Bihartik hilaren 14ra bitarte, lau kontzertu hartuko ditu bere barnean Arabako Foru Aldundiak Donostiako Musika Hamabostaldiarekin lankidetzan antolatu duen Musika Jasoaren Astearen egitarauak. David Aijon pianoforte jotzaileak eta Jose Pizarro tenorrak egingo dituzte lau emanaldi horietatik hiru; bestea Pilar Vazquez mezzosopranoak eta Elisa rapado pianistak egingo dute.
Aijon eta Pizarrok Robert Schumannen Liederkreis kantuen zikloa eta egile beraren Dichterliebe eskainiko dituzte beren hir emanaldietan. Aurrenekoa bihar egingo dute, 20:30ean, Guardiako San Joan elizan; bigarrena, hilaren 10ean, 20:00etan, Gaubean, Bachicaboko San Martin elizan; eta hirugarrena, hilaren 11n, 20:30ean, Amurrioko San Anton ermitan.
Wagner eta Euskal Herria
Jaialdia amaitzeko, Vazquezek eta Rapadok Richard Wagnerren Euskal Herrian utzitako arrastoaren berri ematen duten emanaldia eskainiko dute hilaren 14an, 20:15ean, Araiako Andra Mari aretoan. Kontzertuaren lehen zatian Wagnerren Wesendock Lieder eta Les adieux de Maria Stuart eskainiko dituzte; bigarrengoan, lehenik Jesus Guridiren amodiozko euskal kantak eta erronda kantak (Aritz adarrean, Santibatek Andere, Ala Baita, Alabatua eta Asiko naz), eta Gaztelako sei kanta gero (Allá arribaen aquella montaña, Sereno, Llámale con el pañuelo, No quiero tus avellanas, Cómo quieres que adivine eta Mañanita de San Juan).
Hamabostaldiarekin bat
Pilar Vazquez eta Elisa Rapadoren emanaldia Donostiako Musika Hamabostaldiaren Musika Aitzaki zikloaren egitarauaren parte da, eta baita Pizarrok eta Aijonek Amurrion hilaren 11n egingo dutena ere.
David Aijon pianoforte jotzailea, Hamburgon sortua, liedzale porrokatua da, eta haiei dagokien garaiko musika tresnekin ematea maite du. 1819ko Graf pianoforte baten erreplika bat du, adibidez, Beethoven, Mendelssohn eta Schumannen liedak emateko eraili ohi duena. Jose Pizarro tenorra, Gironan jaioa (Herrialde Katalanak), Flandriako Operan lan egina da, eta Salvador Brotons, Jordi Casas, Edmon Colomer, Paul Dombrecht, Oscar Gershensohn, Luis Antonio Gonzalez, Pablo Heras-Casado, Robert King, Andoni Sierra eta Kaspars Putnins zuzendariekin aritua, besteak beste.
Pilar Vazquez mezzosopranoa eta Elisa Rapado pianista espainiarrak dira, Leonen eta Zamoran jaioak, hurrenez hurren. Europa osoko kantuen errepertorioa arakatu, aztertu eta ezagutaraztea du helburu nagusi biek osatutako bikoteak. Arrakasta handia lortu dute azkenaldian egin dituzten emanaldietan.
Donostiako 74. Musika Hamabostaldia
Bi bikoteren lau emanaldi Musika Jasoaren Astean
Pilar Vazquez eta Elena Rapado Araian ariko dira; David Aijon eta Jose Pizarrok hiru emanaldi egingo dituzte

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu