PIOTR ANDERSZEWSKI
Egitaraua: J. Brahmsen pianorako obrak, op. 116, 117, 118 eta 119 (aukeraketa) eta L. V. Beethovenen 32. piano sonata do minorrean. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: urriaren 27a.Â
Baten batek Kursaaleko emanaldietarako txartelak eskuratu nahi baditu, kontuan izan behar du ardatz ikusezin batek banatzen duela besaulki patioa: bikoitiak daude alde batean, eta bakoitiak bestean. Badirudi kritikari izateak badituela pribilegioak, piano errezitala dagoen bakoitzean besaulki bakoiti batetik bizitzen baitut kontzertua. Pribilegioa diot, toki horrek hobari nabarmenak dituelako: pianoaren kokapena dela eta, ez dago bakarlariaren aurpegiak erakutsi ditzakeen emozioak begiztatzerik eta, trukean, haren bizkarraren ikuspegi ezin hobea dago bertatik. Hori egoera eskasa dela pentsatzen duena oker dabil. Aitzitik, zuzeneko musikaren interpretazioan funtsezkoak eta guztiz adierazgarriak diren keinuak aztertzeko posizio paregabean dago, bertatik ikuskatu baitaitezke hobekien arnasketaren gidaritza, pedalaren jolas fina eta, batez ere, angelua aproposa baldin bada, pianoaren tapa beltz distiratsuan islatzen den eskuen eta behatzen joan-etorria. Urrezko tiketa du, hortaz, musika gorpuztuaren lekuko izateko eta, kontzertu honi dagokionez, Piotr Anderszewskiren lezio magistralaz gozatzeko.
Brahms eta Beethovenen azken pianorako konposizioen bueltan, programa sakon, sotil eta garbia ondu du pianista poloniarrak. Brahmsek 1890ean erretiratuko zela iragarri ondoren sortu zituen 116tik 119ra doazen opusak, denak piano bakarlariarentzako pieza motz eta zuzenak, tartean intermezzo-ak, kapritxoak, baladak eta rapsodiak. Bere azken diskoan agertzen diren bezala, jatorrizko ordena aldatuta eta etenik gabe ekarri zituen Anderszewskik. Lerro jarraitu eta ñabarduraz betetakoa izan zen nagusi, dentsitate kontrapuntistikoa, anbiguotasun metrikoa eta ahotsen ehundurak argitasun txundigarriaz zabalduz. Beethovenen azken pianorako sonatan ere nabariak izan ziren esaldien garapena, dinamiken menderatzea eta bigarren mugimenduko pasarte sinkopatuaren bizitasuna. Bukaeran, idortasun erabatekoaz iragarri zituen bisak, bi hitzetan, b-rekin: «Bach», «Bartok». Bizipena badago, sobran daude azalpenak.