Bikoizketa Euskaraz kolektiboak euskarazko bikoizketaren egoera larria dela ohartarazten duen agiri bat igorri zuen atzo hedabideetara, eta jakinarazi zuen datorren asteartean, hilak 24, Donostiako Zinemaldian Zinemira saileko gala egingo den egunean, bikoizketaren aldeko aldarrikapen bat egingo dutela; 18:30ean, Kursaaleko ataritik abiatuko dira, eta San Telmo museoko atariraino joango dira.
«Euskarazko bikoizketa eten egingo dute», dio Euskarazko Bikoizketa kolektiboak zabaldutako agirian. «Dirudienez, azpidatzizaleek filmak, dokumentalak, fikzioa, oro har, jatorrizkoan ikus dezagun nahi dute. Alegia, ez dute nahi euskaraz entzun ditzagun. Nahiz gaur egungo teknikari esker, bertsioa zein hizkuntzatan nahi dugun aukeratzeko modurik badugun: botoi bati sakatu behar zaio, besterik ez».
Euskarak bide guztietatik aurrera egin dezan, ikus-entzunezkoena barne delarik, funtsezkotzat jotzen du Euskarazko Bikoizketa kolektiboak ETBn euskarazko fikzioa ikusteko aukera zabalagoa izatea. Nahiz eta EITBren eta Jaurlaritzaren arteko 2008ko akordioak euskarazko bikoizketa orduak gehitu behar zirela adierazi, «guztiz kontrakoa» gertatu dela diote, 2008 eta 2012 artean %51 murriztu direla euskarazko bikoizketa orduak. Bikoiztu den horren %80 marrazki bizidunak dira. 2008an euskarazko bikoizketan aritzen ziren bikoiztaileen erdiak ari ziren lanean 2012an.
Euskarazko bikoizketaren industria desagertzeko zorian dago, agirian diotenez, eta horrek 30 urtean egindako lana alferrik galtzen uztea ekarriko luke.Egoera onbideratzeko, «hurrengo urteetara begira programa argi bat zehaztu beharra» dagoela uste dute.
Donostiako 61. Zinemaldia
Bikoizketaren egoera larriaz ohartarazi dute arloko profesionalek
Aldarrikapen ekitaldi bat egingo dute asteartean, Zinemira galaren egunean, Kursaaletik abiatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu