Ikusgai dago Bertsolaritza: denboraren joanean irautea dokumentalaren hirugarren atala: Gaiak eta gai jartzaileak. Beñat Gaztelumendi, Maite Berriozabal eta Imanol Artola Felix dira solaskideak, eta horixe honako hau izanen dute mintzagai: gaia. Zilegi al da edozein rol hartzea? Zenbat kantatzen da gorputzetik? Zein dira gai jartzailearen lanak? Norberaren hausnarketarako tarte bat dakar gaurko atalak.
BERRIAko ikus-entzunezko lantaldeak bortz gai hartu ditu hizpide, eta, hala, gai horien gaineko bortz ataletan banatu du dokumentala. Irailaren 16an estreinatu zen lehen atala, Bertsogintza kontzeptualizatzen, eta joan den asteazkenenaz geroztik ikusgai da bigarrena ere: Genero disidentziak. Gaurkoarekin hiru dira argitara atera dituzten atalak, eta bi, berriz, oraindik itzalpean direnak: Plazak eta Etorkizuna.
Urriaren 7an estreinatuko da plazei buruzko tartea, eta lau lagun arituko dira, bakoitza bere kabuz, Euskal Herriko bertso plazen gaineko gogoetak egiten: Uxue Alberdi, Udane Mugerza, Elixabet Etxandi eta Unai Iturriaga. Bertsozale Elkarteko sustapen eragilea da Mugerza, eta gainerako hirurak bertsolariak dira. Egunkariaren webgunean, Youtuben eta sare sozialetan publikatuko dira atal guziak, eta, behin azkenekora ailegatuta, oso-osorik izanen da dokumentala ikusgai, urriaren 14an.