Komikigintza

Bertan behera utzi dute Angulemako komiki jaialdiaren 2026ko edizioa

Egileek eta argitaletxeek boikotera deitu ondotik, antolatzaileek erabaki dute azokaren 35. aldia ez egitea. Enpresa antolatzaileari «gardentasun falta» eta «merkantilizazioa» egotzi diote.

Angulemako komiki jaialdia, artxiboko irudi batean. JAVIER ALBISU / EFE
Angulemako komiki jaialdia, artxiboko irudi batean. JAVIER ALBISU / EFE
edurne begiristain
2025eko abenduaren 1a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren urtean ez da egingo Angulemako (Frantzia) komiki jaialdia, antolatzaileek jakinarazi dutenez. 2026ko urtarrilaren 29tik otsailaren 1era egitekoa zen nazioarteko komiki topaketa ospetsua, baina 2007tik azokaren antolatzaile den 9e Art+ enpresak argitaletxeei eta bazkideei bidalitako gutun batean jakinarazi die «ezinezkoa» izango dela datorren urteko edizioa «baldintza egokietan» egitea, eta, hortaz, bertan behera utziko dutela.

Komiki sektoreak bultzatutako boikotak eragin du azokaren 35. aldia bertan behera uztea. Baina erabakia ez da ustekabean heldu. Izan ere, azken hilabeteotan ugaritu egin dira antolatzaileen kudeaketa ereduari buruzko kritikak, gardentasun faltaren eta lan harremanen inguruko salaketak tarteko. Hain justu, enpresari leporatu diote azoka «opakutasunez» kudeatzea eta edukiak «merkantilizatzea». Ez hori bakarrik: 2024an bortxaketa bat estaltzen saiatzea egotzi diote —izan ere, bortxaketa salatu zuen andrazkoa kaleratu egin zuen enpresak—.

Aurten, dozenaka egilek —tartean sari nagusietako irabazleek— jaialdiari boikota egitera deitu dute; haien ustez, azokak ez baitu bermatzen lan baldintza egokirik eta ez baitie erantzun azken urteetako gatazkak konpontzeko eskariei. Argitaletxe askok ere atzera egin dute azken asteotan, beren egileak babesteko eta antolatzaileen lan ildoarekiko desadostasuna agertzeko. Duela egun batzuk Frantziako argitaletxe nagusiek jakinarazi zuten ez zirela egongo datorren urteko azokan, «konfiantza instituzionala hautsi» delako eta enpresa antolatzailearekin «egitura krisi larria» dagoelako.

Hori guztia nahikoa ez, eta finantzaketa arazoak ditu jaialdiak. Bere diru iturriaren heren bat baino gehiago diru publikoa da, eta erakundeek argi esan dute kudeaketa hobetu behar dela finantzaketa handitzeko. Are, Frantziako Gobernuak eta tokiko erakundeek diru laguntzak murriztu egin dizkiote azokari, eta ataka estuan utzi haren geroa.

Angulemako komiki jaialdia munduko komiki topaketarik garrantzitsuenetakoa da, eta 1974az geroztik ez du ia etenik izan; pandemian ere jaialdia moldatu egin zuten, baina ez zen bertan behera geratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.