genero ikuspegia txertatu zuten hainbat ekitaldi, hitzaldi eta mahai ingurutan. Gainontzean, oro har, motor nagusietako bat «intuizioa» izan zela uste du Landak: «Eginaz-eginaz joan zen forma hartzen; bidean, eraiki eta deseraiki, horrela izan zen».
Zenbait gauza finkatu egin ziren edizioek aurrera egin ahala: uztailaren hirugarren asteburuan izango zen; herriko espazio naturalak kultur agertoki bihurtuko zituzten; saiatuko ziren aurreko ediziotik berrira poema libururen bat argitaratu zutenei plaza eskaintzen; artelanei leku egingo zieten —batik bat, Erramun Mendibelandaren grabatuek eta margolanek eman zieten batasun estetikoa kartel, eskuorri, oroigarri eta Zaldiarri liburuxkei—; eta tradizioa izango zen oinarri bat eta, harekin batera, berrikuntza bestea.
«Posible izango zen jarraitzea, baina ikusten genuen jarraitzea zera zela, ja finkatuta zeuden gauzak mekanikoki egiten hastea. Hor esan genuen: ‘Ez, hemendik ez’. Hori gogoaren gainbehera da»
ASUN LANDA HEA kultur taldeko kidea
Azken hori, ordea, tentsio iturri ere bilakatu zen hurbilean. «Elitista zela entzun behar izan genuen herrian —guk ezetz; izatekotan, minoritarioa zela—, ea nork irakurtzen zuen poesia, kanpokoentzat egiten genuela, planteatu beharko genuela zergatik ez zen herriko jendea joaten... Batez ere gazteak ziren, eta horrek min handia eman zigun. Batek behin esan zidan ez zela joaten, boikotatzeko; horren aurrean ezin da ezer egin. Errezeloena, gainera, beti gertatu da Euskal Herrian; Arestirekin ere gertatu zen».
Eta jarraitu du: «Haien ikuspegitik, ez zen zerbait epikoa, baizik zerbait intelektuala. Dardo hori bai, sufritu genuen. Eta baita misoginia handia ere; gu hiru andre ginen, baina gizon batzuk ere egon ziren inguruan hasieran, eta errespetua beste bat zen orduan».
Gogoaren zortea eta gainbehera
Ondorenean geratu den beste poltsa handi bat anekdotena da. Parte hartzaileendako lo lekuak inguruan bilatzen zituzten antolatzaileek; etxeetan, hoteletan, pisuetan, baserrietan, eta hamaika gertatu ziren: gonbidaturen bat kale gorrian geratu goizaldeko hiruretan, beste bat autoan topatu zuten lotan logelakideak ligatu zuela eta, beste batzuek ohea deseginda topatu zuten etxeko semeak ezkutuan neska laguna eraman zuela eta… «Halakoak milaka!». Segitu du: isuna jartzera etorritako Iberdrolako langilearen aurrean espontaneoki isuna bere gain hartu zuen herriko elektrikariarena, dantza emanaldi baterako tela ilunak garraiatzen menditik ibili zen baserritarrarena… «Halakoak milaka!».
Baita emanaldi «gogoangarriak» ere: Maialen Lujanbiok poesiaren eta bertsolaritzaren arteko zubiaz emandako hitzaldia; Metrokoadrokakoek Apikale etxe hutsean egindakoa, telekin, mamuekin eta Iñigo Aranbarriren gidoiarekin; Eñaut Etxamendiren kantaldia Talan; Miren Agur Meaberen Bitsa eskuetan errezitala; Jose Luis Otamendiren errezitala Natxitxuko hilerrian; Alfonsina Storni Uxue Alberdiren ahotsetik moilan; Metrokoadrokakoen Zanbuia! antzezlana 2018an, Poesia Egunen azkena zela iradokiz, eta beste hamaika.

Mahaian sakabanatuak plastikozko poltsara itzultzen hasita, hor da, halaber, 2019ko ekainean atera zuten agur eta eskertza eskuorria, Poesia Egunak behin betiko amaitu zirela iragarri zuena. Poesiaren pausa jarri zioten izena, eta barruan zetorren leloa: «Porrot eder bat da adioa». Irribarre erdiz begiratzen dio orain Landak, esan guran bezala: ederra bai, baina adioa, azkenean. Eta esanez: «Hor ez dira agertzen beste gauza batzuk; nekea, belaunaldien arteko transmisio falta, azkenetan berritzeko sentitzen genuen gaitasun falta…». Azken hori izan baitzen, hain zuzen, aurrera ez jarraitzeko motiboetako bat. «Posible izango zen jarraitzea, baina ikusten genuen jarraitzea zera zela, ja finkatuta zeuden gauzak mekanikoki egiten hastea. Hitzaldi bat? Topatuko dugu norbait. Poetak? Poetak beti daude. Hor esan genuen: ‘Ez, hemendik ez’. Hori gogoaren gainbehera da».
Eta hori da Poesia Egunen irakaspen handienetako bat Landarentzat: gogoa. «Ez itxaron, ze goitik ez da etorriko. Eroso dagoenak ez du egiten. Gogoa, horixe behar da. Beharrizana eta gogoa, zure bizitzari zerbait ematekoa. Eta guri pila bat eman digu! Guk gogo handia genuen ikasteko, entzuteko; idazleen artean ikusi genuen gogoa zegoela leku bat aurkitzeko; eta herritarrak ere berdin, nahiz eta irakurleak ez izan, euskal munduaren aldeko gogo batek mugitu zituen».
Hura amaitutzat jo zuten, baina HEA Herrijeri Emon Arnasa kultur taldeak hor jarraitzen du inguruan eragiten —2022an, Miren Agur Meaberi bere poetikari buruzko hitzaldi bat eskatu, eta Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena testua publikatu zuten, esaterako, Zaldiarri bilduman; edo memoriari buruzko zenbait saio antolatu dituzte puntuan, uztailean, Joseba Tapiarekin, Cira Cresporekin eta Amagoia Gurrutxagarekin, besteak beste—. «Poza» ematen die ikusteak, halaber, Oiartzungo Poesia Egunetan (Gipuzkoa) geratu dela nolabaiteko segida. Landa: «Gu beste bat gara honen ondoren, eta hori zorte handia da».

1. Giza materialak irla izateko (2011), Anari eta Iñigo Aranbarri
2. Emakumeak trena hartu zuenekoa (2012), Koldo Izagirre
3. Ene diarioak eta izkiriaturik aurkitu ditudanak (2012), Harkaitz Cano
4. Sumak Kawsay (2013), Mikel Antza
5. Poesia mailu eta fereka (2014), Lucien Etxezaharreta
6. Gizontzeko (andretzeko) garaia (2015), Iratxe Retolaza eta Danele Sarriugarte
7. Joxe Azurmendi 60ko poesiaren eraberritzean (2016), Alaitz Aizpuru
8. Hiri hori da hiri hau (2017), Lutxo Egia
9. Lurra sustraietatik orri, HEAk atondua (2018)
10. Olatu arteko txalupa arraroa (2022), Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia
11. Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena (2022), Miren Agur Meabe