Pasioa zaila da disimulatzen. Baina antzezten ere bai. Eta hor dago kosketako bat. Iragan udaberrian, Euskal Herrian DBHn eta Batxilergoan Euskara eta Literaturako eskolak ematen dituzten irakasleen irakurketa ohiturei buruzko ikerlan bat argitaratu zuten EHUko irakasle Aiora Sampedrok, Paulo Kortazarrek eta Amaia Agirregoitiak. Emaitzek ez zituzten irauli ikerlariek aldez aurretik zeuzkaten susmoak, eta, oraingo honetan, horrek esan nahi du argazkia aski «iluna» idela oraindik ere. Bigarren Hezkuntzako euskara irakasleen bi herenek gehienez ere hamar liburu irakurtzen dituzte urtean, eta euskarazko irakurgaiak hautatzen dituztenen artean soilik %27k leitzen dute plazer hutsagatik. «Teoriak dio plazerez irakurtzen duen irakasle batek lan hobea egiten duela ikasleei irakurzaletasuna transmititzeko orduan...», hasi da Kortazar argazkiaren lehenbiziko trazua marrazten. Berandu gabe heldu da erradiografia osatzeko bigarren kolpea: «Horrela nekez transmitituko da literaturarekiko maitasuna».
Besteak beste, lehendik ere gaiari buruz plazaratuta zeuden datuak eguneratzeko eta osatzeko balio du Kortazarren, Sampedroren eta Agirregoitiaren lanak. Izan ere, kasurako, bai Mari Jose Olaziregik 2000. urtean, eta bai Idurre Alonso Amezuak ere gerora, 2010ean, emana zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan irakurgaitzat hautatzen diren lanei buruzko zertzeladarik, eta, bestalde, Paloma Rodriguez Miñambresek etorkizunean irakasle jarduteko unibertsitateko ikasketak egiten ari zirenen irakurketa ohituretan jarri zuen arreta 2023an, eta EHUn zebiltzanei erreparatu zien, besteak beste.
Horiek horrela, diagnostikook berrikusteko, datu berriak jasotzeko eta, orobat, «euskararen lurralde osoari erreparatzeko» premia zegoela nabarmendu dute EHUko ikertzaileek. Batik bat horregatik egin dute ikerketa hori orain. Euskal Herri osoko ikastetxeetara helarazitako inkesta baten bidez egin dute azterketa —«bidalketa masiboa» egin zuten, zentro publikoetara zein itunpekoetara—, eta 299 irakasleren erantzunak jaso zituzten osotara.Â
Galdekatutakoek urtean irakurtzen duten liburu kopuruan, horretan egin dute azpimarra ikerlariek, besteak beste. Dena dela, diotenez, datu hori bera beste batzuen aldean jarrita da egiazki esanguratsua: galdekatutakoen %64,5ek 0 eta hamar liburu artean irakurtzen dituzte urtean, eta, 2018an Soziometroaren neurketak argitaratutako txostenaren arabera, irakurtzen duten EAEko helduek 7,6 liburu leitzen dituzte urtean batez beste. «Oraingo hauek [Euskara eta Literatura ikasgaiko irakasleak] espezialistak izanik, gehixeago eskatu ahal zaie, batez ere transmisioan daukaten ardura kontuan hartuta», nabarmendu du Kortazarrek.
%56Irakasleen artean zenbatek irakurtzen duten erdaraz soilik plazer bila. Euskarazko liburuak zergatik irakurtzen ote dituzten galdetuta, aldea handia da: %27k leitzen dute euskaraz plazer hutsagatik.
Irakurtzen duten hori zergatik irakurtzen ote duten, horra auziaren beste gakoetako bat. Sampedroren esanetan, «logikoa» da irakasleek «lanagatik» irakurtzea; eskolak emateko beharrezkoa zaielako edo behintzat komeni zaielako. Ordea, iradoki duenez, irakurtzeko motibazioan pisu handiagoa behar luke plazeraren bilaketak ere, «bai eta euskaraz irakurtzen dutenean ere». Eta azken zehaztapen hori, euskarari buruzkoa, ez da alferrikako ñabardura.
Izan ere, irakasleen %61,5ek «lanagatik eta plazeragatik» irakurtzen dute euskaraz, eta %27k leitzen dute euskaraz «soilik plazeragatik». Ordea, pertsona horiexei galdetuz gero erdaraz irakurtzen dutenean zergatik egiten ote duten, aski diferentea da argazkia: %56k esan dute plazer hutsez egiten dutela. Sampedro: «Horrek are gehiago iluntzen du emaitza».Â
Ikasgeletan ez daude
Irakasleen irakurketa ohiturek eskoletan zer-nolako eragina duten ere aztertu dute ikerketan, eta, horretarako, zehazki zer irakurri edo zer maite duten jaso dute.
Batetik, galdeketari erantzun aurreko hamabi hilabeteetan irakurritako bost liburu zerrenda zitzatela eskatu zieten, eta, bestetik, aipa zitzatela gustukoen dituzten idazleen arteko hiru. Euskarazko tituluen artean, Karmele Jaioren Maitasun kapitala errepikatu zen gehien, Ibrahima Balde eta Amets Arzallusen Miñan izan zen bigarrena, eta, bi horien atzetik, Aitaren etxea, Ezekiel, Bar Gloria, Eraikuntzarako materiala, Arotzaren eskuak, Arrakasta eta Amaren eskuak ere azaldu ziren erantzunen artean, besteak beste. Idazleen artean, hain zuzen ere Jaio aipatu zuten gehien, eta, haren ondotik, Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandia dira rankingean, hurrenez hurren.Â
Edonola ere, aipatu galdera horiek batik bat atariko gisara balio izan zieten ikerlariei. Izan ere, gustuko liburu edo autore horiek inoiz eskoletara eraman ote zituzten argitzea zuten asmo nagusietako bat, eta, preseski horri dagokionez, zurian beltz gelditu zen joera bat agerian: irakasleen irakurgai kutunak kasik ez dira ailegatzen ikasgeletara. «Ez dut bakar bat ere eskolan erabili» erantzuna gailendu zen —soilik Miñan-ek eskuratu zuen baiezko mordoxka bat—. Horrek, ikerlarien esanetan, erakusten du transmisioan hutsuneak daudela.
Irakasleek zergatik ez dituzte eskolan lantzen liburuok? Zerk eragozten die hori? Ikasgaien plangintza ez da behar bezain malgua? Dudak duda, arrazoia utzikeria delako ideia guztiz baztertu du Sampedrok —«irakasleek, berez, badaukate prestasuna»—, eta, ildo berean, irakasleek batik bat batxilergoan sentitzen duten «presioa» aipatu du Kortazarrek.
«Irudipena da irakasleek ikaslearen ahalmenaren arabera hautatzen dituztela liburuak, obren balio estetikoarengatik edo historikoarengatik baino gehiago»
PAULO KORTAZARÂ EHUko irakasle eta ikertzaileaÂ
Gainera, eskola kanona ere ekarri dute hizpidera bi-biek. Kortazar: «Batzuetan, existitzen da urpeko kanon moduko bat, ikusi ikusten ez duguna, baina nolabait eskoletan transmititzen dena. Eta, horretan, irudipena da gehiago lehenesten dela ikaslearen irakurgaitasuna, eta, hortaz, irakasleek ikaslearen ahalmenaren arabera hautatzen dituztela liburuak, obren balio estetikoarengatik edo historikoarengatik baino gehiago».Â
Kanona, eraldatzen
Baina bada aldaketarik horretan ere. Preseski ikasgeletan lantzen den euskal literaturari behatuta ere badago eboluziorik ikustea, sotila izanagatik, eta, ikerlariek iradoki dutenez, ez da kasualitatea. Gizon zuri mendebaldarrak literaturaren historian izan duen esklusibotasuna apurka zalantzan jartzen ari den heinean, antzera gertatu da Euskara eta Literatura ikasgaian ere. «Logikotzat» dauka hori Kortazarrek, bata bestearen «isla» delako.Â
Datuek ere berresten dute eskoletako literatur kanonaren eraldaketa. Konparaziora, Alonso Amezuak 2010ean eginiko ikerketaren arabera, eskoletan jorratzen ziren hogei liburutik bakarra zen emakume batek idatzia orduan —Arantxa Urretabizkaiak ondua zen, zehazki—, eta, orain, 24 liburutik hamar dira emakumezkoenak.Â