Taldekako Xilabaren ligaxka abiatuko dute asteburu honetan. A eta B multzoko taldeak lehiatuko dira. Itsasuko Goxoki gaztetxean, parez pare izanen dira, bihar, Hasta la 2toria taldea —Elixabet Etxandi, Lur Renteria, Maddi Sarasua, Hodei Renteria eta Leire Laskarai—, eta Ekainaz taldea —Ekaitza Irastorza, Aitor Servier, Xumai Murua—. Etzi, Hazparneko Bob’s Beer garagardotegian, ariko dira bertsotan Eskukula taldea —Pettan Prebende, Bittor Tikhoipe eta Ramuntxo Crhisty— eta Ezkorbrutak taldea —Mizel Mateo, Patxi Iriart, Gillen Hiribarren eta Karlos Aizpurua—.
Astez aste, urriaren 20ra arte iraunen dute kanporaketek. Lehen fasean bederatzi saio izanen dira, ondoren 2 finalerdi, eta final handia azkenik. Aurtengo txapelketaren finala azaroaren 16an izanen da, Isturitzen.
Bertsotan aritzeaz gain, bertsolariek etxeko saioak antolatzeko ardura ukanen dute; beste ligaxketako saioak epaituko dituzte, baita gaiak prestatu ere. Bestalde, final-aitzinekoetarako eta finalerako epaile eta gai jartzaileen taldeak osatuko dira.
Iaz egin zuten taldekako lehen Xilaba txapelketa, eta formatua errepikatuko dute aurten.