«Billy Wilderri buruz? Dena idatzia dago». Horixe esan zuen Zigor Etxebestek zinema zuzendari horri buruzko liburu bat idazteko enkargua jaso zuenean. «Dena idatzia dago». Baina euskaraz ere? Atzera begira jarri, eta besteak beste Koldo Mitxelenaren Denbora bateko zinema paperak (1954-1961) liburura jo zuen Etxebestek dokumentazio lanak egiteko. Mitxelenaren zenbait zinema kritika biltzen ditu liburu horrek, eta, hain zuzen, badago Wilderren Witness for the Prosecution (1957) filmari buruzko bat, 1959an Egan aldizkarian argitaratu zuena. Horrez gainera, Etxebestek ez zuen topatu beste euskarazko argitalpenik. Bada, Wilder jaio eta 120 urtera, hari buruzko euskarazko lehen liburua argitaratu du Etxebestek, Donostia Kulturaren eta Euskadiko Filmategiaren babespean: Billy Wilder. Jaunak esana. Nosferatu bildumaren hamalaugarren zenbakia izango da, eta, gainera, ziklo horren barruan, Wilderren filmak proiektatuko dituzte Donostiako Tabakaleran, abendura bitarte. Gaur, The Apartment (1960) filma emango dute, 19:00etan, eta Etxebestek ezinbestekotzat jo du film hori ikustea.
Osagarriez gain, kronologikoki antolaturiko bost atal ditu liburuak. Wilderren bizitza oinarri, liburua hasiera-hasieratik hasten da, baina ez da zinemagilearen heriotzarekin amaitzen, ezta hark ekoitziriko azken filmarekin ere. «Zera pentsatu nuen: 'Filmei buruz hitz egingo dut, baina film horiek haren bizitzarekin lotzen saiatuko naiz'», azaldu du Etxebestek. Eta, bide horretan, Wilderrek elkarrizketetan esandakoez ere baliatu da idazlea. Hala, euskarara itzuli ditu orain arte itzuli gabeko zinemagilearen aipuak. «Horixe izan da nire ekarpen nagusietako bat: Billy Wilder euskarara ekartzea», aipatu du idazleak.
«Horixe izan da nire ekarpen nagusietako bat: Billy Wilder euskarara ekartzea»
ZIGOR ETXEBESTE Idazlea
Eta inor ez da perfektua, baina Wilder salbuespena ez ote den zalantza egiten du Etxebestek. Berriro ere atzera begira jarrita, pasadizo bat azpimarratu du idazleak: 1994ko Oscar sariketan Fernando Trueba zinemagile espainiarra eszenatoki gainera igo zen Belle Époque filmagatik saria jasotzera. Zera esan zuen: «Jainkoarengan sinetsi nahi nuke hari eskerrak emateko, baina Billy Wilderrengan besterik ez dut sinesten, bera da nire Jainkoa. Eskerrik asko, Wilder jauna». Etxebestek ez du liburuaren izenburua aukeratzeko inspirazio iturri hoberik izan: «Ez nuen besterik buruan». Gainera, diotenez, Wilderrek hurrengo egunean hots egin zion Truebari, eta zera esan Truebak telefonoa hartu orduko: «Kaixo, Fernando. Jainkoa naiz». Anekdota horretaz baliatu da Etxebeste, eta, hain zuzen, euskarazko esamolde elizkoia erabili du joko horretarako: Jaunak esana.
Zinemaren memoria
«Uste dut euskaraz, zinemaren arloan, ez dela idatzi honen gisako liburu dibulgatzaile, biografiko eta kritikorik; bere estilo eta ikuspegi propioa du, gainera». Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema programazioko arduradunak Etxebestek egindako lana goraipatu du, eta gogorarazi hain justu horixe izan dela Donostia Kulturaren eta Euskadiko Filmategiaren azken urteotako harremanaren xedea, zinemaren arloan euskarazko bibliografia bat osatzea: «Ez itzulpenekin, jatorrizko bertsioekin eta ideia originalekin baizik».
1988. urteaz geroztik antolatzen dute Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak Nosferatu zikloa, eta, filmak proiektatzearekin batera, bi liburu argitaratu ohi dituzte urtero, bata gazteleraz eta bestea euskaraz; aurten, Etxebesterena. Gazteleraz kaleratu duten liburua, berriz, Billy Wilder. Anatomía de un genio izan da, eta Luis Alegrek koordinatu du. Cristina Tapia Euskadiko Filmategiaren komunikazio arduradunak Wilderrek bere filmen bidez umorea, zinismoa, drama eta gizakien kontraesanak «maitasunez» uztartzeko zuen gaitasuna azpimarratu du, eta liburuen bidez Wilder bera ezagutzeko gonbita egin dio gizarteari: «Horixe da Nosferatu bildumaren helburua: zinemari buruzko ezagutza eta hausnarketak publikoaren eskura jartzea, eta zinemagile zein obra esanguratsuen inguruko begirada desberdinak sustatzea».
«Gustatuko litzaidake gazteek ere izan ditzatela niri Billy Wilderrek bizitzan eman dizkidan alaitasuna, sendotasuna eta erreferentziak»
ZIGOR ETXEBESTE Idazlea
Halako proiektuek zinemaren memoria zaintzen dutela uste du Tapiak, eta, Etxebesteren iritziz ere, indartu egin behar litzake zinema klasikoa: «Gustatuko litzaidake gazteek ere izan ditzatela niri Billy Wilderrek bizitzan eman dizkidan alaitasuna, sendotasuna eta erreferentziak. Ze Billy Walderren ikuspegia garratza da, baina baita alaia ere; gazi-gozoa. Oso ondo ikusten da hori The Apartment filmean».