Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

Bide zuzenetik gorantz

Aitor Mendiluze gailendu da finalaurrekoen bigarren itzuliko lehen saioan, Donostiako Illunben, 760 punturekin. Atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Joanes Illarregi, Aner Peritz, Julio Soto, Agin Laburu eta Saioa Alkaiza.

Aitor Mendiluze kantuan, gaur, Donostiako Illunben. ANDONI CANELLADA / FOKU
Aitor Mendiluze kantuan, gaur, Donostiako Illunben. ANDONI CANELLADA / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko azaroaren 21a
22:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gaur bai bi aldiz izutu gabe/ egin det bide zuzena/ hitz bakoitzari gehituz gogoa/ esperientzia, sena/ nire argi ta nire ilunekin/ horixe da ni naizena». Amaierako agurrean adierazi bezala, Aitor Mendiluze bera dena erakusteko asmoz igo da gaur Donostiako Illunbeko oholtzara, bai eta lortu ere. Tinko eutsi dio saioari; eskura du, hortaz, final handirako txartela.

760 puntu eskuratuta nagusitu da beste bost bertsolarien gainetik. Zehazki, bigarrenarengandik, Illarregirengandik, 30,5 puntura (729,5). Peritzek egin du hirugarren, 719 punturekin, eta laugarren, berriz, Sotok (696). Laburu izan da azken-aurren, 695,5 puntu eskuratuta. Eta Alkaizak egin du azken, 670 punturekin. Gaurkoa izan da sei bertsolari horiek finalera pasatzeko egin beharreko azken proba. Oraindik, baina, ezin da ezer ziurtzat jo, gaur kantatu zutenei Gasteizen eta Bilbon arituko diren gainerako bertsolariek egiten dutenaren zain egotea tokatuko baitzaie abenduaren 20an oholtzara igoko diren edo ez jakiteko.

Ander Aranburu Arriola gai emaileak gidatuta sartu dira seiak zezen plazan, eta, agur bana botata ekin diote saio puntuagarriari, hamarreko txikian. Mendiluze eta Peritz izan dira mikrofonora hurreratzen lehenak, eta Donostian kalean bizi den jendeari janaria ematen dion talde bateko kide biren rolean jartzeko agindu die gaiak. Udalak kaleko afari solidarioak debekatu zituen, baina gaur, ogitartekoak organ sartu, eta partitzera atera dira kalera. «Norbere aukerekin/ norbere astian/ borondatetsu gatoz/ lan gogor askian/ hiru-lau otarteko/ gutxi da saskian/ ta udalak nahi gintuzke/ alfonbra azpian/ hau atera ez dedin/ bere argazkian», Mendiluzek. Hala erantzun dio Peritzek: «Udalak guri lanik/ ez digu baimendu/ lehen gutxi zeukanari/ zeukan hura kendu/ honek postal zurian/ gaizki ematen du/ guk geuk ere nahiago/ genuke sustengu/ hau ematen aritu/ behar ez bagenu». Delitua zer den: hausnarrerako galdera horixe jaurti du airera segidan Mendiluzek: «Hau omen delinkuentzi/ datuak puztea/ delitua ez al da/ goseak uztea?». Lagunaren galderari beste galdera bat erantsi dio Peritzek: «Hiri hau denona da/ esaten da ongi/ baina, nori begira/ dago hiri hori?».

Zortziko handia izan dute hurrengo ariketa. Peritzen eta Illarregiren bertsoaldiak utziko ditu, ziurrenean, alerik txalotuenak. Pertsona beraren bi orbain izan dira, Peritz txikitan jolasean egindako zauri batek sortua, eta Illarregi, berriz, bihotzeko ebakuntza batek eragindakoa. Peritzek abiatu du ariketa, esanaz bi zauriak daramatzanak irribarrez begiratzen diola berari: «Hamar urtetxo zeuzkan garaian/ soka saltoko planean/ erori eta egin ninduen/ erdi zeharka belaunean/ zauriak ez du zertan eduki/ beti minen bat barnean/ niri irrifar bat egiten dit/ begiratzen didanean». Horra Illarregiren erantzuna: «Nahiz bihotzean zauri txiki bat/ den oraindik orbaintzeko/ oraindik ere badu indarra/ jolasean jarraitzeko». 

Ariketa horretan fin aritu dira Alkaiza eta Soto ere. Kontrako bi objektu izan dira: langile baten erreminta kutxa Alkaiza, eta enpresari baten eskuko maleta Soto. Autobus berean joan dira. Alkaizak barnean broka eta pala daramatzala azaldu du lehen-lehenik, eta pareko eskuko maleta deskribatu du gero: «Zu larruzkoa, zu hain burgesa/ zuk diruaren kultura/ zure antzekoak betetzen dira/ nire antzekoen kontura». Sotok kontatu zuen eraikuntzan aritzen dela bere jabea: «Autobus hontan ze ari naizen/ esan beharrean nago/ barruan daukat zuk uste baino/ askoz diru gutxiago».

Zortziko txikian aritu behar izan zuten gero. Irabazleak, ohi duen moduan, ale ederrak utzi ditu ariketa horretan, Illarregirekin batera. Gai emaileak poliziaren rolean jarri du lehena, eta abade batenean, berriz, bigarrena. «Putz egin eta a ze/ susto latza, hara/ ez esan zazpigarren/ meza dela jada/ gaur ez dizu balio/ gaur larunbata da». Illarregi: «Ta nire aitzakiarik/ ez duzu atsegin/ publiko gabe ditut/ zazpi meza egin/ igandekotarako/ entrenatu nendin».  

Gozagarria izan da Peritzek eta Sotok ariketa horretan ondutako sorta ere. Gaiaren arabera, Sotok bizikletan egunpasa egitea proposatu dio Peritzi, berak ondo ezagutzen duen ibilbide bat egiteko. Bi aldiz pasatu dira, baina, ermita beretik. «Jakin dakit zarela/ nahiko bekatari/ sartu ta errezatu/ goian dagonari/ ez dio kalte egingo/ zure arimari», Sotok. Peritzek bide bera egiteaz aspertuta dagoela esan dio lagunari: «Julio, bide honetaz/ nago narda-narda/ utzi bakean nire/ arimaren karga/ hemen fedea baino/ Google Maps behar da». 

Segidan, gai emaileak lehen puntua eman, eta hiruna bertso kantatu behar izan dituzte sei bertsolariek, zortziko txikian. 

Ganbara izan dute egin beharreko hurrengo ariketa. Gai honen gainean kantatu behar izan dituzte hiruna bertso: «Sortu den isiltasuna apurtzea erabaki duzu». Nahiko zabalik utzi die atea gai emaileak, eurek aukera zezaten zer bide hartu. Argi utzi behar izan dute, batetik, isilunea sortu izanaren zergatia, eta, bestetik, zer-nola hautsi duten une hori. Hiru gelakidek mehatxatzen duten 11 urteko ume baten azalean jarrita kantatu du Mendiluzek, eta irakaslearen isiltasuna salatu: «Ta ni lotuta azken finean/ horrek eragin didan minean/ irakaslea isil-isilik/ guztiaren jakinean/ lehen bezala orainean/ gorrotoa mingainean/ darabilkiten heinean/ behazun beltza daukat tripatan/ pozoi gorria zainean/ ze erreza den lurra botatzen/ eroriaren gainean». Inoiz esan gabekoak esaten ausartuko dela kantatu du azken bertsoan: «Baina alde dut denbora/ noizbait altxako naiz gora/ indartu eta gerora/ ta inoiz esaten ausartu ezak/ sortuko zaizkit ahora/ biziraupena baino gehiago/ mendeku bat izango da».

Ariketa horretan kuadrilla bazkari bat irudikatu du Peritzek. Kantuz azaldu du elkarri begira zeudela, lasai eserita, aspaldi kuadrillarengana azaldu gabeko Jon laguna azaldu den arte: «Batzuk beti daude batzuk/ inoiz ez hemen ta ez han/ ta haietako bat Jon da/ gauzak egitik har dezan/ ez dena aspaldi agertu/ ta hartu duguna sorpresan/ isil, mahaian eseri da/ ta inork ez du ezer esan». Lagunarengana arrimatuta bota du azken bertsoa: «Besterik gabe joan zen/ igual ez zeukan indarrik/ guk ere ez dugu mantendu/ elkarrizketa itzarrik/ ‘zatoz lagun’ esan diot/ ‘jan ezazu, jan bakarrik/ ez daukazu azalpenak/ ematen hasi beharrik’». 

Illarregik, berriz, eri duen amak eutanasia eskatu ondoko unea deskribatu du ganbaratik itzulitakoan. «Horrexegatik suabe/ altxa egin dut ahotsa/ eta nire usteetan/ iritziaren aitortza/ nahiz eta hautsiko zaidan/ arima eta bihotza/ zure bizitza da eta/ zurea da heriotza». Amaren eskaera onartuta borobildu du bertsoaldia: «Finean askatasuna/ horixe da gorpuztea/ egon nahi ez duenari/ lasai joaten uztea». Berak eskuratu du ariketa horretako puntuazio altuena.

Alkaizak Gabon gaueko afarian osabarekin izandako tirabira hartu du abiapuntu. Besteak beste, langabezia eta euskara izan dituzte afariko mahaigain horretan mintzagai, eta osabaren erantzunek piztu dute ilobaren haserrea: «Nire odola daukazu, baina/ maitatzen zaitut erdizka/ gure harremana zain hauetatik/ ez baitago dindilizka/ zu zoaz edo ni joanen naiz/ hemen lehenbiziko pista/ mahai berean ezin gara egon/ ni eta osaba razista».

Laburu aitona baten larruan jarri da, eta otordu bat irudikatu du hark ere, baina, bere ehungarren urtemugaren ospakizunekoa. Mahai kideak isilik zeudela kontatu du, eta, azkenean, altxatu du ahotsa: «Adin honetan egun bakoitza/ izaten baita opari/ hurrengo urtean egin tokia/ ehun ta batgarrenari». 

Sotok, berriz, gaixo duen aitarekin izan du isilune hori. Orain urte batzuk aitak zaintzen zuen bera, baina alderantzizko bidea hartu die zaintzak orain. «Gaur biluztu dut eta ai/ ez ginenean gu hitz bat/ besteari josteko gai/ goxo-goxo esan diot: ‘Aita, egon zaite lasai’». Erantzi dizkio galtzak aitari, fardela aldatu, eta kremak-eta eman; horrexek sortu die isiltasuna. «Irribarre egin diot/ ez damu eta ez malko/ ta berak hala esan dit:/ ‘Ez zen horrenbesterako’». 

Saio puntuagarria amaitu, eta idazkariak oholtzarako bidea hartu du, hiru mila lagun ingururen txaloen artean. Aranburu gai emaileak esku artean hartu du epaimahaiaren akta, eta mikrofonoan esan, ozen. Mendiluzek esker onez agurtu ditu parean izan dituenak, bai eta haiek txalo bero artean jaso ere. Ikusleek bertso gehiagoren gosez hustu dute Illunbe.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA