Elkar sarien aitortza jaso dute Bertsozale Elkarteak eta Lotura Films ekoiztetxeak. Bertsolaritzaren transmisioan eta zabalkundean egindako lanagatik, Ibilbideari Elkar saria eman diote elkarteari. Proiektuari Elkar sariak, berriz, egitasmo bat laguntzea izaten du helburu, eta ekoiztetxeak jaso du bultzada hori, Lur eta Amets filmaren eta telesailaren ildotik beste egitasmo bat lantzeko. Sarituen izenak goizean jakinarazi Joxe Mari Sors Elkar fundazioko lehendakariak, Bertsozale Elkarteko Beñat Gaztelumendi eta Lotura Films-eko Miren Berasategi alboan zituela, eta arratsaldean egingo dute sariak emateko ekitaldia, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkean.
Sorsek gogora ekarri duenez, Elkar fundazioak 1996. urtean jarri zuen abian Joseba Jaka beka, eta 2006. urtera bitarte eman izan zuen. Urte batzuetako hutsunearen ondotik, 2016an berrabiarazi zuen sariak emateko egitasmoa, baina berritasunekin. Hala, ordutik, Ibilbideari Elkar saria ematen du urtero, kultur arloari eginiko ekarpena aitortzen duena; eta bi urtetik behin —Joseba Jaka beka ematen ez den urteetan, hain justu—, berriz, Proiektuari Elkar saria, egitasmo jakin bat laguntzen duena. Biak banatu ditu aurten.
Bertsozale Elkarteak urteetan egindako ekarpena «agerikoa» dela adierazi du Sorsek, eta bertsolaritzari «lekua eta ikusgarritasuna» ematea lortu duela azpimarratu. «Bertsoa gaur egungo euskal gizartean eta euskaldunen artean ezaguna eta jarraitua den kultur adierazpen bat da, eta hori urte luzeetan ondo egindako lanaren emaitza izan da». Bi ardatzen bueltan egin du ekarpen hori elkarteak, haren hitzetan. Batetik, transmisioari dagokionez, «hezkuntzan txertatzeko bidea egin du, haurrengana hurbilduz bertsoa, eta herriz herriko bertso eskolen bitartez ere bai». Zabalkundeari begira, berriz, «hedabideetan lekua eginez eta txapelketen bidez lortu du ikusgarritasuna ematea». Horrekin guztiarekin, eta urtero antolatzen diren ehunka bertso saioekin, «bertsolaritza modernizatuz» joan da haren ustez. «XXI. mendean bertsoa ez da zaharkitutako zerbait, oso garaikoa baizik. Prestigioa eman zaio bertsolaritzari eta euskal kulturari». Zeregin horretan, elkarteak beti talde lanean egin duela bidea goraipatu du, eta hainbat kultur azpiegitura sustatu dituela ere bai, tartean, Xenpelar dokumentazio zentroa, Lanku eta Mintzola. «Bertsozale Elkartearen ibilbidea eta haren emaitzak txalotzekoak dira. Euskal kulturarentzat eredu izan dira, eta dira».
Esker oneko agertu da Beñat Gaztelumendi, eta elkartetik harago zabaldu du sariaren aitortza. «Zorionez, bertsolaritzaren mugimendua Bertsozale Elkartea baino dezente zabalagoa eta askotarikoagoa da, eta uste dugu sari hau mugimendu horrek guztiak merezi duela». Elkartea sortu zenean orain bertako kide diren hainbat lagun artean jaio gabe zirela aipatu du, bere ustez datu horrek ondo islatzen baitu elkartearen izaera: «Bertsozale Elkartearen ibilbidea, zerbait izatekotan, belaunaldi arteko truke baten istorio eder bat da». Bide horretan, elkartea sortu zutenekin eta urteotan lanean aritu direnekin «zordun» sentitzen direla esan du, egungo kideentzat «bizitzako eskola bat» ere badelako.
COVID-19a dela eta, bertsolaritzarentzat urte oso berezia izan dela ere esan du Gaztelumendik, iaz 700 saio inguru galdu zirela gogora ekarrita. Baina beste analisi bat ere egin du: «Pandemiak pandemia eta neurriak neurri, bertsolaritzak aurrera egin du. Herriz herri bertso saioak antolatzen jarraitu da; bai online, bai zuzenean, plazan, formatuak egokituz...; bertso eskoletan biltzen jarraitu du jendeak; eta eragiten jarraitu du jendeak». Lan horretan aritu diren guztiei eskerrak eman dizkie, eta «kultura bizigarria» dela aldarrikatu du. «Alde horretatik, guk lanean jarraitzeko konpromisoari, grinari eta motibazioari eusten diegu, eta espero dugu belaunaldi berriek ere, bai elkartean eta bai bertsolaritzan, aurkituko dutela bertsoari eragiteko leku bat, eta baita bertsotik zerbait zabalagoari eragiteko leku bat ere».
Abentura berriak lantzeko
Iazko otsailean estreinatu zen Lur eta Amets animaziozko filma zinema aretoetan, eta ondoren heldu zen bi pertsonaiak oinarri zituen haurrentzako telebista saioa ere. «Lotura Films gidari izanda, Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak eta Elkarrek berak elkarlanean garatutako proiektu bat izan zen, Euskal Herriko beste hainbat eragileren laguntzarekin», gogorarazi du Sorsek, eta bai filmak eta bai telebista saioak izan zuten harrera ona ikusita, jarraipena ematearen alde mintzatu da. «Ona litzateke haurrei begira gure herrian eta kulturan oinarritutako film eta telebista saio gehiago egitea hurrengo urteetan». Hala, eta ekoiztetxeak horretarako «nahikoa eskarmentu» baduela iritzita, ildo bereko proiektu berri bat garatzeko bultzada gisa eman diote saria Lotura Films-i, 10.000 euroko laguntza dakarrena. Sors: «Gure itxaropena da urte batzuk barru orain abiatuko denaren emaitza zineman ikustea».
Esker oneko agertu da Miren Berasategi ere, eta proiektuaren hastapenak ekarri ditu gogora. Izan ere, 2015ean abian jarritakoa «modu zabal batean» pentsatutako egitasmo bat izan zela azaldu du, Lur eta Amets pertsonaiak ardatz hartuta hainbat bide jorratu zituena. «Momentu horretan, hutsune bat zegoen ikus-entzunezkoetan, ez baitzegoen oraindik Euskal Herriaren historia kontatuko zuen proiekturik». Hutsune hori bete nahian ekin zioten filma eta telesaila ekoizteari, beste eragile batzuekin elkarlanean, eta helburu jakin batekin: «Hezkuntza eta entretenimendua uztartuz, gure herriko haur eta gazteek Euskal Herriko historia modu dibertigarri batean ezagutzea».
Ordutik hona eraikitako mundu hori lantzen eta zabaltzen jarraitu nahi dute orain, elkarlanaren bidetik betiere, eta historiaz gain, kultura, osasuna, kirola, geografia eta beste hainbat gai lantzeko aukera ere izan daitekeela adierazi du Berasategik. «Lurrek eta Ametsek gai eta arlo ezberdinetan abentura paregabeak bizitzeko aukera ematen digute, eta hori da egin nahi duguna».