Durangoko 61. Azoka

Betiko Durangoko Azoka, koxka bat handituta

Abenduaren 4tik 8ra, guztira, 1.098 nobedade eta 311 ekitaldiko egitaraua eskainiko du Durangoko 61. Azokak. Iaz estreinatutako Berbagailua eta Atartea guneei ere eutsiko diete eta gaueko kultur egitaraua antolatu dute.

Durangoko 61. Azokaren egitarauaren aurkezpena, Durangoko Bartolome Ertzilla Musika Eskolan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Durangoko 61. Azokaren egitarauaren aurkezpena, Durangoko Bartolome Ertzilla Musika Eskolan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Inigo Astiz
Durango
2026ko azaroaren 17a
15:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Prest dago Durangoko 61. Azoka. Durangon (Bizkaia) oraindik itxita daude Landako Guneko ateak eta muntatzeko daude gainerako guneak ere, baina jadanik www.durangokoazoka.eus webgunearen edota eskuko paperezko programaren bidez zehatz kontsultatu daiteke abenduaren 4tik 8ra bertan egongo den guztia. Kuantifikatu dutenez, esaterako, guztira, 1.098 nobedade egongo dira Landako gunean jarriko dituzten 286 erakusmahaietan —681 liburu, musikarekin lotutako 177 lan, 57 aldizkari, eta bestelako 156 argitalpen—. Baina horrez gainera, 311 ekitaldiko egitarau oparoa ere eskainiko du azokak gunez gune zabalduko duen programak. Bartolome Ertzilla Musika Eskolan elkarrekin eman dituzte hari buruzko xehetasunak Gerediaga elkarteko zein gune guztietako ordezkariek, eta, egiturazko aldaketa nabarmenik gabe, aurtengo aldiari buruzko datu horiek izan dira aurkezpeneko titular nagusia. Betiko azoka bat, beraz, baina oihal berriak jantzita.

«Deia egin nahi diegu herritar guztiei, bai ohiko bisitariei, bai kulturazale berriei. Izan ere, Durangoko Azoka ezagutzen duguna eta askoz gehiago da»

BEÑAT GAZTELURRUTIAGerediaga elkarteko kudeatzailea

Eta, hain zuzen ere, betikoaren eta berritasunaren arteko uztartze horregatik zabaldu du azokara bertaratzeko deia Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak. «Jaialdi honetan murgiltzeko eta arakatzeko deia egin nahi diegu herritar guztiei, bai ohiko bisitariei, bai kulturazale berriei. Izan ere, Durangoko Azoka ezagutzen duguna eta askoz gehiago da».

Hazkundea ere izan du azokak, antolatzaileek halakorik nabarmendu nahi izan ez duten arren. Datuak baino ez dituzte eman, haiei buruzko interpretaziorik egin gabe, baina, koxka txikiagatik bada ere, orain arteko markak gaindituko ditu azokak aurtengoan. Iazkoan, bai, inoizko azokarik handiena izango zutela iragarri baitzuten antolatzaileek, eta orduan baino handiagoak direlako aurtengo kopuruak.

2025ean, guztira, 1.026 nobedade eta 273 kultur ekitaldi antolatu zituzten, eta handiagoak dira bi alor horietako kopuruak aurten. Hortik ondoriozta daiteke azokak berriz ere marka gaindituko duela. Eta esanguratsua da erakusmahai kopuruarena ere. Iaz, inoiz baino stand gehiago izan zituztela adierazi zutelako antolatzaileek, Landako guneak eman dezakeenaren gehienezko mugatik gertu. 285 erakusmahai izan ziren guztira, eta kopuru hori ere gaindituko dute aurtengoan, Landako gunean erakusmahai bat gehiago gehituta.

Iazkoa izan zen egiturazko berrikuntzen urtea. Izan ere, bi gune berri izan zituen azokak iaz. Podcastei eskainitako Berbagailua izan zen gune berri horietako bat, Madalenako ermitan kokatua, eta Atartea izenekoa izan zen bestea, Durangoko museoan. Hori izan zen egiturazko nobedade nagusia iazko deialdian, eta, estreinaldi hartan izandako harrera ikusirik, aurten ere haiei eustea erabaki dute antolatzaileek. Bestetik, iaz hasi ziren azoka osteko gauetan emanaldiak eskaintzen, eta hirugarren berritasun horri ere eutsiko diote aurtengoan. Eta, neurri batean, azoka berritzeko hiru apustu horiek sendotu izana da aurtengo albiste nagusietako bat ere. Okerrik ezean, beraz, hemendik aurrera, esparru horiek guztiak ere izango direlako Durangoko Azokaren eskeletoaren parte.

Ahotsenea

Hemeretzi urte beteko ditu aurten sortzaileei eskainitako Ahotsenea guneak. Gotzon Barandiaran da haren koordinatzailea, eta gogoeta batekin hasi nahi izan du euren programari buruzko aurkezpena. Azaldu duenez, bi gai nagusik hartu baitute euskal sortzaileen urtea. «Musikari dagokionez, makro ekitaldien eta gainerako ekitaldien arteko talkak markatu du urtea», azaldu du. «Eta literaturari dagokionez, euskal editoreek aspalditik abisatzen ziguten bezala, argi ikusi dugu euskarazko liburuak presentzia handia galtzen ari direla bai jendartean bai hezkuntza arautuan ere. PISA txostenaren emaitzek erakutsi dute hori, eta, gure ustez, literatura da irakurzaletasuna bultzatzeko eragin positiboen izan dezakeena».

Giro horretan, guztira, 43 disko aurkezpen hartuko ditu guneak aurten, eta, Barandiaranek zehaztu duenez, musika egiteko eta bizitzeko hamaika estiloren eta moduren berri emango du egitarauak horregatik. «Heziketa musikalean ere laguntzeko ekarpena egingo dugu», esan du. «Iaz aipatu genuen balorazioan, ikusten genuelako jendea gero eta gehiago joaten dela ezagutzen duena entzutera, eta animatu nahi genuke ezagutzen ez duen hori ere entzutera joatera». Baina musikaz gainera, guztira, 64 liburu aurkezpen ere hartuko ditu guneak. Eta saio guztiak kontuan hartuta, azken datu bat nabarmendu du Barandiaranek. «Aurkezpenen erdietan baino gehiagotan parte hartuko du emakume batek, gutxienez. Hemeretzi urtean lehenengo aldiz gertatu da hori».

Irudienea

Zugaza zinema aretoetan, guztira, 47 emanaldiko programa eskainiko du aurten Irudienea guneak. Euskarazko ikus-entzunezkoei eta zinemari eskainitako espazioa da. Andoni Urzelai da haren koordinatzailea eta eskaintzaren ugaritasuna nabarmendu du. Aurreratu duenez, esaterako, BERRIAk Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren harira sortutako Bertsolaritza: denboraren joanean irauten dokumentala ere emango dute. Abenduaren 6an izango da hori. Baina dokumentalez gainera, film laburrak eta film luzeak ere eskainiko dituzte. Inurri itsuak fikziozko film luzea proiektatuko dute abenduaren 5ean.

Szenatokia

Haren izenak adierazi bezala, eszenako arteei eskainitako gunea da Szenatokia, eta Sanagustin kultur gunea du egoitza nagusia. Maider Larrañaga da koordinatzailea, eta, egitarauaren oparotasuna kontuan hartuta, bisita antolatzeko gomendioa egin die herritarrei. «Eskaintza handia da; beraz, hartu agenda, hartu boligrafoa, eta gozatu». Izan ere, azaldu duenez, konpainia hasi berriak, estreinaldiak eta sarituak izan diren lanak uztartzen ditu euren programak.

Antzerki maratoia deitutakoa izango da eskaintza nagusia. Abenduaren 5tik aurrera, egunero hiru antzerki konpainiak bina emanaldi eskainiko dituzte. Pieza laburrak izango dira guztiak, eta, beraz, hara doazen ikusleek aukera izango dute egungo euskal antzerkiaren lagin bat ikusteko.

Kabia

Eremu digitalari eskainitako gunea da Kabia. Hitzaldiak, mahai inguruak, tailerrak eta esperientzia interaktiboak eskainiko ditu. Esate baterako, Sustatu atariaren 25. urteurren ospakizuna ere hartuko du abenduaren 4an. Gamer gela antolatuko dute abenduaren 5ean. Eta adimen artifizialari buruzko mahai ingurua ere prestatu dute abenduaren 6rako. 

Saguganbara

Ume, gaztetxo eta familiei begirako gunea da Saguganbara. Landako guneaz aparte sortu zen lehen espazioetako bat izan zen, eta, gaur egun, Itxasne Arabiourrutia da haren koordinatzailea. Tailerrak, ipuin kontalariak eta liburu aurkezpenak hartzen ditu espazio horrek, eta Landako plazan dagoen Elkartegia aretoa du egoitza nagusia. Ekitaldiez gainera, haur eta gazteentzako aurtengo nobedadeak begiratzeko aukera ere eskaintzen dute bertan. Arabiourrutiak azaldu duenez, ordea, beste urte batzuetan bezala, karpa bat ere jarriko dute Landako plazan aurten, eta bigarren gune hori izateak programa gehiago zabaltzeko aukera emango die. 

Atartea

Arte ederrei eskainitako gunea da Atartea. Durangoko museoan du egoitza. Aurrez ere, azokak hainbatetan egin izan ditu museoarekin lankidetzak, baina iaz barneratu zuten lehenengoz proiektuan izen propioarekin. Euskal Herriko sei ilustratzaileren lanak bilduko dituen erakusketa jarriko dute aurten. Euskal Herriko Irudigileen elkartearekin elkarlanean antolatu dute hori Gerediaga elkartekoek. Baina horrez gainera, argazki erakusketa bat ere antolatuko dute museoan. Txelu Angoitiak azken mende laurdenean azokan bertan ateratako irudiak ikusteko aukera eskainiko du bigarren bilduma horrek. Izan ere, Durangoko Azokaren argazkilari ofiziala izan da Angoitia azken urteetan, eta lan horren guztiaren lagin bat jarriko dute ikusgai.

Berbagailua

Madalenako ermitan du egoitza Berbagailua guneak, eta hori da azokako gunerik gazteena. Iaz ireki zituen ateak lehenengoz, eta eskaintzari eutsi dio aurten ere. Podcastei eta bideo-podcastei eskainitako gunea da, eta bisitariak aukera du bertan saioak zuzenean ikusi ahal izateko. Besteak beste, Plaz!, Edukiontziak eta Peryferyak saioak ikusi ahalko dituzte bisitariek bertatik bertara, eta abenduaren 6an, esaterako, bertan grabatuko dute Durangoko Azokak Hiru Damatxo ekoizpen etxearekin elkarlanean osatutako baDAbil! bideo-podcasta ere. 

Talaia

Landako Guneko Areto Nagusia hartu ohi du Talaia guneak, eta liburuen zein proiektuen aurkezpenak ez ezik, hainbat mahai inguru ere bildu ohi ditu. Aurten, guztira, 57 ekitaldi egingo dituzte bertan, eta, besteak beste, bertan egingo dute Bitoriano Gandiagaren heriotzaren 25. urteurren ekitaldia (abenduaren 6an). Bonbereneak ere esker ekitaldia antolatu die Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei. Haien abestien bertsio bilduma bat kaleratu dute, eta abenduaren 5ean aurkeztuko dute.

Gaueko saioak

Ahotsenean, Szenatokian eta Talaian izango dira gauetako saioak aurten ere. Azokak ateak itxi ondoren ere, egitarauari jarraipena eman nahi diote horrela. Abenduaren 4an Beire eta Txopet taldeen kontzertuak izango dira. Abenduaren 6an Peiremans+ taldea igoko da oholtzara, eta, hurrengo egunean, abenduaren 7an BERRIAk Musika Berria proiektua aurkezteko jaialdia antolatu du. Verde Prato, Silitia eta Malakias taldeak arituko dira egun horretan.

Musikaz gainera, antzerkia ere izango da, ordea. Gabriel Arestiren heriotzaz geroztik mende erdi bete dela gogora ekarriko dute, esaterako, abenduaren 5ean. Szenatokia gunean Izanen GA! errezitaldia eskainiko dute, bai eta Gabriel Aresti Mug(H)arri ikuskizuna ere. Amorante musikariak eta Mari Luz Esteban poetak abenduaren 7an taularatuko dute elkarrekin ondutako Maitasuna ez da nahikoa manifestu poetiko musikatua.

Ikasleak eta gazteak

Bost egun izango ditu aurten Durangoko Azokak, eta Ikasle Goizari eskainiko diote lehena. Euskal Herri osoko milaka ikasle bilduko dira egun horretako lehen orduetan. Hainbat tailer eta ekitaldi antolatu dituzte azokako guneek haientzako, baina antolatzaileek gogorarazi dutenez, publiko orokorrarentzako ere zabalik egongo da azoka egun horretan ere.

Horrez gainera, azken urteetan ohikoa izan denez, bereziki gazteentzako pentsatutako egun bat ere antolatu dute aurten. Gazte Eztanda du izena proiektuak, eta abenduaren 5ean egingo dute.

Ordutegia

Goizero ordu berean irekiko ditu ateak Durangoko Azokak aurten ere, baina itxiera ordua aldatu egingo da azken egunean. Hala, 10:30etik 20:00etara egongo da zabalik Landako gunea ostiraletik astelehenera, eta, aldiz, 18:00etan itxiko dituzte ateak asteartean, abenduaren 8an.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, bestetik, ohi bezala, garraio zerbitzu bereziak izango dira azoka egunetan, eta garraio publikoz heltzerik ez dutenentzako joan-etorriko autobus zerbitzua ere prestatu dute Landako gunea eta Iurretako (Bizkaia) aparkalekuak lotzeko. Abenduaren 5etik 8ra egongo da martxan.

790.000

euroko aurrekontua.
Aurtengo Durangoko Azokak ia 800.000 euroko aurrekontua izango du, eta hari buruzkoak ere xehatu dituzte antolatzaileek. Zehaztu dutenez, erakunde publikoek bideratzen dute kopuru oso horren %58. Nagusiki erakusmahaien alokairutik eta bestelako baliabide propioetatik heltzen da beste %26. Eta, azkenik, babesle pribatuek jartzen dute aurrekontuaren %16. Bestetik, iazkoan baino koxka bat handiagoa da aurrekontu osoa, 2025ean 770.000 eurokoa izan baitzen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA