Ikusi aurretik ere arreta pizten zuten bi filmekin hasi zen Bradley Cooper aktorea zuzendari lanetan. Aurrenekoa A Star is Born izan zen (2018), Hollywoodek lehenengoz 1937an kontatu zuen istorio ezaguna —oinarrian, emakumezko artista gazte batek gizonezko beste artista arrakastatsu baten laguntza izango du ibilbidean aurrera egiteko—, eta gero beste bi bertsio ere izan zituen, tartean George Cukorrek zuzendu zuen eta Judy Garland eta James Mason protagonista zituen klasikoa (1954). Cooperrek zuzendutako bigarren filma, berriz, Maestro izan zen (2023), Leonard Bernstein konpositore eta orkestra zuzendari ospetsu bezain karismatikoaren biopica. Itxuraz bederen, aurreko bi filmekin zerikusi gutxi duen film batekin itzuli da oraingoan Cooper: Is This Thing On?.
Alexek (Will Arnett) eta Tessek (Laura Dern) osatzen duten bikotea bere azkenetan da. 50 urteren bueltan dabiltza biak, eta haietako bakoitzak helburu ezberdinak ditu bizitzan. Biek hala onartzen dute, sumindurarik gabe, eta badakite banantzea dela onena bientzat. Alexek bere bizitzari erabateko astindua eman eta umorezko bakarrizketari lanetan hasiko nahiko du New Yorken, eta Tessek, berriz, egoera berrira egokitu beharko du.
Zeharka bada ere, filma John Bishop futbolari ohi eta aktorearen bizitzan dago oinarritua. Emaztearengandik banandu zenean erabaki zuen Bishopek aktore bihurtzea eta oholtza gainean umorea egitea. Is This Thing On?-ek abiapuntu hori hartzen du, nahiz eta filmak ez duen, zehazki, Bishopen historia kontatzen.
Melodramatik urrun
Filmak jorratzen duen gaiak kontrakorako eman dezakeen arren, Is This Thing On? ez da melodrama bat, ezta drama bat ere bere horretan. Gehiago da banandu ostean egoera ezberdin batera moldatu behar duten bi pertsonaren gaineko komedia dramatiko bat. Ikasi beharko dute harreman berriak egiten, eta haien ingurukoek ere onartu beharko dute urteetan bikotekide izan diren Alex eta Tess dagoeneko ez daudela elkarrekin.
Berak zuzendutako aurreko bi filmetan ez bezala, oraingoan Cooperrek ez du beretzat hartu gizonezko protagonistaren rola, eta bigarren mailako pertsonaia bat jokatu du.
Filma iazko urrian eman zuten aurrenekoz New Yorkeko zinema jaialdian, eta abenduan iritsi zen AEBetako aretoetara. Estreinaldia urtearen amaieran izanda, Is This Thing On? Oscarretako lehiatik kanpo geratu da, nahiz eta Cooperren aurreko bi filmek izendapen ugari izan zituzten.Â
'IS THIS THING ON?'
Zuzendaria: Bradley Cooper. Gidoilariak: Bradley Cooper, Will Arnett eta Mark Chappell. Aktoreak: Will Arnett, Laura Dern, Andra Day, Ciaran Hinds. Herrialdea: AEB. Iraupena: 124 minutu. Estreinaldia: ostiralean Hego Euskal Herrian eta hilaren 25ean Ipar Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk

'COUTURE'
Zuzendaria: Alice Winocour. Gidoilaria: Alice Winocour. Aktoreak: Angelina Jolie, Louis Garrel, Anyier Anei. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 106 minutu. Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Modaren Parisko Astearen zurrunbiloan hiru emakumeren bideak gurutzatuko dira. Maxime zinema zuzendari estatubatuarrari minbizia diagnostikatuko diote; Adak Hego Sudan utzi du mundu berri bat ezagutzeko; eta Angele makillatzaileak bizitza aldatzearekin amets egiten du. Alice Winocourrek (Proxima) Donostiako Zinemaldiko azken ekitaldian aurkeztu zuen Couture.
'Kiss of the Spider Woman’
Zuzendaria: Bill Condon. Gidoilaria: Bill Condon. Aktoreak: Jennifer Lopez, Diego Luna, Tonatiuh Elizarraraz, Bruno Bichir. Herrialdea: AEB. Iraupena: 128 minutu. Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Valentin preso politikoak eskandalu publikoa eragiteagatik atxilotutako erakusleiho apaintzaile batekin —Molina izena du— partekatzen du espetxeko ziega. Bien artean harremana sortuko da, eta Molinak Ingrid Luna protagonista duen Hollywoodeko musikal baten trama kontatuko dio.
'O AGENTE secreto'
Zuzendaria: Kleber Mendonça Filho. Gidoilaria: Kleber Mendonça Filho. Aktoreak: Wagner Moura, Gabriel Leone. Herrialdea: Brasil. Iraupena: 158 minutu. Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
1977an, Brasilgo diktaduraren garaian, Marcelo izeneko irakaslea ihesean iritsiko da Recifera, semearekin berriro elkartu eta bizimodua aldatzeko asmoz. Han, ordea, erregimen politiko eta armatuari egin beharko dio aurre. Abenduan Ipar Euskal Herrian estreinatu ostean, Hegoaldera iritsiko da aste honetan.