Asmo argi batekin sortu zuten Bilboko BIME jaialdia orain hamalau urte: musikaren industria garatzeko esparru baliagarri izan zedin. Hala adierazi du Isabel Villanueva BIMEren zuzendariak ohar bidez; zehazki, industria horretako kideak «elkartzeko, ezagutza partekatzeko eta elkarrekin aurrera egiteko» helburua atxiki dio jaialdiari, eta gaurtik ostiralera bitarteko egitaraua osatu dute horretarako. Horren barruan, BIME Pro eta BIME Live ekinaldiak bereizi ohi dituzte; lehenak solasaldiak barne biltzen ditu eta, bigarrenak, berriz, kontzertuak. Bertan izango dira, besteak beste, Sara Zozaia eta Silitia taldea, bihar.
Bilbo hiria bera musika zirkuitu bihurtuko da egunotan. 70 aurkezpen kontzertu labur eta ekitaldi osteko festa baino gehiago egingo dituzte, eta hainbat areto egongo dira tartean, hala nola Kafe Antzokia, BBK Sala, Bilborock, Azkena, Crystal, Dock BBF, La Ribera, Stage Live eta Back Room aretoa. Hala, antolatzaileek musika proposamen «abangoardistenetako batzuk» ezagutarazteko asmoa dute, eta lau izen aurkeztearekin batera itxi dute aurtengo kartela: indie rocka lantzen duen Ashleys espainiar laukotea; Dianka Espainiako indie pop taldea; Uruguaiko Tussiwarriors, trap, RKT eta reggaeton estiloak lantzen dituena; eta Puerto Ricoko Pedro Capo. Azken hori, gainera, solasean ere ariko da BIME Pro ekinaldian.
Baina aretoetan ez ezik, aire zabalean ere egingo dituzte kontzertuak; esaterako, ostiralean Bilboko udaletxearen alboko Uribitarte pasealekuko Omoda agertokian joko dute hauek: Espainiako 1111 hirukoteak; rock alternatiboa lantzen duen Madrilgo Alcala Norte taldeak; Mexikoko Hija del Nopal taldeak; Jimena Amarillo abeslariak; eta Sedientos de Cumbia taldeak.
«BIMEk herritarrei aukera ematen die hiriko hainbat gunetan askotariko musika eta kultura proposamenez gozatzeko», baieztatu du Javier Garcinuño Bilbao Ekintzaren zuzendari nagusiak. Eta kontzertuak doakoak izango badira ere, publikoak aldez aurretik izena eman behar du programazio osoaz gozatzeko. Izen emateak euro bateko dohaintza izango du, eta, azaldu dutenez, bildutako diru guztia Kolonbiako lurrikarek kalte egindako eremuak berreraikitzeko izango da. Honako web orrian eman behar da izena: https://feverup.com/m/677163.
Musikak badu zeresana
BIME jaialdiak, dantzan ez ezik, musika industriaren gainean hausnartzen ere jarriko du jendea; hain zuzen, BIME Pro ekinaldian industriako profesionalen solasaldiak antolatu dituzte. Bilboko Euskaldunan izango dira, besteak beste, Luz Casal eta Alaska musikariak, Walter Kolm agentea, Alan McGee Creation Records diskoetxe independentearen sortzailea, eta Ethiopia Habtemariam HYBE etxearen Amerikako adarraren musika presidentea. Orainaldiari buruz gogoetatzea eta etorkizunari erreparatzea izango dute helburu; hortaz, mahai gainean jarriko dituzte aurrerantzeko erronkak eta «merkatu berrietan sortzen diren aukerak».
Sortzaileen eta publikoaren arteko harremanaz hizketan aritu da gaur Mikel Unamuno EITBko Publiko Estrategikoen Arloko zuzendaria, eta alboan izan ditu Mer Gil (Estacion Feten), Vicent Argudo (Prisa Media), Sebas Alonso (Jenesaispop) eta Marcos Garcia (Substack). Audientziatik komunitatera igarotzeko bideak arakatu dituzte, «publikoarekin harreman sendoagoak eta iraunkorragoak eraikitzeko» asmotan. Eta hauxe izango dute biharko lehen hitzaldi irekietako bat: Musika enpresen lehiakortasuna eta nazioartekotzea. Han izango da Olatz Goitia, Beaz sozietatearen zuzendari nagusia.