BIME Pro musikaren alorreko profesionalen topaketak hamargarren urtemugara heldu da aurten, eta herrialde ugaritako 4.500 lagun baino gehiago espero dituzte gaurtik larunbatera bitartean, hamar urteak ospatzeko. Bilboko Euskalduna jauregian egingo dituzte sektorearentzako saioak—hitzaldiak, tailerrak zein eskola magistralak—, eta, modu paraleloan, hiriko hamaika txokotan doako 60 kontzertu baino gehiago izango dira — besteak beste, Ben Yart, Sara Goxua, Hofe X4:40, Hipnotica, Yael Meyer, Rakky Ripper eta Muerdo daude horien artean—.
Azkuna zentroan, zehazki, bi ekitaldi nabarmen ere izango dira: gaur gauean, musika jaialdiei zuzendutako Fest sariak banatuko dituzte bertan; eta larunbat eguerditik aurrera, BIME Live Son izenpean, Judeline, Magia Bruta, Aiko El Grupo, N. Hardem eta Erik Urrano & Merca Baeren emanaldiak izango dira. Laurent Garnier eta Patti Smithen dokumentalak ere proiektatuko dituzte, Filminekin lankidetzan.