BIME jaialdiak musika eta kulturaren hiriburu bilakatuko du Bilbo bihartik ostiralera bitarte

Hamaseigarrenez egingo dute BIME jaialdia. Hainbat abeslari eta aditu ariko dira musikaren industriaren inguruan, Bilboko Euskalduna jauregian. Gainera, 65 kontzertu antolatu dituzte BIME Live ekinaldiaren barruan.

George Drakoulias eta Anamaria Sayre, iaz, BIME jaialdian. LUIS TEJIDO / EFE
George Drakoulias eta Anamaria Sayre, iaz, BIME jaialdian. LUIS TEJIDO / EFE
edurne begiristain
2025eko urriaren 27a
13:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

BIME jaialdiak atzera ere bilakatuko du Bilbo musika industriaren eta kulturaren topaleku. Hiriburuak musika arloko profesionalen, artisten eta musikazaleen topaketaren hamaseigarren aldia hartuko du bihartik ostiralera bitarte. Jaialdiak bi ardatz nagusi izango ditu: BIME Pro barruan dozenaka hitzaldi, tailer eta mahai inguru egingo dituzte, denek musika industria ardatz dutela, eta BIME Live kontzertuek osatuko dute jaialdia.

Nazioarteko dozenaka artista izango dira, musikaren munduaz euren ikuspegia emateko edo kontzertuak egiteko. Gainera, hainbat berritasun izango dira: besteak beste, Sormen Industrien Ikerketarako Nazioarteko kongresua egingo dute lehen aldiz hainbat aditurekin, eta herritarrei irekitako elkarrizketak antolatuko dituzte.

Bihar hasi eta ostegunera arte egingo dute BIME Pro, Euskalduna jauregian. Musika eta kultura industriaren profesionalak, erakundeak eta sortzaileak bilduko ditu, sektorearen erronkak eta aukerak aztertzeko. Lehen mailako gonbidatuak izango dira aurten ere: Ruben Blades, Mon Laferte, Leire Martinez, Zahara eta Manuel Alejandro musikariekin batera, Normunds Popens Europako Batzordeko Hizkuntza, Gazteria, Kirol eta Kulturako zuzendari nagusia, Maria Eizagirre RTVE Espainiako irrati-telebista publikoko Komunikazio zuzendaria eta Pablo Gil El Mundo egunkariko kazetaria ariko dira, besteak beste.

Publikoari irekitako jarduerak ere eskainiko ditu BIME Prok. Batetik, Fito Cabrales musikari bilbotarra bere ibilbideaz eta El monte de los aullidos disko berriaz mintzatuko da. Bestetik, Omara Portuondo Kubako abeslariaren bizitza hizpide duen Omara: Cuba’s Legendary Diva dokumentala estreinatuko dute, eta ondoren, mahai inguru bat egingo dute Hugo Perez zuzendariarekin, Jonathan Finegold musika gainbegiralearekin eta Omara Portuondorekin batera.

BIME Live

Zuzeneko musika hiriaren bihotzera eramango du BIME Livek lau egunez. Guztira 65 kontzertu inguru izango dira, areto hauetan: Kafe Antzokian, Bilborocken, BBK aretoan, Stage Liven, Crystalen, Back Roomen, La Riberan, Dock BBFn eta Cotton Cluben. Sarrera librea izango da, eta etorkizuneko talentuak eta gaur egungo proposamen abangoardistak ezagutzeko aukera egongo da, kontzertu laburren bitartez. Flamenko, pop, rap, trap, reggaeton, R&B, folklore, hardcore, elektronika eta beste hainbat estilotako musikariak ariko dira. Haien artean egongo dira, esaterako, Nicole Zignago, Sarria, Mat Alba, Bala, Jesse Baez, Cariño, Orishas, Carencias Afectivas, Rata, Queralt Lahoz eta La Valenti. Zuzeneko kontzertuekin batera, musika dokumentalak ere ikusgai izango dira.

Ostiralean, berriz, aire zabaleko musikaren txanda izango da. Uribitarte pasealekuan, udaletxearen ondoan, bi oholtza ezarriko dituzte, eta 17:00etatik aurrera izango dira taldeak bertan. Silitia izango da lehenengoa, eta, haren ondoren, Ruptura (17:45), Villano Antillano (18:45), Flaca (19:35), eta Delaporte (20:45) igoko dira oholtzara.

BIME Pro eta Live antolatzeaz gain, jaialdiak barne hartuko ditu beste hainbat proiektu. Esaterako, Live on KEXP Sessions saioak grabatuko dituzte Gizakunde Elizan, ateak itxita, eta bertan ariko dira, besteak beste, Alcala Norte, Depresion Sonora, Tanxugeiras, Queralt Lahoz eta Rosario La Tremendita.

Gainera, aurten lehen aldiz egingo da Sormen Industrien Ikerketarako Nazioarteko Kongresua, UIC Barcelonak eta BIMEk antolatuta. Unibertsitateetako irakasle, ikertzaile eta kultur eragileak elkartuko dira, sormenaren ekonomia berrien inguruko lau txosten aurkezteko— tartean, BIMEren lehen ikerketa txostena bera—. Horrez gain, jaialdiak txoko berri bat izango du: Musik & Pintxos, gune gastronomiko eta musikala. Halaber, Aupa! sarien bigarren aldia egingo dute, musikaren industrian sormen «ausarta, berritzailea eta altruista» aitortzeko sari banaketa. Manuel Alejandro, Amaia, Zahara, Som Valencia eta Donostiako Jazzaldia izango dira aurtengo saridunak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.