Bilbon kokatuko dute Eremuak arte garaikide programa aurten

Artistei atzerriko egonaldiak eskaini eta kultur etxeetara arte garaikidea eramateko proiektu bat garatuko du Eremuak programak 2016an

Bilboko Azkuna zentroa izango da aurten Eremuak arte garaikideko programaren egoitza. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Esan daiteke korapiloak direlaEremuak programaren kezka, korapiloak, eta ez hariak; proiektuaren asmoa ez baita artista zehatzak laguntzea, baizik eta euskal arte garaikidearen testuingurua sustatzea. Sarea. Eusko Jaurlaritzak jarri zuen abian 2010ean programa, baina artearen munduko profesionalek osatutako batzorde tekniko independente batek gidatzen du, eta hain zuzen ere eredutzat aurkeztu du horregatik Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak: «Kultur politikak ez du izan behar goitik behera erakunde batek sektore batentzat erabakitzen duen ideia zoragarri bat, izan behar du lankidetzan sektore horretan kultura egiten ari direnekin batera garatzen den zerbait». Hala, arte sektoreko kideek erabakitzen dute zer den komunitate artistikoa sustatzeko egin beharrekoa, eta, hasteko, programaren egoitza aurten Gasteiztik Bilbora eramatea erabaki du Itziar Okariz, Pello Irazu eta Leire Bergarak osatutako batzordeak. Bost herritako kultur etxetan arte garaikide erakusketak antolatzeko proiektu bat ere abiatu dute, eta atzerriko egonaldiak egiteko programa bat prestatu.

Gasteizko Artium arte garaikideko museoan izan du egoitza orain arte programak, baina Bilboko Azkuna zentrora eraman dute orain, iruditzen zaielako leku aldaketak proiektua aberasteko balio dezakeela. Lankidetza sarea zabaltzeko, alegia. Pello Irazuk eman du azalpena: «Programa independentea da Eremuak, eta lekuekiko ere independentea da. Hainbat lekutan egon daitekeen egitura bat dauka Eremuak-ek, eta horrek eraman gaitu, Gasteizen egon ondoren, Bilbora etortzera. Joan gintezkeen Donostiara edo Lekeitiora, baina Bilbora etorri gara, ikusten dugulako hemen artikulatu daitekeen ehun artistiko trinkoa dagoela».

Hutsunea igarri, eta horregatik prestatu dute Euskal Herriko bost herriko kultur etxetarako erakusketa programa. Arazoa deskribatu du lehenik Irazuk: «Arte garaikidea denon ahoan dago egunero, baina ez dugu gertu ikusten. Arte garaikidea da museoetan eta erakunde handietan dagoena, eta hor galera izugarria dago zer den ikasteko». Hori, beraz, arazoa, eta horregatik Eremuak programak proposatutako proiektua. «80ko hamarkadan kultur etxe pila bat egin ziren, baina aztertu ditugu, eta konturatu gara arte garaikiderako oso gutxi erabiltzen direla». Eta hain zuzen ere arte garaikiderako erabiltzen ez diren eraikin horiek arte garaikiderako erabiltzea da Harriak deitu duten egitasmoaren asmoa. Gueñes (Bizkaia), Dulantzi (Araba), Lekeitio (Bizkaia), Arrasate (Gipuzkoa) eta Andoain (Gipuzkoa) hartuko ditu lehen saioan, eta erakusketarekin batera bertako eragileak eta elkarteak inplikatuko dituen jarduerak ere antolatuko dituzte. «Arte garaikideko erabiltzaileak sortzea da asmoa».

Artisten koadernoak

Atzerrian egonaldiak egiteko artistentzako programa da 2016rako prestatutako beste berrikuntza. Hor ere hutsunea igarri, eta horregatik egin dute proposamena. Itziar Okarizek azaldu duenez, asmoa ez baita soilik Euskal Herriko artistei beste herrialde batean denbora pasatzeko aukera eskaintzea. «Egoitza horrek nolabaiteko joan-etorri bat garantiza dezan testuinguru bateko eta besteko artisten artean».

Horiek dira nobedadeak, baina mantendu egingo dituzte orain arteko beste lan ildoak ere. Eutsi egingo diote euskal arte komunitatea sendotzeko asmoa duten laguntza deialdi jarraituari. Urte osoz dago zabalik deialdi hori, eta arte testuingurua sendotzeko interesgarri izan daitezkeen proiektuak laguntzea du helburu.

Jardunaldi publikoak ere egingo dituzte Azkuna zentroan. Aurrez Artelekun eta Bilbo Arten eginak dituzte halako saioak, eta komunitate artistikoko eragileak elkarrekin harremanetan jartzea da helburuetariko bat. Okarizek azaldu duenez, orain arte hiru ardatz izan dituzte jardunaldiok: programazioa, edizioa eta ekoizpena; baina oraingoan laugarren bat ere gehitu nahi izan diete: artean hezkuntzak eta pedagogiak duten zereginari eskainitakoa, hain zuzen ere.

Argitalpenekin ere jarraituko dute aurrerantzean. Ikerketa eta gogoeta lanak biltzen dituen Eremuak aldizkariaren hirugarren zenbakia kaleratuko dute aurten, adibidez, eta jarraituko dute Euskal Herriko artisten gogoetak biltzeko asmoz sortutako koadernoak ateratzen. Orain arte, koaderno bana argitaratu dute Jon Mikel Euba eta Juan Luis Moraza artisten testuekin, eta hirugarren zenbakia egingo dute aurten. Oraindik ez dute zehaztu, halere, zer sortzailerekin.

Balorazio positiboa egin dute arduradunek programaren sei urteko ibilbideaz. Egitasmoak sortutako bibliografia aipatu du, adibidez, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, eta baita orain hiru urte Artiumen antolatutako erakusketa kolektiboa ere. «Nazioartean leku gutxitan dago hemen dagoen besteko komunitate sentsaziorik eta dena etengabe zalantzan jartzen duen halako lankidetzarik», azaldu du. Programaren parte izan diren artisten arteko barne solasaldi eta eztabaidak azpimarratu ditu, ordea, Okarizek. «Jendea testuinguru baten parte sentiarazten du horrek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.