Birak ezingo dio eutsi orain arteko kultur eskaintzari, laguntza publikoak murriztu dizkiotelako

Ez ditu ateak itxiko, baina aurrerantzean ez du liberaturik izango kultur programazioa garatu ahal izateko, eta, ondorioz, Bira «txikiagoa» izango dela iragarri dute.

Bira gunean, bertso saioa Maialen Akizu, Andoni Egaña eta Maddi Ane Txoperena bertsolariekin. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bira gunean, bertso saioa Maialen Akizu, Andoni Egaña eta Maddi Ane Txoperena bertsolariekin. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
2025eko ekainaren 24a
09:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez da ate itxiera baten danbatekorik entzungo, baina orain artean baino nabarmen estuago ireki beharko du atea Bilboko Bira kulturguneak aurrerantzean. «Bira txikiago bat izango da». Gaur zabaldu dute albistea sare sozialetan, eta, esaldi horrekin laburbildu dute irailetik aurrera zer gertatuko den. Zehaztu dutenez, diru laguntza publikoak «dezente» murriztu dizkiete aurten, eta horrek behartu ditu egitura ere murriztu behar izatera. «Irailetik aurrera ezingo diogu eutsi orain arteko funtzionamenduari (lan profesionala + militantzia). Ez dugu diru nahikorik izango. Ezinbestean, denbora libretik jardun beharko dugu soilik. Eta horrek, ezinbestean, eragina izango du kultura proiektuan».

Albistearen berri xeheago izateko, Lutxo Egia eta Oihana Bartra Birako kideekin ere hitz egin du BERRIAk. Kontu ekonomikoei buruzko zehaztapenak gorabehera, goiburu esanguratsua eman dute: «Bira, orain den moduan, desagertu egingo da».

2016an ireki zituen ateak Bira kulturguneak —Biba izenarekin hasieran—, Bilboko Erronda kalean, eta euskara eta euskal kultura hauspotzea izan du hasieratik lanerako ardatza. Proiektua hazten hasi zen berehala, eta azken urteetan, programazioak hartutako pisuari aurre egin ahal izateko, lan boluntarioa eta soldatapeko lana uztartzen zituzten bi langile ere izan dituzte. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak proiektuari emandako diru sailei esker izan da hori posible, eta, horregatik, halako babesik ez duten beste proiektu batzuekin alderatuta «pribilegiatuak» izan direla adierazi dute gaur zabaldutako oharrean.

45.000 euroren langa

Erakundeen babes hori apaldu egin da, ordea. Eta horrek eraman ditu egitura eta ondorioz programazioa murriztu behar izatera.

Birako kideen hitzetan, proiektuak aski ditu 45.000 euro orain artean bezala jarraitu ahal izateko, baina, oharrean zehaztu dutenez, babes publiko handiagorik jaso ezean, ezingo dira «gutxieneko aurrekontu horretara hurbildu», eta, beraz, «liberaturik gabeko egitura batera» itzuli beharko du Birak.

Aurreko astean jakinarazi zieten erabakia Birako bazkideei, eta gaur egin dute publiko, sare sozialen bidez zabaldutako mezu batekin. 

Altxaporrue konpartsarekin egin zituen lehen urratsak proiektuak, baina, konpartsaz gain, 150 pertsona inguru batu zituen hasiera hartan, eta denborarekin haziz joan da komunitate hori. Hasieratik bi ardatz nagusi ezarri zituzten gunearentzat: euskarazko kultura sustatzea zen bata, eta hasi berri ziren kultur adierazpideei babesa ematea bestea. Taberna ere martxan izan du proiektuak hasieratik, baina kultur eskaintza izan da erabateko lehentasuna beti. Horregatik, proiektua «ekonomiaren kontra» eratu dutela zehaztu dute sare sozialetan zabaldutako mezuan. «Hustu egin dugu taberna, kulturari erabateko lehentasuna emateko».

303 egunetan, 290 kultur ekitaldi

Urteotan guztiotan, guztira, 285.000 euroko babesa eskaini diote Biraren kideek proiektuari, eta kopuru hori zertarako baliatu duten ere zehaztu dute. «Inbertsio horri esker, lokala erosteari ekin, lokalaren obra burutu, hasierako urteetako programazioa finantzatu, termitak direla-eta komunitateko gastu handiei aurre egin eta azkeneko urteetako programazioan laguntzeko aukera izan dugu».

Azken hilabeteetan izandako jardunaren laburpena ere egin dute Birako kideek, sare sozialetan zabaldutako oharrean. Zehaztu dutenez, irailetik ekainera bitarteko 303 egunetan, guztira, 290 kultur egitasmo hartu dituzte. «Batzuk txikiak eta antolatzen errazak; eta beste batzuk, berriz, koordinazio handia eskatu digutenak». Eta, gaineratu dutenez, hiriko beste hainbat kultur eragilerekin elkarlanean arituta izan da hori posible.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.