Bihar hasiko da Irudika ilustratzaile profesionalen topaketa

Larunbatera bitarte egingo dute, Gasteizko Artium museoan. Aurtengo herrialde gonbidatuak Grezia eta Finlandia izango dira. Internet bidez ere parte hartu ahal izango da topaketetan, dohainik.

Irudika ilustratzaileen topaketaren bederatzigarren aldia aurkezten, gaur goizean, Artiumen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irudika ilustratzaileen topaketaren bederatzigarren aldia aurkezten, gaur goizean, Artiumen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2025eko urriaren 22a
13:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irudika egitasmoaren helburua da Euskal Herrian egiten diren ilustrazio lanak nazioartean zabaltzea, eta, helburu hori gogoan izanda, hainbat ekintza egiten dituzte urte osoan. Hain zuzen ere, horietako bat da bihar hasi eta larunbatera bitarte Gasteizko Artiumen egingo duten ilustratzaile profesionalen topaketa. Jardunaldien bederatzigarren aldia izango da aurtengoa, eta Finlandia eta Grezia izango dira herrialde gonbidatuak. Hiru egunez, artistak, argitaletxeak eta eragileak izango dira ardatz. Eta azken egunean iragarriko dute datorren udaberrian zer artistak parte hartuko duten Irudikaren sormen egonaldietan.

Irudikako zuzendari Elisabeth Perezek adierazi duenez, aurtengo topagunea antolatzeko orduan aintzat hartu dituzte irudigintzaren mundua inguratzen duten krisiak, eta, horregatik, sorkuntza prozesuei eman diete garrantzia. Zehazki, eztabaidak eta gogoetak sustatzeko moduko programazioa antolatu dute hiru egunetarako, eta euskal ilustratzaileak nazioarteko beste profesional batzuekin harremanetan ipini nahi lituzkete jarduera horien bidez.

Aurten, berritasun modura, bi sarrera mota eskainiko dituzte, Perezek iragarri duenez: «Konturatu gara batzuentzat gehiegi izan daitekeela hiru egunetako mahai inguruetara bertaratzea. Horrexegatik, erabaki dugu aurten egun erdiko sarrerak ere eskaintzea, eta, hala, parte hartzaileak nahi duten hitzaldira soilik joan ahalko dira, prezio murriztuan». Hala ere, gaineratu du topaguneko ekitaldi guztiak —Alberto Garcia-Alixen lanaren proiekzio esklusiboa izan ezik— irudika.eus web orrian ikusi ahalko direla, streaming bidez eta dohainik.

Hiru egun, hiru adar

Irudigintza bera izango da ardatz nagusia, baina egun bakoitzean sektoreko adar bati erreparatuko diote. Bihar, sektore paraleloek emango diote hasiera topaguneari. Askotariko kultura arloetan aritzen diren gonbidatuek sorkuntza prozesuak izango dituzte aipagai. Zuzendariak bereziki nabarmendu du topaketari hasiera emango dion ekitaldia, hau da, Garcia-Alixen De donde no se vuelve [Itzultzen ez den tokitik] filmaren proiekzioa, baita ondoren Garcia-Alixek eta Ainhoa Resanok argazkigintzari buruz izango duten hizketaldia ere. Zuzendariak hizpidera ekarri du Elena Aitzkoak eta Isidro Ferrerrek marrazkigintzari buruz izango duten mintzaldia ere.

«Ilustratzaileen ogibidea prekarioa den sintoma da azken urteetan ironia gehiago erabiltzea»

ELISABETH PEREZIrudikako zuzendaria

Ostiralean, argitaletxeen txanda izango da. Eguneko lehenengo mahai inguruan, haurren aldizkariei eta aldizkari ilustratuei buruz hitz egingo dute zenbait adituk, hala nola Behinola aldizkariko Miriam Lukik. Goizean, halaber, Haitham Haddad palestinarra eta Bilboko Another Press inprimategiko Begoña Cuberia argitalpen diseinuaz eta fanzineez arituko dira. Arratsaldean, frustrazioa eta ironia baliabide editorial gisa nola erabili azalduko dute; Maite Caballero euskal herritarraz gain, ilustratzaile hauek bertaratuko dira mahai inguruan parte hartzera: German di Pierro Uruguaitik, Lucile Ourvouai Frantziatik, Karla Paloma Alemaniatik eta Ata Lasalle Espainiatik. Irudikako zuzendariak azaldu duenez, gai hori ez dute ausaz aukeratu, azken urteetan geroz eta ohikoagoa baita ironia erabiltzea: «Ilustratzaileen ogibidea prekarioa den sintoma da azken urteetan ironiaren gehiago erabiltzea».

Azken eguna, larunbata, ilustratzaileen eguna izango da. Bi mahai inguru egingo dituzte, bakoitza herrialde gonbidatuetako batean ardaztuta. Finlandiari helduko diote goizean, eta Greziari arratsaldean. Horrez gain, bertaratuko direnek elkarrizketa profesionalak eta zenbait tailer egiteko aukera izango dute egun osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.