Musikaria

Rafael Anton Irisarri: «Beste zernahi aktibitatetarako hondoko zarata bihurtu dugu musika»

Ambient musikaren eta elektronikaren bidez «gogoetatzeko espazioak» zabaltzea da Irisarriren proiektuaren muina. Puerto Ricon du sorterria, New York du bizitoki, baina erroak Lizarrerrian ditu. Gaur, Iruñeko Laban aurkeztuko du album berria.

Rafael Anton Irisarri musikaria, iragan astean, Iruñeko Gazteluko plazan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Rafael Anton Irisarri musikaria, iragan astean, Iruñeko Gazteluko plazan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2026ko otsailaren 1a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaraz aritzeko dauzkan mugengatik barkamena eskatuaz bezala baina euskara hutsean egin du ohartarazpena Rafael Anton Irisarri musikariak kazetaria parean ikusi orduko: «Egun on, euskaraz gutxi hitz egiten dut». Segidan esplikatu du, gaztelaniaz, nahi lukeela euskaradun izan, baina «deus gutxi» dakiela bere kasara estudiatu dituen eta Euskal Herrira egindako bisita apurretan ikasi dituen esamoldeez gainera. Saiatzen da, halere. «Nola ez, ba: hemen ditut sustraiak!», zehaztu du, haren abizenak agerian uzten duen lotura baieztatzeko moduan. Puerto Ricon jaioa da Irisarri, San Juanen, eta New Yorken bizi da aspaldi (AEB), baina aukera duen aldiro ekartzen du gogora aitona-amonak Lizarra ingurukoak zituela (Nafarroa). Neurri handi batean, dioenez, horregatik da berezia gaur arratsaldean Iruñeko Laba aretoan egingo duen emanaldia. Horregatik, eta lan argitaragabe batzuk erakutsiko dituelako jendaurrean, eta, bestela ere, haren hitzetan, emanaldiok «eskultura efimero batzuen modukoak» direlako beti: hasi eta buka egiten direlako, eta inoiz ez direlako berdinak. 

Points Of Inaccesiblity (Iritsi ezinezko poloak) izenburua jarri dio Irisarrik azken albumari. Otsailaren 6an aterako da argitara osoki, eta hura aurkezteko kontzertu biran, Donostian ere eginen du geldialdia udaberrian: maiatzaren 14an Dabadaba aretoan ariko da. 

Ilusio berezia sentitzen duzu «etxean» arituko zarelako.

Bai, aski handia. Gainera, ni areto edo auditorium handiagoetan lan egitera ohitua nago, baina, kasu honetan, bereziki nahi nuen euskal kultura eta euskarazko jarduera eta emanaldiak antolatzen dituen halako espazio batean aritu. Lehenbiziko aldia da Nafarroan lan bat aurkezten dudana, eta horrelako toki batean behar zuen derrigor; nire DNAri keinu egiteko modu bat ere bada, nolabait.

Primizia moduko bat izanen da, datorren ostiralean plazaratuko baituzu diskoa osoki. Erabakiak zuzeneko emanaldiei balioa aitortu nahiarekin du ikustekoa?

Zuzenekoak esperientzia komunalak dira, eta, bizi dugun garaian, uste dut ezin bereziagoa dela tarte batez esertzea eta arreta soilik musikan eta ez beste deusetan jartzea. Izan ere, gaur egun, beste zernahi aktibitatetarako hondoko zarata bihurtu dugu musika. Eta dena pasatzen zaigu hain laster begien aurretik, hain desenfokatua guztia. Algoritmo batek agindu bezala gabiltza saltoka-saltoka, bestela bezala, hamabost segundoko eduki batetik bestera. Segi eta segi.

Izatez, halakoetan, oroimenak nekez gordetzen ditu arestian ikusi edo entzundakoak ere.

Hori ba. Abiada frenetiko horrek amnesia moduko bat eragiten digu, eta buruak ezin izaten du deus ere gorde.

«Zuzenekoak esperientzia komunalak dira, eta, bizi dugun garaian, uste dut ezin bereziagoa dela tarte batez esertzea eta arreta soilik musikan eta ez beste deusetan jartzea»

Zuzeneko emanaldiak ez ezik, zeure obra osoa ere ez ote den joera horren kontrapisu bat.

Neurri handi batean, hori du ambient musikak, nik uste. Estimatzeko, beharrezkoa da desazeleratzea eta entzuketari denbora bat eskaintzea. Hori da diskoaren premisa; hori, eta nabarmentzea inoiz baino bakartuago gaudela elkarrengandik, nor bere burbuilan. Hurkoarekiko enpatia sentitzea bera ere oso zaila da horrela. Deskonexioa da nagusi. Eta horregatik albumaren izenburua: Points Of Inaccesiblity [Iritsi ezinezko poloak].

Jacob Schilp artista bisualarekin izandako zorizko enkontru batek jarri zuen hazia albuma sortzen hasteko. Nola?

Mexiko Hiriko Mutek musika elektronikoaren jaialdian egin genuen topo, 2024an. Berehala, bizitza modernoari buruzko hainbat kontzeptu ekarri genituen solasera, eta haren Utrechteko [Herbehereak] estudiora gonbidatu ninduen. Ez zidan aurretik kontatu, eta hara iritsitakoan jakin nuen estudioa iraganean kartzela psikiatriko izandako eraikin batean zegoela. Pentsa: zientoka ate, gela barrenetan direnei behatzeko leiho modukoak nonahi... oso energia berezia zeukan tokiak. Ezinbestean, giro horrek guztiz harrapatua ninduela ekin genion lanari.

Zer musika klase sortu zenuen hasieran?

Haren irudiek eta nire soinuak elkar elikatzea zen ariketaren funtsa. Schilpek software berezi batekin egiten du lan: inguruan dituen soinuak irudi bihurtzen ditu, eta Rorschach irudien antzeko forma hartzen dute. Ez nuen horrela aurreikusia, baina horrek soinu dilatatuago batzuk sortzera bultzatu ninduen, irudiak ez zitezen hautsi. Baldintzapen horrek eginarazi zidan soinua eta espazioak berak ekarritako erreberberazio irregularra izan ziren lan honen abiapuntua, gero New Yorkeko nire estudioan landuko nuena.

Aurreko albumetarako ere hori izan duzu lan egiteko bideetako bat: han-hemenka soinuak grabatzea, gero editatzeko.

Partez bai. Iruñean, adibidez, katedralean organoa jotzen ari zireneko audioak hartu ditut, noizbait erabiltzeko; iaz Valentzian izan nintzen, eta nire hoteleko leihotik danborrada moduko baten soinua jaso nuen, hiriaren beraren erreberberazioaren eraginez drone baten soinuarekin nahasgarria izan daitekeena. Musikaltasuna sumatzen dut horietan guztietan.

«Ez dut intentzio narratiborik. Interesatzen zaidana da modu naturalean gertatzen diren soinuak erabiltzea, horiek transformatzea, eta errealitatean existitzen ez diren espazio eta ñabardurak sortzea»

Toki eta une jakin batean gertatzen direnak grabaketen bidez desplazatzea eta entzunaldian identifikagarri gerta daitezela interesatzen zaizu, edo ariketak bestelako bokazio bat izaten du gero?

Ez dut intentzio narratiborik. Interesatzen zaidana da modu naturalean gertatzen diren soinuak erabiltzea, horiek transformatzea, eta errealitatean existitzen ez diren espazio eta ñabardurak sortzea. Surrealismo pixka bat du honek guztiak, edo, bestela, literatura latinoamerikarrari keinu eginez, errealismo magiko pixka bat.

Eta, halakoak sortzeko, teknologia duzu bide.

Hori, eta bidaiatzeko pribilegioa.

New Yorkeko Black Knoll zeure estudioan egin ohi duzu edizio lana; zeure azken albumerako ere bai. Zer lanketa egiten duzu orduan?

Points Of Inaccesiblity-rako, neukan material guztia aditu, eta garatzeko modukoak iruditzen zitzaizkidan 15-16 ideia jaso nituen buruan; ez gehiago. Autokritika ezinbestekoa da honetarako. Nik badakit egiten ditudan gauza gehienak kaka zaharra direla, eta inolako erreparorik gabe botatzen ditut zaborretara. 

Isiltasunek indar handia dute zure kantuetan.

Nire kantuetan isiltasuna da inportanteena.

Zergatik?

Esaten ez duzuna esaten duzuna baino inportanteagoa delako beti. Eta, musikan, pausek komedian bezala funtzionatzen dutelako.

Isiluneek arnasa dakartelako? Isiluneek zabaltzen dutelako soinuen eragin ahalmena, hain justu?

Isiltasunak ematen diolako enfasia gainerakoari. Publikoak, erreakzionatzeko, beharrezkoa duelako espazio huts bat inguruan.

Bestela ere lortzen duzu halakorik: sentipena da soinu batzuk urrun balira bezala aditu daitezen saiatzen zarela, eta irudipena da hedatzen ari den paisaia bat zabiltzala irudikatzen.

Ahalegintzen naiz soinu sinple bat zabaldu dadin, eta arku moduko bat osatu dezan: apurka, sar daitezen soinu gehiago, edo melodia bat, eta, batzuetan, ondotik melodia hori desager dadin, eta, akaso, datorrela bueltan.

Diskoa lau pieza luzetan banatua dago, «lau mugimendutan». Gaur egungo musika industriaren logikarekin talka egiten du horrek, nabarmen.

Musika klasikoaren moldeak izan ditut eredu horretarako. Diferenteak dira, baina, ordenan aditu, eta sentsazioa duzu obra oso bat dela. Nik horrela ikusten diot zentzua lanari, eta horrela entzutea nahi nuke: hasi eta buka. Ezinezkoa ematen du, baina, eleberri batekin, inori ez litzaioke okurrituko kapituluak saltoka eta ordenarik gabe irakurtzea, edo soilik batzuk leitzea, edo liburu bateko bat hartzea lehenbizi, eta beste bateko bosgarrena gero. Nik, disko honekin, ez dakart mezu konkretu bat, baina berrogei minutuko proposamen bat da nirea, lasai entzutekoa: norberari galderak egiteko tarte bat eta pentsatzeko espazio bat dut eskaintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA