Kritika. Musika

Bi ahots ala bakarra?

Agustin Alkat eta Kamila Zubeldiaren diskoaren azala.
Agustin Alkat eta Kamila Zubeldiaren diskoaren azala.
Andoni Tolosa.
2026ko azaroaren 29a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

AGUXTIN ALKHAT & KAMILA ZUBELDIA

Modu ugari egon daiteke disko hau entzuteko; adibidez, entzun ahala asmatzea zein diren Aguxtin Alkhatek konposatutako kantuak eta zein Kamila Zubeldiak sortutakoak. Neuk badut nire kiniela, baina hobe du entzuleak bere kabuz deskubritzea, hori izan daiteke-eta lan honen mamiarekin tupust egiteko bideetako bat. Baina, lasai, hau ez da txapelketa bat, pistak ez ditu faltako entzuleak. Adibidez, erreparatu diskoa irekitzen duen Orhoit hilcia-tik bildumako laugarrena egiten duen Amets ta helburu-raino, norena den entzuten dugun ahots nagusia. Berdinketa moduko bat izan daiteke; Aguxtinek bi eta Kamilak beste bi.

Baina hori ez da dena. Musikalki ere antzeko zerbait gertatzen da, An eala bhan gozo-mingotsak folk testimonialaren iturritik zuzenean edaten duen moduan, edaten du erritmo ertaineko Mende laurden-ek folk-rocketik... Bueno, ez da hainbesterako, ez da hain logikoa; Armaren puntan gordinean eta Ametza jantzi goxoez ederrean, alderantziz datoz kontuak. Nor da nor, beraz, balada akustikoetan eta gitarra elektrikodun rock kutsukoetan ahotsak alderantzikatzen badituzte bi kantariek? Ez da erraza asmatzea.

Kamilak eta Aguxtinek... Aguxtinek eta Kamilak, ez dakigu zein ordenatan, baina Nor bizi zen hemen galdetzen digute, hemen bai, Armendaritzekoaren melodia jostagarrien martxan, Izarapean abestiarekin —hori kantu puska—, gozo-gozo, Unamaren ildotik ametsetan jarri baino lehen. Begiak itxi eta 1970eko kantaldi batean jar gaitzake Esperantzan egon ginen bederatzigarrenak, ereserkiz betetako disko bateko ereserkienak. Eta azkenik, lana ixteko, Ostiral goiz batez baladaren biluztasun akustikoa (entzun beharko duzue jakiteko bietako nork kantatzen duen), eta barka analogiaren errazkeria, Errobiren Zuretzat entzuteko gogoa pizten duena.

Edozein modutara hartuta ere, ez espero dueto disko epel eta zozo bat, biek ala biek nahiko eskarmentu eta kalitate baduten arren, koartada handirik gabe, horrelako bat ontzeko. Behin baino gehiagotan barruak ere mugituko dizkiguten kantu esanguratsuz betetako lana da hau, non bien sormena eta jarduna etengabe gurutzatzen diren, argi edukita haien iturri musikalak ez direla berberak, eta zorionez, argi dirudien arren, ez dakigun oso ongi non hasten den musikari bat eta non amaitzen den bestea. Anabasa? Ez, sormena.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA