'Beste bat!' zirkuituak zuzeneko arteetako 250 emanaldi bilduko ditu

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 41 agertokitan izango dira musika, dantza, antzerki eta zirku saioak, otsail arte. Musika Bulegoak jarri du martxan egitasmoa, antzokien sarearekin elkarlanean eta Jaurlaritzak lagunduta

Zirkuituaren sustatzaileak, atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Abian da Beste bat! zuzeneko arteen zirkuitua. Heldu den urteko otsailaren amaierara bitarte, 250 musika, antzerki, dantza eta zirku emanaldi hartuko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 31 antzokik eta hamar aretok. Horietatik %70 baino gehiago izango dira euskaraz. Zuzeneko arteen sektorea osatzen duten eragileen «kate osoa» bultzatzea eta kultur eszena «aktibatzea» du xede egitasmoak, sustatzaileek azaldu dutenez. Musika Bulegoak jarri du martxan, Euskadiko Antzokien Sarearekin elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu du.

«Kultur eszena aktibatzera dator zirkuitu hau, eta, horrekin batera, eragileen kate osoa, zeinak uste baino gehiago diren», adierazi du Aitor Bengoetxea Musika Bulegoko lehendakariak. Emanaldi bakoitzaren atzean sortzaileak, teknikariak, programatzaileak, aretoak... eragile asko daudela gogorarazi du, eta guztiak aintzat hartu dituztela zehaztu.

Musikak du presentzia handiena egitarauan; hamar emanalditik zortzi kontzertuak izango dira. Ibilbide luzea duten musikariak nahiz lehen urratsak egiten ari direnak ariko dira horietan, tartean Ruper Ordorika, Izaro, Belako, Oreka TX, Huntza, Eñaut Elorrieta, Gari, Sua, Bulego, Zetak, Hakima Flissi, Anestesia, Maren, Joseba Tapia, Sara Zozaia, Esne Beltza, Alos Quartet, Liher, eta Niña Coyote eta Chico Tornado. Antzerkian ere askotariko eskaintza ageri da programazioan: Tanttaka, Tartean, Markeliñe, Vaiven eta beste hainbat konpainiak erakutsiko dituzte beren lanak zirkuituan, baita Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ere. Dantzari dagokionez, Ertza, Kukai, Dantzaz eta beste hainbatek taularatuko dituzte beren proposamenak. Eta izango da zirku eta magia ikuskizunik ere; besteak beste, The Funest Troup eta Oliver magoaren eskutik. Programazio osoa egitasmoaren webgunean dago ikusgai.

Laguntzak eta elkarlana

Pandemiak zuzeneko kultur ekitaldi ugariri eta haien atzean dauden profesionalei eragin diela gogorarazi du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Orain arte instituzioetatik sektoreari begira martxan jarritako laguntzak «iritsi diren tokiraino» iritsi direla eta gaur egungo egoerak «laguntza berriak» eskatzen dituela iritzi dio. Hala, azaldu du sektoreko enpresa txiki eta ertainak laguntzeko martxan jarri zen bi milioi euroko funtsetik laurdena bideratu dela eskaeretara, eta eman gabe geratu den gainerako dirua baliatuko dutela zirkuitua laguntzeko —baita joan den astean Durangoko Azokak aurkeztutako Zu non, han DA! egitasmorako ere, zeinak zortzi udalerritara eramango dituen 32 talderen kontzertuak—. Ekitaldi guztietan segurtasun neurriak beteko direla gehitu du. Era berean, zirkuituarekin ahalik eta leku gehienetara iristen saiatu direla adierazi du sailburuak, asmoa ez baita jendea batetik bestera mugiaraztea.

Zirkuituan parte hartuz zuzenekoak eta kultura segurua sustatzean duten konpromisoa berretsi nahi izan dutela nabarmendu du antzokien sareko ordezkari Joxean Cuberok. Azaldu duenez, sareko antzokien erdiek baino gehiagok parte hartuko dute egitasmoan, eta lau emanalditik hiru hartuko dituzte orotara.

Zirkuitua antolatzeko sektoreko eragileen artean izan den elkarlana eskertu du Bengoetxeak, baita Get In kontzertu sustatzaileko ordezkari Amaia Ispizuak eta Dantzaz konpainiako zuzendari Fernando Sainz de Ugartek ere.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.beste-bat.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.