Bidegile arrazionala

Koldo Mitxelena idazle, hizkuntzalari, euskaltzain eta euskara batuaren sortzaile eta bultzatzaileak ehun urte beteko zituzkeen etzi. Arrasto sakona utzi zuen euskararen munduan.

2015eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Errenteriako (Gipuzkoa) Goiko Kalean sortu zen, duela mende bat, Manuel Jose Rafael Mitxelena, Larretxipi saskigilearen eta Joxe Iñaxi Elissalten seme bakarra. Eskolara hasi berritan, 5 urte zituela,tumore zuri batek eskolara joan gabe utzi zuen haurra hiru urtez. Idazle eta pentsalari handi askori gertatu bezala, gaixotasunak elikatu zuen umearen irakurketarako grina: Salgari eta Jules Verneren liburuen gaztelaniazko itzulpenak irentsi zituen mutil koxkorrak, eta baita Zeruko Argia aldizkaria ere. Hala eman zituen lehen urteak Koldo Mitxelena (Errenteria, 1915; Donostia, 1987) euskalariak, hizkuntzalariak, idazleak, pentsalariak, euskaltzainak eta Egan aldizkariko zuzendari izandakoak.

Euskara batuaren bultzatzaile, euskara batzeko oinarriak jartzeko erantzukizuna bere gain hartu zuen. Euskaltzaindiak eman zion ardura hori, 1968an. Gerra osteko Espainian hasi zituen filologia ikasketak, eta Indoeuropar katedra lortzen lehena izan zen, Salamancako Unibertsitatean. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen sorreran ere izan zuen ardurarik Mitxelenak. Salamanca utzi eta Euskal Herrira bueltatu zen, EHUn izango zenean jarduteko. 1977-1978 ikasturtean, Gasteizen zen, euskararen historiaren inguruko ikastaroa ematen, eta Letretako Fakultatea sortu ahala, Indoeuropar eta Euskal Sailaren buru bihurtu zen.

Euskararen inguruan ikertzeko oinarriak jarri zituen lau hamarkadaz, eta ikertzen eta idazten hasi eta berehala, «klasiko» bihurtu zen, nahiz eta berak klasiko hitzaren definizio «maltzur xamarra» egiten zuen, Joseba Lakarra EHUko katedradunak orain lau urte gogora ekarri zuen bezala Mitxelenaren obra guztiaren argitalpenaren aurkezpenean. «Mundu guztiak aipatu eta inor gutxik irakurtzen duen liburua edo egilea»; hori zen klasiko bat Mitxelenaren aburuz. Haren lanak, ordea, eragin handia izan du, besteak beste euskaltzale, historialari, filologo eta linguista ugariren artean. Eta, zelan ez, euskaldunon artean eta euskaran beran ere. Hain zuzen ere, haren lanak erreferentziazkoak dira euskal hizkuntzalaritzan lanean ari den ororentzat, eta baita nazioartean dabiltzan askorentzat ere. Hala izanik, haren obra guztia batu eta argitaratu zuten EHUk eta Gipuzkoako Aldundiak, 2011n: 7.000 orrialde, hamabost liburuki. Hizkuntzalaritza historikoa, euskal fonetika, morfologia eta lexikografia, hizkuntzaren batasun prozesua eta euskal literatura dira, beste askoren artean, Mitxelenak jorratutako gaiak.

Gizon zorrotza eta zuhurra zen. «Zientzia gizonaren zehaztasunarekin neurtzen zuen bere burua, eta, askotan, erregla berarekin neurtzen zituen besteak», haren inguruko Bidegileak bildumako liburuak jasotzen duenez. Baina, Pedro Miguel Etxenike zientzialari eta haren lagunaren ustez,«pentsamoldez zabala zen, bihozkorra zen, bestalde, eta bazekien zabal-gozoa izaten».

Dantzan hartu zuen gerrak

Hogei urte zituen Mitxelenak 1936ko gerrak eztanda egin zuenean. Dantzan harrapatu zuen albisteak, Pasaiako (Gipuzkoa) festetan: «Han ginela, berri bat zabaltzen hasi zen: Marokon sublebazio bat egon zela. Donostiar mutiko bati joka hasi ziren batzuk, falangista zelakoan. Norberak nahi duena pentsa dezakeela uste genuen, eta lagundu egin genion. Gaur egun, naturalki, ez dut gehiago hori pentsatzen; norberak izan ditzake nahi dituen ideiak, boterera heltzean besteei bizitza ezinezko egiten ez badie», kontatu zion Eugenio Ibarzabali, Koldo Mitxelena izenburupeko liburuan, 1977. urtean. Altxamenduaren berri izan eta denbora gutxira, izena eman zuen Intxarkundia EAJko batailoian, eta horretan egin zuen gerra.

Kartzelarekin ordaindu behar izan zuen altxamendu frankistaren kontra borrokatu izana. Heriotza zigorra kommutatu zioten, eta ia zortzi urte eman zituen preso. Mitxelenak berak kontatzen zuenez, etxera bueltatu zenean, amak eskailerak jaitsi, eta «etorri altzea?», galdetuz egin zion harrera.

Neurri batean, kartzelak eraman zuen euskararen inguruan ikertzera. Maiz esana zuenez, berak matematikaria izan nahi zuen. Baina Duesoko kartzelan zirelarik (Kantabria, Espainia), zenbait presok sare bat sortu zuten eta eskolak ematen hasi ziren. Euskal gramatika ez ezik, hizkuntza klasikoak ere ikasi zituen Dueson. Kartzelan zelarik, Menendez Pidalen Gramática histórica española liburuarekin egin zuen topo, eta euskaraz ere horrelakorik egin zitekeela otu zitzaion. Zenbait urte geroago, 1951n, burutuko zituen Filologia Klasikoko ikasketak Madrilen—euskararen inguruan ikertzen jarraitzeko aukera emango ziotelako hautatu zituen—.

Kartzelan bizitakoak eta gerraosteak ekarritakoak ez zuten sekula eraman gudari izanaz damutzera, eta hil arte harro agertu zen gudari izateagatik. Kartzelatik kanpo, urte luzeak eman zituen erresistentziari nola edo hala laguntzen; Madrilen lehenengo, eta Errenterian bueltan gero.

Frankoren menpeko Hego Euskal Herriak eta Espainiak ez zituzten galtzaileak lar ondo tratatu, eta Mitxelenari oso zaila suertatu zitzaion lana topatzea. Familiaren egoera ekonomikoa larria zen, eta Madrilera joan zen, azkenik, kontu eramaile gisa lan egitera. Han burutu zituen Filologia Klasikoko ikasketak. Madrilen eta Euskal Herrian zenbait lanetan aritu ondoren, eta tartean bi urteko beste espetxealdi bat egin eta gero, katedra bat lortu zuen Salamancan. Parisko Sorbonatik ere pasatu zen urtebetez, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen ideia forma hartzen ari zela, Salamanca utzi zuen Euskal Herrira bueltatzeko. Hala, Euskal Herritik jarraitu zuen euskararen inguruan ikertzen eta euskararen alde lan egiten. «Leialtasun arrazionalaren eredu», haren lagun Etxenikek esango zuen bezala, «bere herriari idolatriarik eta mistizismorik gabe» egin zuen lan hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.