Uda hasierako ekitaldi ikonikoetako bat berreskuratu du Bilboko Orkestra Sinfonikoak aurten: Bilboko Koral Elkartearekin batera, kontzertu sinfonikoa eskainiko du aire zabalean, Bizkaiko Foru Jauregian. Aurten are zentzu handiagoa izango dute nola kontzertuak hala tokiak ere. Izan ere, Bizkaiko Foru Jauregiaren 125. urteurreneko ospakizunen programazioari lotuko zaio BOSen eta Bilboko Koral Elkartearen ekitaldia. Bihar izango da, 21:30ean. Doakoa izango da, leku guztiak bete arte.
Jon Malaxetxebarriak zuzenduko du orkestra sinfonikoa; Enrique Azurzak, berriz, Bilboko Koral Elkartea. Bestalde, Aitor Garitano tenorra eta Lorea Lopez sopranoa ere tartean izango dira.
Euskal Herriko ondare lirikoak aparteko protagonismoa hartuko duela agindu du BOSek. Besteak beste, Jesus Guridi, Charles Colin eta Jose Maria Usandizaga konpositoreen piezak entzun ahal izango dira, esate baterako Mirentxu operaren Goizeko eguzki argiak sopranorako erromantza eta Mendi-mendiyan suitea.
Kontzertua dela eta, Kale Nagusiko errepidea itxita izango da, bai eta oinezkoen pasabidea ere, Bilboko Udalak adierazi duenez. Kale Nagusiko 26. zenbakiko bizikleten aparkalekua ere ezingo da erabili.
Musika sinfonikoa hirigunean kokatzea eta herritarrei eskurago jartzea du helburu kontzertu honek. Iaz ez zuten halakorik eskaini, eguraldia zela-eta bertan behera utzi behar izan baitzuten.