Literatura

Beste Peru bat gogoan

Ikusi zuena erretratatuz egin zen idazle. Ikusten ez zuena nahi zuen baina. Helburu zuena bete ez zelako, Peru ez delako odol guztietarakoa, Jose Maria Arguedas lider politiko modura baino gehiago idazle handien modura ohoratu dute asteon, jaioterrian, haren jaiotzaren mendeurrena ospatu denean. Baina bere herriarentzat amets bat zuen.

Jon Benito.
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Merkatuaren arrakasta handiena, editorearen lausengua, saririk garestiena edota gaurko egunetan literatura neurtzeko eta zenbatzeko eta balioa kentzeko erabiltzen den edonolako ezaugarriz harago, jendearen ezberdintasuna eta aniztasuna ezagutzera ematearen garrantzia zuen gogoan Arguedasek idazteko orduan: ezberdinen arteko ezagutza eta elkar ulertzea, kultura menostu baten zaintza, ikerketa, harrotasuna.

Andahuaylasen jaio zen, Perun, 1918ko urtarrilaren 18an. Leku bat zen Andeak mendikatearen hegoaldera, eta bera, jendea, familiako seme-alabetan bigarrena zen: menditarraren poza zoritxarreko familiarekin gurutzatu ziren beragan. Gazi-gozo hartan biziko zen, goian zenean zerua ukitzen, lur hartzen zuenean harea jateko.

Idaztearen harrarekin bizi arren, idazlea baino gehiago zen: antropologo, etnologo, irakasle, folklorista... Idaztea gainerako guztiaren osagarria zen. Dena zen, nolabait, iragan batekin, izaera batekin, nortasun batekin harmonian bizitzeko ahalegin bat. Kultura bat, hizkuntza eta tradizio bat ez ezik, bizitzeko modu bat zela, bizimoduaren arau, balio eta komunikazioa beste modu batera antolatzea zela konprenitu zuen. Baina ez besteak bezala erudizio edo liburuetan topatu eta espekulazio teorikoekin birformulatu zuelako, esperientzian hala jakin zuelako baizik.

Lekua aurkitzen

Ikasiak adina bizitakoak markatzen duenez, norbere erabakiek adina du patuak izateaz eta bertuteaz ari garenean. Aita bake epaile zuen XX. mendearen bigarren hamarkadako urte haietan, eta jaioterritik aldendu eta mendialdeko beste herri batera aldatu ziren. Han, berea ez zen beste kultura bateko, kultura tradizional bateko familietan bizi izan zelarik, jakin zuen kulturak izaeran duen garrantzia. Gaztaroan, eskolara joan zenean eta handik San Marcosko unibertsitatera mugitu zenean, galdu ezin zena berreskuratzeko lanak zorroztu zion gogoa.

Baina kultura ez galtzeko, liburuak bakarrik ez zirela nahikoa konturatu zen; mundua, errotik ezin bazen, zeharka aldatu behar zela. Horrela hasi zen lehenik Peruko Alderdi Komunistan. Gero, burgesia vs indigenismoa eztabaidaren ostean, Grupo Rojo Vanguardian aritu zen, 1937an, Benavides mariskala agintean zela. Mussolinik bidalita, Peruko polizia instruitzera joandako Camarotta jeneralaren aurkako protestetan ibili zen, eta han, atxilotu eta El Sextoko presondegira eraman zuten, zortzi hilabetez preso izateko. Jazarpen hartan, taigabe tratu txarrak jaso ondoren, ikasle izaera gainditzen zuen Jose Maria Arguedas jaio zen. Kartzelan gertatutakotik abiatuz, El Sexto izeneko lana idatzi zuen, 1961ean, zeina garai bateko gazteentzat erreferentziazko obra bilakatu zen.

Nongoa zara?

Kulturak hautu kontzienteen batasunetik adina duela emandakotik, zoritik, jasotatakotik, erabaki gabetik: Arguedasek haur zelarik aitarekin egindako bidaia kontatzen zuen. Beste herri batera, beste norabait, ia atzerrira zihoala iruditu zitzaion bidaia hartan. Jende ezberdin batekin biziko zen aurrerantzean, beste modu batera, munduaren beste ertz batean balego bezala. Ezin moldatu baten kronika da Arguedasen haurtzaroa: amaorde eta anaiordearekin izandako xextrak, berea zena galdu izanaren sentipena piztu eta bestea bezala bera zer zen aurkitu zuen garaia izan zen.

Berea zenak ezin bazion eman eta ordekoek ez bazioten eman nahi, etxetik kanpora aurkitu eta ase behar zuen gozotasuna, aterpea, etxea deitzen duten eraikina eta nonbaiteko izateko behar primitiboa. 1921ean etxetik alde egin eta osabarena zuen etxera aldatu zen, eta bertako nekazariekin adiskidantza egin eta jende berri bat eta, haiekin, izaera berri bat deskubritu zuen. Jende hura menditarra, nekazaria zen, kitxua indigenak. Norbera ez baita izatea nahi dutena, norberak izan nahi duena baizik; bihotzaren handiena jende harekin geratu zitzaion.

Etxea deitzen zaionaren bila aritu zen bezala aritu zen zeregin baten bila. Zeregin hura irakurtzea zen, ikastea, jasotzea eta oroitzea. Baina haren ifrentzua ere bai: idaztea, fikzioz edo ikerketarako, bilatzeko, esateko, gogoratzeko. Horrela, 1933an Warma Kuyay ipuina idatzi zuen. Gero, Ura (Agua), haren lehen ipuin bilduma. 1936an Augusto Tamayo Vargas, Alberto Tauro eta beste batzuekin Palabras aldizkaria sortu zuen. Hasiera besterik ez zen. Euskaraz irakur daiteke haren ipuinik, Jose Manuel Bujandak zenbait itzuli baitzituen Pongoren ametsa liburuan (1991.)

Idatziz, letrari letra erantsiz, errealitatea bistaratu nahi zuen. Peru ilun bat, ikusten zuenaren neurrikoa, protagonistatzat baztertuak, ahaztuak, marjinatuakzituena papereratu zuen. Kritikariek herrialdearen irudi ilunegia helaraztea leporatzen zioten; haren hitzetan urrun zen errealismo magiko guztia. Indigenen lagunegia izatea eta horregatik «atzera itzuli nahia» aurpegiratzen zioten. Vargas Llosa aberrikideakArguedasena «utopia arkaikotzat» jo zuen.

Peru helburu

Baina ez kritikariek, ez Vargas Llosak hartu zioten antzik Arguedasen helburuari. Ez inken garaira itzultzeko asmorik, ez Peru kolonialaren saudade edo penarik zuen. Peru integral, oso baten aldarria zen harena, tradizioak jasoz etorkizunera begiratuko zuen herrialde bat zuen gogoan. Kontzientzia nazional bat sortu nahi zuen, Peruren iruditeria berri bat, asmo politiko gauzagarri bat.

Todas las sangres liburuan ikusten da hori ondoen. Pertsonaiek mezu bat eman nahi dutela dirudi: Peru eraiki zitekeela/ daitekeela kolonialaren saudade-tik aldenduta, gizajendearen neurrietatik, haien izatea aberastasun gisara ikusita. Ezberdinaren topaleku eta antolamendu izan zitekeela Peru. Hori zuen gogoan.

Mezu hori ote da egungo presidente Alan Garciari gustatu ez zaiona? Irakurle eta herritarrek urtarrilaren 18an Arguedasen jaiotzaren mendeurrena ospatu zuten, baina presidenteak uko egin zion Arguedasen omenezko ekitaldietan parte hartzeari. Peruko hainbat herri erakunde kulturaletatik, gainera, aurtengo urtea Jose Maria Arguedasen urtea izendatzeko eskatu zioten, eta presidenteak nahiago izan zuen Machu Pichuren urtea izendatu, Arguedasen kasuan bezala, aurten betetzen baitira ehun urte, hiriaren hondakinak birdeskubritu zituztela.

Erroen bila

Horixe zen, erroak bilatzea, Arguedasen egitekoa bizian. Lehendabizi gurasotzat nahi zituenena, gero kulturarena, gero Peru berria izan zitekeenaren sustraiena. Bila eman zuen bere bizitzaren osoa, batzuetan aurkitu zuen eta bestetan sortu; baina hutsuneak eta porrotak ere sufritu zituen. Handik eratorriko da, ziurrenik, haren irudiari lotuta agertzen den gora eta behera galtzeko joera hori: alde batetik, menditarraren alaitasuna zen berea; bestetik, Peruren errealitatea bere egiten zuen putzu iluna bizi zuen.

Bizitzan izandako zenbait porrotek azken alderdi horretara eraman zuten Arguedas, eta 1966an lehen aldiz saiatu zen bere burua hiltzen. 1969an, Nekazarien Unibertsitako komunetan itxi eta tiro egin zion bere buruari (Larresorok Zeruko Argia-n haren hiletaren inguruan kronika zoragarria idatzi zuen). Zenbaitek Arguedasen bizia Peruren historiarekin parekatu dute: amets baten porrota izan ote dira nola Arguedas hala Peru?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.