Ez da makala bertsolarien lana: saioa ikusteko sarrerak agortu egiten dira, eta entzuleek bertso historikoak aditu nahi dituzte. Eta horri guztiari erantzun egin behar zaio. Zama hori bizkar gainean dutela igo dira sei bertsolari Gernika-Lumoko (Bizkaia) Jai Alai pilotalekuko oholtzara, eta jendeari eskatutakoa eman diote bueltan: bertso saio txukun bat. Kosta zaio abiatzen eta lehertzen, baina utzi ditu, azkenerako, ale ederrak bidean. 713 puntu zakuratuta eta bertso ederrak onduta, Aitor Mendiluze Gonzalez gailendu da gaur Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako hirugarren finalaurrekoan, eta, hala, hurrengo faserako sailkatu da zuzenean: Donostian kantatuko du bi aste barru, finalaurrekoen bigarren bueltako aurreneko saioan. «Pena det, mina, poza/ lasaitasun latza/ horixe da bertsoa:/ sentitzean datza», halaxe agurtu du txapelketa, lau urteren ondotik.
Eta saioa altxa zedin eragin dute gainerako bortz bertsolariak ordena honetan sailkatu ditu epaile taldeak: berdinketa eginda, 707 punturekin, Aner Peritz Manterola eta Joanes Illarregi Marzol. 703,5 punturekin Ane Labaka Maioz, 694 punturekin Aitor Bizkarra Ruiz, eta 687 punturekin, seigarren, Agin Laburu Rezola. Joan den asteko saioan gertatu zen gisan, gaurkoan ere lau bertsolari sailkatu dira zazpiehun puntutik goiti, eta, gainera, estua izan da lehia: hamar punturen aldean sailkatu dira lehendabiziko laurak, eta lehenaren eta azkenaren artean 26 punturen aldea bertzerik ez da egon. Irabazlearen puntuazioa gainerako finalaurrekoetakoa baino apalagoa izan da, saio lantsua izan baita, eta, gainera, Mendiluzek bakarkako lanean poto bat egin baitu.
Igor Menika Bengoetxea izan da gidari, eta, deus baino lehen, bertsolariek egin beharreko bortz ariketak esplikatu ditu: hamasei bertso bakoitzak. Zortziko handian Labaka eta Mendiluze aritu dira finen, elkarrekin alokairuan bizi diren bikote baten azaletik. Etxearen jabeak funtsei saldu die etxea, eta hala egin du Mendiluzek lehen hitz jokoa: «Negozio bat bakarrik dela/ inork ez dezala uste/ etxea eman egin diete/ saldu gu saldu gaituzte». Labaka etorkizuna aurreikusten hasi da berehala: «Nahiz orain arte bizi izan geran/ lan xumeen indarrean/ gaur arte etxe txiki batean/ laister gela bakarrean». Eta etsipena gailendu da azkenean, Mendiluzeren ahotik: «Goazen gelara, jarri dezagun/ pankarta leiho ertzean/ ta deitu amari ia baduen/ gela bat libre etxean».
Zortziko txikian hagitz ongi aritu dira Illarregi eta Peritz, behar bezain umoretsu eta gaiari egokiro heltzen. 18 urteko nerabea izan da Illarregi, eta amona Peritz. Sare sozial batean jarraitzeko eskaera egin dio amonak ilobari, eta familia bazkarian aurpegiratu dio onartu ez izana. Jolasean hasi da Peritz: «Instragram egiteko/ hartu dut erronka/ bai, bi tik urdin zeuzkan/ konta, Joanes, konta/ zaharra izango naiz/ baina ez naiz tonta». Eta asmatu du ilobak nola xaxatu amona: «Bi tik urdin Whatsapp da/ ez hasi zu jaisten/ nun zabiltzan ere ja/ ez duzu bereizten». Segitu dute entzulea irriz jartzen: «Lotsa ematen dizugu/ zaharrok, jakina/ ziurrenik gazteek/ zaharroi adina». Itxi egin behar da elkarrizketa, eta bikain egin du hori Illarregik: «Sarerako ez dakit/ ze gogo daukazun/ beste amonek bezela/ irratia entzun».
Umoretsu jardun dira ariketa berean Mendiluze eta Bizkarra ere, udal talde bereko bi zinegotziren gorputzean. Bukatzear da agintaldia, eta ez dute programan hitzemandako guztia bete. «Ta orain moldatzeko/ beranduegi da/ lau urte konpontzeko/ lau urte behar dira», hasi da Mendiluze, eta umorez erantzun Bizkarrak: «Kalea oraindik ez da/ nahi bezain plurala/ eta jendea jartzen/ ari da zitala/ ño, eskerrak Gorroñok/ karisma daukala». Irtenbide baten alde egin du Mendiluzek, ofizioa ixteko: «Ta lehen egin gabea/ orain nola jardun/ depresioagatik/ baja har dezagun».
Puntuka aritzea izan da hurrengo lana, eta Mendiluze eta Illarregi aritu dira trebeen. Bikotekidea bilatzeko zita azkarren topagune batean egin dute topo, eta hamar minutu izan dituzte solaserako. Hemen bertsoaldiaren adibide bat, Illarregi hasita: «Hona etortzen gara/ kaleko kaxkarrak/ alperrik gastatuko/ al ditut indarrak/ nik alferrik ebaki/ ditut gaur bizarrak/ ze lan hamar minutu/ itxaron beharrak». Bi grafitigile izan dira Peritz eta Laburu, eta Labaka eta Bizkarra, pisukide bi, bart zikindutakoak jasotzen.
Istorio adina buru
Sei bertsolari, sei bakarkako gai, eta sei istorio. Laburu izan da kantatzen lehena, eta bere adineko neska baten argazki intimoak iritsi zaizkio telefonora. «Mutil talde bat bildu gera gaur/ erantzuna bateratu/ ez degu guk aukeratu/ baino ezin atzeratu/ nere barrua denei bezela/ egiten zait asaldatu/ mila lanketa eginagatik/ ez degu ezer aldatu».
Laneko arriskuen prebentzio teknikaria izan da Illarregi, eta bertze behin tokatu zaio enpresa batean arazo larriak aurkitzea. Gai hotz samarra egokitu zaio, baina ongi-ongi asmatu du hiru bertso eder josten eta entzulearenganaino heltzen. Gainera, iragan Nafarroako Bertsolari Txapelketan ateratako doinua erabili du, eta bertsoak luzitzeko balio izan dio nola doinuak hala kantaerak. «Inoiz ezer gertatzerik/ inork ez baitu espero/ nirekin oroitzen dira/ zerbait pasa eta gero», hasi zen lanean, eta eder-eder bukatu: «Kuadernoa eskuetan/ planta guztia igaro/ gero datoz ai enea/ damutzen dira zeharo/ baina nik esaten diet/ egotekotan oparo/ ezin dugula onartu/ heriotza bat gehiago/ honera ni nator baina/ zuen eskuetan dago».
Euskal Herriko Unibertsitateko ikaslearen azaletik kantatu du Labakak, «Xalbador berharagituz/ mintzatua zait odola/ ta hala erantzun diot/ irri egiten niola/ bada, ni frantsesa banaiz/ zu orduan espainola». Alegia, Ipar Euskal Herrikoa zela, eta berriz ari zitzaizkiola frantses deitzen. Eta horrela akabatu: «Ustez herri ikuskera/ horren zabala daukagu/ herri bat ta zazpiak bat/ hortxe ibiltzen gara gu/ ai, baina sarritan muga/ gorputzean daramagu».
Gai potoloa tokatu zaio Mendiluzeri: eskola jantoki batean egiten du lan, begirale, eta ume batek erran dio ez zuela platera bukatzeko asmorik, ez baitu gizendu nahi. «Orain dena da kezka/ gorputz eta pisu/ besteak bost axola/ bihurtu zaizkizu/ zuri hori buruan/ zeinek sartu dizu?». Eskua luzatu dio umeari, laguntza behar izanez gero abisatzeko, eta goxoki itxi du ipuina: «Berdin zaio zer ari/ zaizkizun esaten/ zuk ez zaiezu utzi/ agindu dezaten/ eta saiatu beti/ zarena izaten».
Kantatzen azkenak izan dira Peritz eta Bizkarra, eta haiek izan dira, hain segur, bakarkako lanik onenak osatu dituztenak. Harrera familia izateko izena emana du Peritzek, eta dei bat egin berri diote, haur bat harreran hartzeko. Poz adina beldur erakutsi du hasieratik: «Iritsi eta trantzean/ berari begiratzean/ negarrez dabil, bakarrik dago/ bi eskuetan hartzean/ zenbat min sartzen da haurtxo baten/ bi begitxoren atzean». Bertso hurbilak eta hunkigarriak sortu ditu, eta modu ederrean bukatu: «Ahaleginduko gara izaten/ zuk behar bezain bigunak/ ta familia gehitxo bazaizu/ izango gara lagunak».
Eta zesta-puntako jokalari ohiaren azaletik kantatu du Bizkarrak. AEBetara joan zen aspaldi, hango talde batean jokatzera, eta iritsi berri da Euskal Herrira. Ohi duen doinu zail eta polita erabili du: Izarren hautsa doinuaren moldekoa, hiru errima desberdin sartuta bertso bakoitzean. «Nik zesta-punta nuen maiteen/ ta hau hemen balitz nik ez nukeen/ Ameriketara txango/ egin beharrik izango», hasi da, eta esplikatu du gustura iragan dituela urte horiek denak atzerrian. Bukaerako puntua jarri dio bertsoaldiari: «Gaur Eusko Label da babeslea/ ia ez dirudi egitan/ halere hau dut oso gustuko/ baina inor ez da aberastuko/ ez pelotan ez fabrikan/ ez hemen ez Amerikan».
Aitzineko saioetan hala izan da, eta Gernika-Lumon ere berdin: hamarreko txikiak saioa indarrez bukatzen laguntzen du. Harakina eta bezeroa izan dira Labaka eta Peritz, eta azkena egunero joaten zitzaion dendara, janari prestatuaren bila. «Gisatu albondigak/ nahiz dauden doi-doiak/ ez dizkit ba eskatu/ berriz makarroiak», hasi da zirikan Labaka, eta bizkor erantzun Peritzek: «Jarriko ez bazenitu/ ez nituzke jango». Gisatua eramateko erregutu dio harakinak, eta proposamena luzatu bezeroak: «Zatoz ta afalduko/ dugu guk batera/ gonbidatzen zaitut zeuk/ egina jatera». Aktoreak izan dira Mendiluze eta Laburu, eta haur beraren gurasoak Illarregi eta Bizkarra.