'Flight'
Zuzendaria: Robert Zemeckis. Aktoreak: Denzel Washington, Kelly Reilly, John Goodman, Don Cheadle, Bruce Greenwood, James Badge Dale, Melissa Leo. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 138 minutu.Steven Spielbergen altzoan egin du bere ibilbide artistikoaren zati handi bat Robert Zemeckisek, besteak beste, Back to the Future saila edo Forrest Gump zuzenduz. Ordenagailuek sortutako irudien gainean esperimentatu ostean, hegazkin baten gaineko dramari heldu dio orain. Whip Whitaker heroi nazional bihurtuko da larrialdiko lurreratze arriskutsu bat arrakastaz egin ostean. Baina ikerketan egiaztatuko da hegazkin pilotua alkoholaren menpe gidatzen ari zela. Rol horrengatik, Oscar sarietarako gizonezko aktore onenaren hautagaia da Denzel Washington.
'Quartet'
Zuzendaria: Dustin Hoffman. Aktoreak: Maggie Smith, Tom Courtenay, Billy Connolly, Pauline Collins, Michael Gambon, Sheridan Smith. Herrialdea: Britainia Handia. Urtea: 2012. Iraupena: 95 minutu.Dustin Hoffman aktore ospetsuak zuzendari lanetan egin duen aurreneko filma da honako hau. Iazko Donostiako Zinemaldiko sail ofizialaren itxierako filma izan zen, eta Ronald Harwooden antzezlan bat du oinarri. Musikari erretiratuentzako etxe batean dago girotuta istorioa. Han, urtero, Giuseppe Verdiren omenezko gala bat antolatzeko ohitura dute. Baina opera abeslari berri bat ailegatuko da erretiro etxera, eta horrek dezente ozpinduko du giroa, hura iritsi dela-eta aspaldiko trapu zikinak aireratzen hasiko baitira batzuk eta besteak.
'Coriolanus'
Zuzendaria: Ralph Fiennes. Aktoreak: Gerard Butler, Ralph Fiennes, Vanessa Redgrave, Brian Cox, Eddie Marsan, Jessica Chastain. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 122 minutu.Ralph Fiennes aktoreak William Shakespeareren Coriolanus antzezlana eman zuen Londresen 2000. urtean. Botere gosearen eta ustelkeriaren gaineko istorioa gaur-gaurko gai bat zela jabetuta, antzezlana zinema aretoetara eramatea erabaki zuen. Antzezlan klasikoari ikuspuntu garaikide eta gordina ematen saiatu da aktorea, zuzendari lanetan egin duen lehenengo pelikulan. Erroma klasikoan dago girotuta istorioa. Cayo Marcio buruzagi militarra heroi bihurtuta itzuliko da etxera. Boterea eskuratuko du, baina herritarrak nazkatu egingo dira gobernatzeko duen erarekin eta erbesteratzera behartuko dute.