Zinema

Bev Ditsiek jasoko du Zinegoak jaialdiko ohorezko saria

Hegoafrikako zinemagilea LGTBI komunitatearen eskubideen aldeko «funtsezko ekintzailea» dela nabarmendu du Bilboko jaialdiak. Ekainaren 22an jasoko du aitortza, eta haren bi filmen atzera begirakoa ere prestatu dute.

Bev Ditsie zinemagilea. ZINEGOAK
Bev Ditsie zinemagilea. ZINEGOAK
itziar ugarte irizar
2026ko maiatzaren 26a
18:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Apartheid garaian, pertsona beltzak aldiri zurietatik urrun mantentzeko Hegoafrikako Gobernuak sortutako auzoetako batean hazi zen Bev Ditsie zinemagilea. Gaztetatik altxatu zen arraza zapalketaren kontra, eta berdin egin zuen aurrerago, sistema matxistaren aurka, emakumeen eta pertsona queerren diskriminazioaren aurka. 1990. urtean Johannesburgon egindako Harrotasunaren aldeko lehen martxaren antolatzaileetako bat izan zen, eta LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko beste zenbait une garrantzitsutan ere hartu du parte. Horregatik eta bere lanen interesagatik, hari emango dio aurten Bilboko Zinegoak jaialdiak ohorezko saria. «Kultura borrokarako beste modu bat da Ditsierentzat», azpimarratu du Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariak. «Eta zinema, zehazki, memoriarako eta erresistentziarako tresna. Zinemaren eta dokumentalaren bidez, isildutako edo ikusezin bihurtutako istorioak kontatu ditu, eta, beraz, haren lana artxibo bizi gisa uler daiteke, bizitza eta borroka horiek kontakizun ofizialetik desager ez daitezen».

Ekainaren 22an jasoko du aitortza Ditsiek, jaialdiaren 23. edizioari hasiera emango dion irekiera galan. Eta haren aurreko eta ondorengo egunean erakutsiko dituzte jaialdiak programatu dituen bere bi filmak. Simon and I ikusi ahal izango da lehenik, ekainaren 21ean, Bilborocken. Nicky Newmanekin batera zuzendu zuen film hori Ditsiek, eta Hegoafrikako LGTBI eskubideen aldeko mugimenduaren aitzindarietako bati buruzkoa da lana; Simon Nkoliri buruzkoa, hain zuzen. Proiekzioaren aurretik, Irantzu Varela kazetariarekin arituko da solasean Ditsie, bere ibilbideari eta bere zinemari buruz.

Zinegoak-en ikusi ahal izango den Ditsieren bigarren filma, berriz, Lesbians Free Everyone-The Beijing Retrospective dokumentala izango da, zeinak nazioarteko ekintzaile lesbianen mugimendua erakusten duen.

Jaialdiko antolatzaileen esanetan, Ditsieren «indarra eta garrantzia» gorputza eta ahotsa jartzean datza: «Lehenik eta behin, pertsona queer gisa duen bizipenari; eta, bigarrenik, aktibista gisa duen esperientziari». Azpimarratu dute, halaber, LGTBI kolektiboaren aldeko mugimenduaren errepresentazio publikoan zuriak eta mendebaldarrak nagusitzen direla, eta Ditsiek aurre egiten diola irudi horri. «Afrikako pertsona queerrak badaude, beti egon dira». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA