Bihotza nagusi

benat sarasola
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, 1974) hamaika egitasmo eta ekimenen sustatzailea izan da azken urteotan, bi poema libururen —Arrakalak eta Katamalo—egilea izateaz gain. Bihotz Bakartien Kluba, Literatura Eskola, Literaturia eta Ahotsenea, besteak beste, bere eginahalari esker gauzatu dira, eta, beraz, ezein literatura zalek ezin du lan eskerga horrengatik guztiarengatik esker ona adierazi besterik. Orain estreinako nobela argitaratu du, Errotik; lastima da aipatu egitasmo bikain horien tamaina eman ez izana.

Nobelako pertsonaia nagusiak bi dira, Luis Urresti Euskalduna ontzioletako langilea eta bere alabetako bat, Lorea. Euskaldunaren itxiera eta haren ondorioz egindako mobilizazio eta protesten testuinguruak markatzen du nobela. Kontakizunaren beste ildoa, Luisen minbizia da, Euskaldunako gatazketan hazi eta urte batzuk geroago birsortzen zaion gaixotasuna. Hiru zatitan banatuta, lehenengoan Euskaldunako gatazkaren xehetasunak azaltzen zaizkigu, bigarrenean, Luisen ospitaleko bigarren egonaldia, eta hirugarrenean, Lorearen ikasle-borroka Euskaldunako itxieraren garaian. Hala, nobelan proposatzen den ideia nagusietakoa Luis eta Lorearen borroken lotura da, hots, langile borroka eta ikasle-borroka abertzalearen artekoa. Lotura arazotsua dela agerikoa da, eta ez dut uste nobelan ondo sakontzen denik bien arteko kontraesan, puntu komun eta gorabeheretan.

Lehenengo zatia ia erreportaje baten gisara kontatua dago; nire gusturako, erretorika borrokalari nahiko higatu eta nekagarri batean. Informazioa pilatzen da tentsio narratiborik gabe, eta azkenean, gaiari buruzko orain arteko dokumentuetatik aparteko gutxi aurkituko dugu.

Pertsonaia eta elkarrizketa askori kartoi usaina darie, Loreak momentu batean esaten duena kasu: «Ez naiz drogatzen, ama. Oraindik ez dut larrurik jo. Utzidazu gazte izaten». Sumatzen da halako saio bat, pertsonaia konplexu eta bizi bat sortzekoa, batez ere Jazinto —Fanon ezizena duena— izeneko Luisen lan eta borroka kidearekin, baina ez dut uste lortzen duenik. Agirretar bat sortzeko ahalegina da azken batean —liburuan Koldo Izagirreren Metxa aipatzen da, ez alferrik—, baina esango nuke berriki publikatu diren beste bi nobelatan, Mikel Peruarenaren Ez obeditu inori eta Mikel Antzaren Ospitalekoak-en, askoz hobeto zertzen dela agirretar bat osatzeko saioa. Pertsonaia zurrun horiek eragiten dute, halaber, halako gai batek ezinbestean dakarren manikeismoaren arriskuari ezin itzuri egitea. Garaia ere horrelakoa zela eta orain purismokerietan ibiltzea erraza dela leporatzen ahal zait, baina esango nuke bazegoela gatazka hura zorrotz eta biziago kontatzeko modurik, baita, nahi izanez gero, ekidistantzia neutro faltsu batean erori gabe ere. Liburuko zati guztiak Loreak kontatzen dituelako inpresioa izan dut, hau da, Lorearen ikuspegi eta hizkuntzatik kontatzen dela istorioa; orobat, ustez Luisek kontatzen dituenak.

Bigarren eta hirugarren zatian badaude zantzu interesgarri batzuk, liburua fikziorantz gehiago joaten denean, baina zoritxarrez nobelaren tonu eta hizkera orokorrak estaltzen ditu. Fikzioarekin jolas horretan kokatzen da Barrionuevoren bahiketarena, zeina fikzioaren bidez mendeku (edo justizia, nondik begiratuta) historiko moduko bat erdiesteko saiakera baita. Quentin Tarantinok Inglourious Basterds filmean Hitlerrekin egin zuen antzeko zerbait. Nobelan burua eta bihotza azaltzen dira borrokan etengabe, taktika hotza eta pasio beroa, eta liburuaren irudi ona bihurtzen da azkenean. Bihotza da nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.