Zinema. Estreinaldiak

Beste film batzuk

2013ko uztailaren 3a
00:00
Entzun

'Frances Ha'

Zuzendaria: Noah Baumbach. Aktoreak: Greta Gerwig, Mickey Sumner, Adam Driver, Michael Esper, Grace Gummer, Charlotte d'Amboise, Michael Zegen. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 86 minutu.

AEBetako zinema independentearen barruan, filmografia sendoa ari da egiten Noah Baumbach gidoilari eta zuzendaria. Egin dituen filmen artean orain arte 2005eko The Squid and the Whale-k lortu du oihartzunik handien, baina Frances Ha hau bere benetako konfirmazioa izaten ahal da. Francesek dantzaria izan nahi du New Yorkeko konpainia batean. Jakin badaki bere adina —27 urte ditu— arazoa dela, baina bere ametsa betetzeko ahalegina egin nahi du. Sophie lagunarekin bizi da, eta bizitzari alaitasunez eta kezka handirik gabe begiratzen diote biek.

'Violeta se fue a los cielos'

Zuzendaria: Andres Wood. Aktoreak: Francisca Gavilan, Cristian Quevedo, Patricio Ossa, Thomas Durand, Luis Machin, Vanesa Gonzalez. Herrialdea: Txile. Urtea: 2011. Iraupena: 110 minutu.

Film honek aurtengo Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia itxi zuen, eta oso harrera ona izan zuen bertan. Violeta Parra musikari txiletarraren inguruko biografia da filma: haren sekretu, beldur, frustrazio eta pozen berri eman nahi du pelikulak. Horretarako, haren lan musikal anitzez gain, Parraren oroitzapenak, itxaropenak, maitaleak eta lorpenak ekarriko ditu Andres Wooden film honek. Zuzendari honek ibilbide luzea du baina gurean nahiko ezezaguna dena. Haren aurreko filma Espainiako Goya sari bat jaso zuen La buena vida pelikula izan zen.

'Midnight's Children'

Zuzendaria: Deepa Mehta. Aktoreak: Satya Bhabha, Shahana Goswami, Rajat Kapoor, Seema Biswas, Shriya Saran, Siddharth, Ronit Roy, Rahul Bose. Herrialdea: Kanada. Urtea: 2012. Iraupena: 148 min.

Bollywooden eta Hollywooden arteko nahasketa bereziak dira Deepa Mehta zuzendari indiarraren filmak. Oraingoan, Salman Rushdie idazlearen liburu baten moldaketa batekin dator, eta Rushdiek berak idatzi du Midnight's Children-en gidoia. 1947. urtean Indiak independentzia eskuratu zuen egunean, Saleem eta Shivak Mumbaiko ospitale berean jaio ziren. Ohartu gabe, norbaitek sehaskak aldatu zituen, eta horrela biei jaiotzez zegozkien rolak betiko aldatu ziren. Bakoitzari bere aldetik Indiako istorio garaikidean parte hartzea egokituko zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.