Zinema

Bihar helduko da zinema aretoetara 'Txarriboda' 'thriller'-a

Bi emakume hil dituen hiltzailearen eta haren atzetik dabilen poliziaren istorioa kontatzen du filmak. Javier Rebollo eta Alvar Gordejuelak zuzendu dute, eta euskaraz filmatu dute.

Itziar Atienza aktorea, 'Txarriboda' thrilerrean. BERRIA
Inigo Astiz
2015eko apirilaren 9a
14:31
Entzun

Fran da pelikulako hiltzailea. Argituta, beraz, hasieratik. Baina, adi, ze itxura guztien aurka, hori ez da spoiler bat. Javier Rebollo eta Alvar Godejuela zuzendariek lehen-lehen planotik utzi nahi izan diote argi ikusleari hiltzailearen nortasuna. Labana eskutan eta txerriboda batean ageri da horregatik Mikel Losada aktorea lehen segundotik. Hura da Fran. Hura da hiltzailea. Eta misterioa hasieratik argituta, tentsioari beste ordu eta erdiz eustea izan da erronka. Gorputzean labanaz egindako gurutze markak dituztela agertu dira bi neska, eta hilketa horiek ezkutatzeko Losadaren pertsonaiak asmatutako amarru sorta desegitea izango da Itziar Atienza aktoreak jokatzen duen poliziaren lana. Iaz errodatu zuten Txarriboda euskaraz, eta bihar estreinatuko dute zinemetan.

[youtube]https://youtu.be/7eRSF7QsOdU[/youtube]

“Atzera begiratu eta orain arte egin ditudan lanak ikusita, ohartu naiz beti nabilela itxuraz normalak diruditen pertsonen alderdi iluna erakutsi nahian”. Horixe Javier Rebollo zuzendariak bere ibilbidean ikusten duen konstanteetariko bat. Horixe izan zen Alvar Gordejuelarekin batera zuzendutako Alaba zintzoa filmaren muina, eta horixe da orain ere Txarriboda lanaren funtsa ere. Hots: itxura batean enpresa gizon eta senar zintzoa dirudien Losadaren pertsonaiaren itzalguneak erakustea.

Euskal 'serial killer'-a
“Filma iluna da”, aitortu du Maria Eugenia Salaberri gidoigile eta ekoizleak. “Baina ez da erabat iluna”. Eta, dioenez, istorioaren kokalekua erabili dute filmari argitasun kutsu hori emateko, adibidez. Eder agertzen baitira Euskal Herriko natur gunean, esaterako. “Gogoz geunden euskal serieko hiltzaile bat sortzeko”. Losadak jokatu du paper hori filmean, baina aktore sorta zabalak hartzen du parte pelikulan. Bertan dira, besteak beste, Aitziber Garmendia, Patxo Telleria, Ramon Agirre, Zorion Egileor eta Loli Astoreka.

Finantzaketa lortzea izan da pelikula egiteko zailtasun nagusia zuzendariek eta gidoigileak azaldu dutenez, eta pozik agertu dira horregatik azkenean aretoetara heldu ahal izango direlako. Euskaraz errodatu dute filma, eta erdarazko azpidatziekin ere eskainiko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.