‘Jazzaldia, irudi bidea’ argazki erakusketa ireki dute San Telmo museoko Laborategian. Jazzaldiko argazkilari ofizial Lolo Vasco da komisarioa. Guztira hamabost argazkilarik 1966ko lehenengo alditik 2024kora arte egindako berrehun irudi baino gehiago batu dituzte. Atzo zabaldu zuten, eta irailaren 28ra arte egongo da ikusgai.
Susana Soto San Telmo museoko zuzendariak, Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak eta Lolo Vasco Jazzaldiko argazkilari eta erakusketako komisarioak aurkeztu dute erakusketa. Soto: «Donostiako historiaren parte da Jazzaldia, eta haren irudi sorta bikaina eskaini digu Vascok».
San Telmo museoak Jazzaldiarekin duen lotura azpimarratu du Martinek: «San Telmo museoa ere oholtza bihurtzen da Jazzaldian, baina jaialdiarekin duen lotura harago doa. Erakusketa bat egiten den bigarren aldia da». Izan ere, 2015ean, Round Midnight. 50 Jazzaldia erakusketa zabaldu zuten toki berean, jaialdiak mende erdi bete zuela eta. Martinek azpimarratu du orain dela hamar urteko erakusketak helburu didaktikoa zuela, eta jaialdiko argazkiekin batera jaialdiak ordura arte izan zituen kartel guztiak erakutsi zirela. Aurtengoak ordea, helburu artistikoa du, eta horretarako erakusketa monografikoa egitea erabaki zuten. Hain justu, irudiak baino ez dituzte erabili. Vascok gehitu du «bidaia emozional bat» izatea nahi zutela berak eta Martinek, eta argi zeukatela erakusketa ez zutela kronologian oinarrituko.
«Donostiako historiaren parte da Jazzaldia, eta haren irudi sorta bikaina eskaini digu Vascok»
SUSANA SOTOSan Telmo museoko zuzendaria
Aurtengoa 60. aldia duen jaialdi hori 1964an hasi zen. Urte horretan Imanol Olaizola, orduan Kultura eta Turismo Ekintzetxeko (KTE) Musika Batzordeko arduraduna zena, Parisko Salle Pleyel-en Count Basie eta Big Band-en kontzertu batera joan zen. Bertan sortu zen giroarekin liluratuta geratu zen, eta han bizitakoa Donostiara ekarri behar zuela pentsatu zuen. 1966an aditu ziren Jazzaldiko lehen nota musikalak, Modern Jazz Quinteten eskutik. Trinitate plazan izan zen. 1966ko kontzertu hartako argazki batek ematen dio hasiera erakusketari.
Aretoan sartzean iluntasuna da nagusi, sarrerako hormak beltzak dira, eta argazkiak, zuri-beltzak. Ezkerrera begiratzean, 1966ko argazkiaren alboan, horma erdia estaltzen duen Jonathan Jacksonen 2017ko argazki bat. Argazki horien parez pare, korridorearen beste aldean, hainbat tamainatako 28 argazki daude: Lolo Vasco jaialdiko argazkilari ofiziala izan arte —2000ra arte— beste hamalau argazkilarik ateratakoak. Pareta horretan, besteak beste Celia Cruz, Dizzy Gillespie, Miles Davis eta Al Grey jazz musikarien argazkiak ikus daitezke, denak zuri-beltzean, jazzaren irudi klasikoa islatuz. Begirada korridorean barrena luzatzean, koloretako paperezko horma irudi handi bat dago, aurten ere Donostian izango den Jamie Callumek 2009an Trinitate plazan emandako kontzertuaren argazki bat. Ikusleak argazkiaren unean bizitakoa berriz bizitzeko edo, QR kode bat du alboan, kontzertuko unean musikarien artean grabatutakoa ikusteko.
«Erdiko paneleko argazkiei begiratuta, jaialdiaren aniztasuna ikus daiteke»
LOLO VASCOJazzaldiko argazkilaria eta erakusketako komisarioa
Korridore luzeari jarraituz, koloretako eta zuri-beltzeko argazkiak tartekatzen dira. Zuri-beltzeko argazki handiak daude zintzilikatuta erakusketa osoa inguratzen duten paretetan. Erdi-erdian, ia erakusketa osoko argazkien erdiak biltzen dituen panela dago. Koloretako eta zuri-beltzeko ia ehun argazki txiki ditu, eta horiei begiratzeko gonbita egin du komisarioak: «Erdiko paneleko argazkiei begiratuta, jaialdiaren aniztasuna ikus daiteke».