Artea

Bilbo Arteren bilduma garaikide eta aldi berean barrokoa

Bilbo Arten lanean aritutako ehunka artistaren seiehun artelan baino gehiago biltzen ditu erakundeko bildumak. Multzo horretako 52 artistaren 55 pieza jarri dituzte orain ikusgai ‘Bildumatik ez dago itzultzerik’ erakusketan.

Bilbo Arteren bildumaren parte diren lanekin osatu dute 'Bildumatik ez dago itzultzerik' izeneko erakusketa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilbo Arteren bildumaren parte diren lanekin osatu dute 'Bildumatik ez dago itzultzerik' izeneko erakusketa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1999an hasi zuen Bilbo Artek bere ibilbidea, eta, geroztik, ehunka artistari eskaini die lanerako lekua eta laguntza. Eta, hain justu, bertan lanean aritutako sortzaile multzo handi horren seiehun artelan baino gehiago biltzen dituen bilduma bat ere badu erakundeak. Artista horien arteko 52 hautatu, eta haien 55 obra bildu dituzte orain Bilboko Uribitarte kaleko erakusketa aretoan. Besteak beste, Mabi Revuelta, June Crespo, Helena Goñi, Greta Alfaro, Idoia Monton, Naia del Castillo eta Dora Salazar artisten lanak topatuko ditu bisitariak bertan. Bildumatik ez dago itzultzerik. BA bilduma deitu dute erakusketa, eta otsailaren lehenera arte egongo da ikusgai, Bilboko Uribitarte kaleko aretoan.

Nerea Aierbe eta Jaime Cuenca izan dira komisarioak, eta Bilbo Arteren bildumaren berezitasunak bistaratzen dituen antolaketa bat proposatu dute. «Hasieratik izan genuen argi obra asko jarri nahi genituela», onartu du Aierbek, «eta biltegitik ia inoiz atera ez diren lan batzuk ere ikusarazi nahi genituen, ezagunago egin diren beste batzuekin batera».

«Hasieratik izan genuen argi obra asko jarri nahi genituela, eta biltegitik ia inoiz atera ez diren lan batzuk ere ikusarazi nahi genituen, ezagunago egin diren beste batzuekin batera»

NEREA AIERBE Komisarioa

Bildumaz beraz gogoeta egiteko baliatu dute aukera, gainera. Bai Bilbo Artekoaz zehazki, bai eta bildumagintzaz ere, modu orokorragoan. Juan Mayorga antzerkigile madrildarra izan dute horretarako inspirazio iturrietako bat. Komisarioek azaldu dutenez, «hunkigarria» egin zitzaien Bilboko Arriaga antzokian haren La colección (Bilduma) antzezlana ikustea, eta testu haren solasaldietatik hartu dituzte bai erakusketarako izenburua, bai eta hura osatzen duten lau aretoak izendatzeko tituluak ere.

(ID_15549612) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-11-26, Bilbo. BilboArten erakusketa kolektiboa
Nerea Aierbe eta Jaime Cuenca komisarioak, Bilbo Arteren aretoan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Horrez gainera, bildumen esanahiari, funtzioari eta ondareari buruzko gogoetak ere tartekatu dituzte hormetan. «Bilduma egitea gauzei justizia egiteko modu bat da», irakur daiteke haietako batean. «Antolaera bat ematen diegu, eta hori egitean babestu egiten gara munduaren kaosaren eta bestetasunaren aurrean. Ingurune bat eraikitzen dugu, kontrolpean dugula sentitzeko».

Multzokatuta

Komisarioek diotenez, artelanak bakarrik ez erakustea izan dute erronketako bat. Artelanak biltzen dituen bildumaren nortasuna agerrarazi nahi zutenez gero, bilduman aurkeztu nahi izan dituzte piezak ere, eta, horregatik, urrundu egin dira gaur egun nagusi den museografia motatik.

«Pinakoteka barrokoetan ezaugarri estetikoen edo gaiaren arabera antolatzen zituzten artelanak, eta logika hori gaurkotzen saiatu gara gu»

JAIME CUENCA Komisarioa

«Pinakoteka barrokoetan egiten ziren erakusketak hartu ditugu erreferentziatzat», azaldu du Cuencak. «Garai batean, museoetan artelanak kronologikoki antolatzen hasi baino lehen, horrela multzokatzen zituzten artelanak, euren ezaugarri estetikoen edo gaiaren arabera, eta logika hori gaurkotzen saiatu gara gu, publikoa ere jolastu dadin piezen arteko oihartzunak eta antzekotasunak bilatzera».

Eta lehen aretoa da multzokatze horren lehen froga. Izan ere, elkarren ondo-ondoan ikus daitezke Erramun Landaren margolan abstraktu bat eta Igancio Goitiak margotutako jirafa baten irudia. Kasu horretan, ia kontrajarriak dira bi artista horien hautu estetikoak, baina kromatikoki badituzte antzekotasun batzuk, eta, horregatik jarri dituzte elkarren ondoan bi lanak. Izan, bilduma beraren parte ere badira biak, gainera. «Elkarrizketan egon zitezen nahi genuen, elkar uki zezaten, elkar kutsatu», azaldu dute komisarioek. Eta hala multzokatzen dira artelanak ondorengo guneetan ere. Etxearen ideiaren bueltan dabiltza bigarren aretoko artelanetako batzuk. Han dira Edurne Gonzalezen argazki muntatzeak, adibidez, bai eta Heli Garcia artistaren instalazioa ere.

(ID_15549610) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-11-26, Bilbo. BilboArten erakusketa kolektiboa
Erakusketan multzokatuta aurkeztu dituzte artelanak. ARITZ LOIOLA / FOKU

Kepa Garraza artistaren argazki bat ikus daiteke hirugarren aretoan. Mutil bat eta neska bat ageri dira, bakoitza mahai baten alde batean eserita. Mutila mahai gainean amilduta dago, eta neskak, berriz, axolagabe begiratzen du urrunera. Eta lan horren aurreko horman dago Elssie Ansareo artistaren lana. Genero eraikuntzari estuki lotutako histeria diagnostikoen berrinterpretazio bat proposatzen duen proiektu zabalago baten parte da pieza hori, eta, hartan, gizonezko bat ikus daiteke medikuek historikoki emakumeei gaixotasun hori diagnostikatzeko baliatutako gorputz postura bihurrietako batean; histeriaren arkua izenekoan, hain zuzen.

Horma beltzak ditu ibilbideko azken aretoak. «Bildumak mozorrotzen duen sekretu bat» titulupean bildu dituzte komisarioek horko lanak. Mailuekin eta iltzeekin lotutako gaztelerazko hamaika esamolde irudikatzen dituen Txuspo Poyoren bideo bat dago tartean. Eta June Crespo artistaren bi argazki ere topatuko ditu bisitariak.

Erakusketaz gainera, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Pablo Marte artistak, esaterako, performance bat egingo du gaur, eta Juan Mayorgarekin antolatutako topaketak itxiko du erakusketa, otsailaren lehenean.

artistak

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.