Ikusgai dago Bertsolaritza: denboraren joanean irautea dokumentalaren bigarren atala: Genero disidentziak. Maider Arregi, Roxi Lazkano, Kristina Mardaras eta Jone Miren Hernandez dira solaskideak, eta hau da BERRIAk jarri dien gaia: «Normatiboa ez denak hartu du oholtza». Bakoitzak nahi izan duen doinuan eta neurrian ondu du egitekoa.
BERRIAko ikus-entzunezko lantaldeak bortz gai hartu ditu hizpide, eta, hala, gai horien gaineko bortz ataletan banatu du dokumentala. Bertsogintza kontzeptualizatzen atala izan zen aurrenekoa, gaurkoa bigarrena, eta hiru daude oraindik argitara atera gabe: Gaiak eta gai jartzaileak, Plazak eta Etorkizuna.
Hilaren 30ean argitaratuko da hirugarrena, eta haren gibeletik, asteazkenero, falta direnak. Beñat Gaztelumendi, Imanol Artola Felix eta Maite Berriozabal dira heldu den asteazkeneko protagonistak, eta gaien gaineko hausnarketak eginen dituzte nagusiki. Egunkariaren webgunean, Youtuben eta sare sozialetan publikatuko dira atal guziak, eta, behin azkenekora ailegatuta, oso-osorik izanen da dokumentala ikusgai, urriaren 14an.