Badute zer ospatu Frantziako Lurium bandako kideek; izan ere, sari bikoitza jaso dute Getxoko 49. Nazioarteko Jazzaldiko Talde Lehiaketan. Talde onenaren saria, batetik, eta bakarlari onenarena, bestetik. Bakarlari onenarena Levi Harvey taldeko piano jotzaileari eman diote. Banda atzo igo zen berriro ere jaialdiko oholtzara, Immanuel Wilkins saxo jotzaile estatubatuarraren aurretik. Talde onenaren bigarren saria, berriz, Cristopher Perez Quartet talde espainiarrak jaso du.
Lurium jazz garaikideko seikotea da, eta haien musika «jazz modernoaren hizkuntzan eta gaur egungo musikan» oinarritzen da, Getxo Kulturak argitaratu duenaren arabera. Kanta originalak jotzen dituzte, eta «erritmo organikoak, harmonia zizelkatuak eta soinu-paisaia zinematografikoak elkartzen dituen estetika» sortzen dute. Taldea honako hauek osatzen dute: Victor Maisonneuve (saxo altua), Oscar Viret (tronpeta), Loan Buathier (gitarra), Cyril Drape (kontrabaxua), Tamino Edener (bateria) eta Levi Harvey (pianoa). Azken horrek irabazi du bakarlaririk onenaren saria.
Cristopher Perez Quartet lau kidez osatutako taldea da: Cristopher Perez (saxoa), Guillaume Coulbois (pianoa), David Muñoz (kontrabaxua) eta Daniel Pimienta (bateria). Jaialdiaren antolatzaileen arabera, haien lanak «kultura eta musika anitz esploratzen ditu», eta «sormena eta pasioa» batzen dituzte konposizioetan. 2024an, Espainiako Gazteen Lehiaketa Nazionala irabazi zuen bandak.
Getxoko Jazzaldian urtero egiten da Talde Lehiaketa. Gazteentzako sariketa bat da, eta 30 urtera arteko musikariz osatutako bandek parte har dezakete bertan. Deialdian jazz musika jotzen duten edozein joera edota estilotako Europako taldeak lehiatu daitezke.
Getxotik Balear Uharteetara
Talde Lehiaketaren irabazleek, 4.500 euroko saria jasotzeaz gain, CD bat grabatuko dute zuzenean. Gainera, Balear Uharteetan ere arituko dira, Eivissako Jazzaldiaren aurtengo edizioan ere parte hartuko baitute, irailean, Getxoko jaialdiak haiekin duen lankidetza hitzarmenaren bidez.
Cristopher Perez Quartet taldeak, berriz, 1.900 euroko saria jaso du. Bakarlari onenak, azkenik, 950 euro eskuratu ditu.