Bizardunak: «Erakutsi nahi dugu musika ona egin dezakegula»

Ohikoa duten folk akustikoa rock ukituz jantzi dute 'Ur ederra kirats infinituan' hirugarren diskoan

Bizardunak taldeak Bilboko taberna batean aurkeztu zuen atzo Ur ederra kirats infinituan diskoa. MARISOL RAMIREZ /ARP.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Rockera jo dute, eta serio jarri dira. Parrandazalearen irudiari izkin egiten saiatu dira, oroz gain musikariak direla eta estudioan sartzean serio jarduteko kapazak direla argi utzi nahian. Baga-Bigarekin plazaratutako Ur ederra kirats infinituan diskoan, urrats batzuk egin dituzte Bizardunak taldekoek: «Musikari dagokionez, apustu bat egin dugu. Erakutsi nahi genuen benetan musika ona egin dezakegula», adierazi du Jose Mari Carlos abeslariak.

Hartara, musikari dagokionez, izugarri landutako diskoa dela nabarmendu dute. «Ordu asko sartu ditugu estudiora joan aurretik».

Jarreran ez ezik, estiloan ere izan da aldaketarik. Beraz, bada beste zerbait lan berria aurrez ateratako Bizardunak (Brian's Records) eta En Zugzwang (Gor) diskoetatik bereizten dituena. «Zerbait diferentea egin nahi genuen. Aurreko bi diskoetan folk akustikoa egin genuen. Eta lan honetan rock-and-rolla ere sartu dugu, folk akustikoarekin batera».

Ordea, abestien letretan aldaketa handirik ez dago. «Gizarteari buruz» hitz egiten dutela diote. «Ikusten duguna azaltzen dugu, eta horrek zer sentiarazten digun. Baina ez dugu ezer aldarrikatzen. Erakusten dugu gauzak nola ikusten ditugun, edo nola ez ditugun ikusten, eta nola ez ditugun ulertzen». Historiako liburuei erreparatuta, «gizartea beti kirats infinitua izan dela» ondorioztatu dute Bizardunak taldekoek.

Garatetik Los Angelesera

Bertsio bi egin dituzte: abesti zelta tradizional batekin eginiko Necrobestialismo eta Peggy Seegerren Omega mailua (Casta de bastardos). Lehena izugarri aldatu dute, gitarra elektrikoa eta bateria sartuta. Ahotsaren melodia baino ez dute utzi bere hartan. Aldiz, Omega mailua (Casta de bastardos) ez dute ezertxo ere moldatu, «ezin hobea baita».

Hamabi kantak osatzen dute Ur ederra kirats infinituan diskoa, eta Andoaingo (Gipuzkoa) Garate estudioan grabatu zituzten denak, uztailean, Daniel Rejmer, Kaki Arkarazo eta Martxel Arkarazorekin. Luther Russelek ekoitzi eta nahastu du diskoa, eta Bernie Becquerrek masterizatu du, Los Angelesen.

Euskal Herrian jotzen dute, batik bat. Abenduan egingo dituzte disko berriaren lehen aurkezpen kontzertuak. Abenduaren 1ean, Atarrabiako (Nafarroa) gaztetxean ariko dira; abenduaren 8an, Azpeitiko (Gipuzkoa) San Agustin kulturgunean; eta abenduaren 21ean, Bilboko Kafe Antzokian.

Diskoa ontzeko serio samar jarri diren arren, ez diote uko egingo agertokian ondo pasatzeari eta sekulako parranda egiteari. Inondik inora. Faces eta Pogues taldeak jarri dituzte adibide gisa. «Disko izugarriak zeuzkaten, baina gero oholtza gainean edan egiten zuten».

Uste dute gauza batek ez duela bestea kentzen. «Alegia, disko on bat egin dezakezu, baina gero oholtzan bestelako jarrera batez defendatu». Bizardunen irudiko, aurpegi serioa jartzea ez da nahitaezkoa lana serio egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.