Birako kideak

Lutxo Egia eta Oihana Bartra: «Bira, orain den moduan, desagertu egingo da»

Diru laguntzen murrizketek egitura profesionalik gabe aritzera behartuko dute Bilboko Bira kulturgunea. Gune horrek euskara biziberritzeko eta euskal kultura sustatzeko duen garrantzia nabarmendu dute Lutxo Egia eta Oihana Bartra kideek.

Lutxo Egia eta Oihana Bartra, Bira kulturguneko kideak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Lutxo Egia eta Oihana Bartra, Bira kulturguneko kideak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko ekainaren 24a
09:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Bederatzi urteko lanaren ostean, abiapuntura itzultzearen pareko zerbait da. Azken lau urteetan Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak bideratutako diru sailei esker, lan militantea eta lan profesionala uztartu ahal izan ditu Bira kulturguneak. Kultur programazio esanguratsua antolatzeko aukera eman dio horrek, eta erreferentziazko gune bilakatu du. Zehaztu dutenez, guztira, 45.000 euro inguruko aurrekontua izan dute horretarako, eta nahikoa dute kopuru hori orain arte lan egin duten bezala lanean jarraitu ahal izateko. Bizkaiko Foru Aldundiak amaitutzat eman du azken urteetan gunearekin adostuta zuen hitzarmena, eta Eusko Jaurlaritzak ere ez du proiektuarentzako dirurik bideratu, eta babes horiek gabe, aurrerantzean, eredua ere aldatu egin beharko dute Birakoek. Lehen urteetan bezala, lan boluntarioarekin bakarrik antolatu beharko dute kultur programazioa. Urtarrilean jakin zuten hori, eta, horregatik, nolabait ere, dolua hasia dutela eman dute albistearen berri. Baina hoztasun moduko horri eutsita ere, pena ere azaleratzen da Lutxo Egia eta Oihana Bartra Birako kideen hitzetan, bai eta amorru tantaren bat ere. Eta haien hitzetan, azalean bainoago elkarrizketaren hondoan, igar daiteke kultur ereduei buruzko zein euskara biziberritzeko estrategiei buruzko eztabaiden marmarra ere.

Ez da itxiera bat izango. Baina zer izango da zehazki?

LUTXO EGIA: Azken lau urteetan aukera izan dugu modu hibrido batean funtzionatzeko: aldi berean uztartzen zituen lan militantea eta lan profesionala; irailetik aurrera, ezinbestean, militantzia bidez bakarrik ekingo diogu kultur programazioari. Hori da aldaketa.

Zenbatu duzuenez, irailetik ekainera, 290 kultur hitzordu antolatu dituzue. Eutsi ahal zaio horri funtzionamendu militantearekin bakarrik?

EGIA: Ez. Hori desagertu egingo da. Guk plaza bat eskaini diegu hemen Euskal Herriko hamaika txokotatik iritsi diren sortzaileei, eta hori desagertu egingo da. Bira, orain den moduan, desagertu egingo da. Biraren lehen bi urteetan era militantean bakarrik aritu ginen, baina berehala ohartu ginen eskaera handia zegoela, eta orduan hasi ginen diru laguntzak eskatzen.

Eta orain, azken urteetako laguntza horiek gabe, zer-nolakoa izango da kultur programazioa?

EGIA:  Ez dakigu nola ibiliko garen. Gu orain talde txikia gara, eta, oso-oso txikitik hasi beharko dugu, eta dena neurtzen. Eskari asko izan ditugu jada, eta euskal musikari, bertsolari eta idazle askok idatzi diguten arren, ezetz esan behar izan diegu.

OIHANA BARTRA: Hilabetean ekintza bat edo bi egiteko helburua jarri diogu orain geure buruari. Atal finko batzuei ere eutsiko diegu. Bestalde, sare asko sortu ditugu azken bederatzi urteetan, eta saiatuko gara haiekin osatutako programa finko horietako batzuei eusten. Baina batzuk galdu egingo dira.

EGIA: Ni aritu naiz koordinatzaile lanetan, eta teknikari bat ere izan dugu azken bi urteetan. Beharrezkoa izan da. Aurreko ostegunean, adibidez, Mursego izan genuen, ostiralean abesbatza feministaren urtemuga, Zinegoak jaialdiaren festa izan zen gero arratsaldean, liburu aurkezpen bat, performance bat... Gutxieneko bat behar duzu hori antolatu ahal izateko, eta orain ezingo diogu gutxieneko horri ere eutsi, ez gara helduko.

«Euskararen arnasgune txiki bat ere bada hau Bilbon, eta hori ere galduko da, neurri batean behintzat»

OIHANA BARTRABirako kidea
Euskara ardatz duen gune bat ere bada Bira.

BARTRA: Euskara da programazioaren ardatz nagusia, bai. Euskaraz ez diren gauza batzuk ere egin dira, baina hemen programatzen dena euskaraz programatzen da nagusiki. Euskaraz bizi gara hemen, eta euskara oinarri hartuta pentsatutako proiektu bat da. Maiz aipatzen dugu ez dugula Bira puztu behar, eta Lutxo asko tematzen da horretan, baina euskararen arnasgune txiki bat ere bada hau Bilbon, eta hori ere galduko da, neurri batean behintzat.

Eta zer aldatu da orain? Zergatik utzi diote erakunde publikoek azken urteetan emandako babesa emateari?

EGIA: Hau herri proiektu bat da, eta bederatzi urtean Birakideok 285.000 euro jarri ditugu hau martxan jartzeko, lokala erosten hasteko, eraikinean izandako termiten arazoari aurre egiteko, eta programazioari ekin ahal izateko ere bai. Iaz, adibidez, 14.000 euro jarri genituen, haietako 8.000 inguru programaziorako izan ziren, eta 6.000 egiturari eusteko. Baina guk, eta hori onartzen dugu, une batetik aurrera administrazioarekiko menpekotasuna sortu dugu. Kalkulatu egin genuen zein izango litzatekeen Bira handiago bat egin ahal izateko gutxien-gutxieneko aurrekontua, aurrekontu militante bat, eta, ikusi genuen bazkideen diruarekin eta erakundeek bideratutakoarekin, guztia batuta, aukera genuela 45.000 edo 50.000 euroko aurrekontu batera iristeko, eta Bira handiago hori sortzeko. Artistei dietak ordaintzeko, erosketak egiteko, zergak ordaintzeko, eta, funtsean, oholtza martxan izateko, kalkulatzen dugu 20.000 euro behar ditugula; gero, dena antolatzeko eta teknikari lanak egiteko bi pertsona behar ditugu, eta kontuan hartuta boluntario lana ere egingo dutela, 25.000 edo 30.000 euro behar ditugu horretarako. Hori da minimo militante bat. Baina aurten ez dakit horren erdira ere ailegatuko garen.

Baina Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak eman dizuete babes hori orain arte. Zer aldatu da orain?

EGIA: Bilboko Udalaren Euskara Sailarekin hitzarmen bat izan dugu indarrean 2019az geroztik, eta horri eutsi egingo zaio. Abendua iritsi zenean, hori jasoko genuela zen ziur genekien bakarra. Bizkaiko Foru Aldundiarekin ere bagenuen beste hitzarmen bat, baina hori iaz amaitu zen. Salbuespen modura, Bilboko Udaleko Kultura Sailak beste diru laguntza bat ere eman zigun iaz, eta hori ere ez genuela jasoko esan ziguten. «Ez dago dirurik», esan ziguten. Eta bata eta bestea gabe, iazko ikasturtearekin alderatuta 30.000 euro gutxiago jasoko genituela ohartu ginen, eta orduan argi ikusi genuen: jausi egingo gara. Deialdi arruntetan ere eskatuko ditugu laguntzak Bilboko Udaleko Kultura Sailean, baina hortik jasoko dugunak ez du ematen aipatu dugun gutxieneko militante horretara heltzeko.

«Iazko ikasturtearekin alderatuta 30.000 euro gutxiago jasoko genituela ohartu ginen abenduan, eta orduan argi ikusi genuen: jausi egingo gara»

LUTXO EGIABirako kidea
Eta zergatik eman dituzte amaitutzat hitzarmen horiek? Zer azalpen eman dizuete?

EGIA: Eusko Jaurlaritzan egon ginen, eta bilera egin genuen Lakuan, eta hortik ez da ezer atera. Izan daiteke martxan diren diru laguntzak guretzat egokiak ez izatea. Ez dakit. Bizkaiko Foru Aldundian ere egon ginen, eta bi urteko hitzarmen bi izan ditugu haiekin, Euskara eta Kultura Sailarekin. Eta esan ziguten hitzarmen hura bi urterako zela. Guk asko eskertzen dugu orain arte jasotakoa, eta pribilegiatu sentitzen gara beste proiektu batzuekin alderatuta.

Eta urteotan egin duzuen lana baloratzen dutela uste duzue?

EGIA: Neurri batean, bai. Eta igual administrazioak ez du zertan iraunarazi gure proiektua, ez dakit, baina... nik ez dut ontzat emango bilera horietako batean ordezkarietako batek esan zidana: «Ez dago dirurik». Ez dago dirurik, baina egun bakar bat irauten duen euskal jaialdi bati, eta adibide bakar hori jarriko dut, 325.000 euro ematen zaizkio diru laguntza zuzenetan, eta horrekin hemen sei edo zazpi urte egingo genituzke guk. Eta ni ez nago egun bakarreko jaialdi horren kontra, inondik inora ere, hori beste elkarrizketa bat da, ereduei buruzkoa eta nahi duzunari buruzkoa, baina dirua badago. Guk onartu egin dugu hemen egiten duguna egitea miseria baten truke, eta ez gara horregatik kexu; pribilegiatuak sentitu izan gara eta oso eskertuta gaude, badakigulako beste proiektu batzuek ez dutela deus jasotzen.

BARTRA: Nik ulertzen dut zer esan nahi duzun, baina ni ez naiz sentitzen pribilegiatua. Badakit badaudela beste herri proiektu oso interesgarri batzuk, laguntzarik jasotzen ez dutenak, eta konparazio horretan, badakit izan dugula aukera bat beste batzuek izan ez dutena, baina guk diru kantitate bat jaso dugu, eta horren trukean sekulako lan militantea egin dugu hemen, eta horrek ekarpen handia egin dio euskarari eta kulturari Bilbon. Interesgarria iruditzen zait inongo diru laguntzarik gabe lanean ari den jendearekin ere gogoratzea, baina horrek ez du esan nahi gu pribilegiatuak garenik. Ez dut hori sentitzen.

«Esaten dute ez dagoela dirurik, baina egun bakar bat irauten duen euskal jaialdi bati, eta adibide bakar hori emango dut, 325.000 euro ematen zaizkio diru laguntza zuzenetan, eta horrekin hemen sei edo zazpi urte egingo genituzke guk»

LUTXO EGIABirako kidea
Gertatzen ari dena ahalik eta hotzen aurkeztu nahi duzue, baina ez duzue haserre puntu bat?

BARTRA: Nik bai. Badut amorru hori, bai.

EGIA: Esaten dutenean ez dagoela dirurik, hori ez da egia. Kontua da ez zaiela interesatzen. Eta igual hori zilegi da, baina ez zaizu interesatzen. Ez naiz horren aurka ari, baina zer sustatzen da gaur egun? Bada, nik on-offeko kultura deitzen dudana: ekitaldi portatilak, jaialdiak... Eta berriz diot, ez naiz hori kritikatzen ari. Uste dut euskalgintzarentzat ere garrantzitsua dela horrelako gauzetan dirua jartzea, horrela kultura horri prestigioa ematen zaiolako, baina ari bagara euskararen biziberritzeaz, esaterako, euskara biziberritzeko eta euskara normalizatzeko badira bi elementu elkarri oso-oso lotuta doazenak: batetik, komunitatea, eta, bestetik, lekuak. Eta bi horiek ere oso garrantzitsuak dira erabilera handitzeko.

Hizkuntza minorizatu batean, non dena dagoen zatitua, komunitateak indartu behar dituzu. Esparru komunitarioa ahultzen denean, hor galdu egingo duzu, eta horretarako garrantzitsuak dira lekuak. Eta zeintzuk dira Bilbon euskararen lekuak? Zeinek ematen dio euskarari bere programazioaren, jar dezagun, %35a? Bilbon 2024an, esaterako, zenbat toki zabaldu dira? Berdin dit hotelak, frankiziak, ohiko dendak edo oroigarrien dendak diren. Zenbatek daukate euskara ez ardatz, baizik eta kontuan hartuta gutxienez? Gure ustez, horrelako tokiak ezinbestekoak dira hirirako, auzorako, kulturarako eta euskararako. Hori balora dadin nahi genuke.

«Hizkuntza minorizatu batean, non dena dagoen zatitua, komunitateak indartu behar dituzu. Esparru komunitarioa ahultzen denean, hor galdu egingo duzu, eta horretarako garrantzitsuak dira lekuak»

LUTXO EGIABirako kidea
Birako kideei aurreko astean eman zenieten gertatzen ari zenaren berri. Zer erantzun jaso duzue?

BARTRA: Jendeak kezkaz hartu du, pena pixka batez ere bai, eta jende askok azaldu du ekarpenen bat egiteko gogoa. Ea zer egin dezaketen galdetzen digute. Ez dugu ahaztu behar jendeari esker atera dugula proiektu hau aurrera. Hau atera da jende pilo batek diru pilo bat jarri duelako, proiektu honetan sinetsi duelako, eta gaur egun ere jarraitzen duelako diru hori jartzen.

Zehaztuta duzuenez, urtean 45.000 euro behar ditu Birak orain arte bezala eutsi ahal izateko. Esperantza duzue etorkizunean berriz ere lehengo babesa jasotzera itzultzeko?

BARTRA: Nik badut esperantza, bai, eta ez bada hori gertatzen luze gabe, baliteke proiektuari eusteko arazoak izatea. Baina, aldi berean, nik zaurgarritasun handia sentitzen dut. Gerta daiteke hemendik denbora batera instituzioek berriz ere diru laguntza bat ematea, eta Birak berriz ere egitura aldatu ahal izatea, baina babes hori edozein momentutan kendu eta jarri dezaketela sentitzen dut, jarri eta kendu diguten bezala. Beste norbaiten erabakien menpe zaude. Eta horrek ziurgabetasun eta egonkortasun falta handia dakar.

«Zaurgarritasun handia sentitzen dut: beste norbaiten erabakien menpe zaude, eta horrek ziurgabetasun eta egonkortasun falta handia dakar»

OIHANA BARTRABirako kidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.