Antzerkia

Bizipoza berreskuratzen saiatzearen dramarekin «endredo komedia bat» ondu du Patxo Telleriak

Telleriak idatzi eta zuzendu du 'Bizipoza' antzezlana, eta Pabiloi 6 Antzerki Laborategiak ekoitzi du. Arriaga antzokian estreinatuko dute, bihar, eta urriaren 30etik azaroaren22ra bitartean ere egongo da ikusgai Pabiloi 6 aretoan.

Pabiloi 6 Antzerki Laborategiak ekoitzi du 'Bizipoza' antzezlana. Entseguko irudi bat. IRENE BAU
Pabiloi 6 Antzerki Laborategiak ekoitzi du 'Bizipoza' antzezlana. Entseguko irudi bat. IRENE BAU
Inigo Astiz
2026ko urriaren 26a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskarazko endredo komedia bat». Promozio orriak esaldi horrekin deskribatzen du Patxo Telleria antzerkigileak idatzi eta zuzendutako Bizipoza obra, eta eroso sentitzen da egilea definizioarekin. «Generoko lan bat da», onartu du. Familia bateko kideen arteko nondik norakoak kontatzen ditu, eta, halakoetan ohikoa izaten denez, erabat ezohikoa du abiapuntua. «Pablo eta Miren gurasoek, urtebetetzerako, abioneta bidaia bat oparitu diote Leire alabari, baina bizipoza berreskuratzeko shock terapia bat da bidaia hori, eta, horregatik, istripu bat izango dutela simulatuko dute. Baina hasiera baino ez da hori, dena terapia horrekin hasiko delako, baina gero berehala ikusiko delako aita dela benetan terapia behar duena, eta ama, eta amama, eta... Eta hala denak joango dira biluzten». Olatz Ganboak, Josu Angulo Anthonisenek, Ione Irazabalek, Itxaso Gilek eta Aiora Sedanok osatzen dute aktore taldea eta Pabiloi 6 Antzerki Laborategiak ekoitzi du lana. Bihar estreinatuko dute, Arriaga antzokian, eta, ondoren, Pabiloi 6 aretoan ere emango dute, urriaren 30etik hasi eta azaroaren 22ra bitarteko asteburu guztietan.

«Tragikomedia bat da», laburtu du Telleriak lehenik, baina bigarren elementua nabarmendu nahi izan du berehala. «Bai, tragikomedia bat da, baina komedia bat da, funtsean». Guztira, bost pertsonaia ditu antzezlanak —Pablo aita, Miren ama, Leire alaba, Maria amona eta Ane psikoterapeuta—, eta lana aurkezteko konpainiak zabaldu duen sinopsiak ere jadanik badu bere endredo puntua. «Pablok uste du bizipoza falta zaiola alaba Leireri. Leireren ama Mirenek uste du bikotekide duen Pablo ez dagoela burutik sano. Leireren amona eta Mirenen ama Mariak, berriz, hirugarren adinarekiko errespetua falta zaiela alabari, suhiari eta bilobari. Ane psikoterapeutak uste du, eskrupulu handirik ez baitu bere metodoekin, familia horrek eman diezaiokeela hipoteka kitatzeko falta zaion dirua».

«Gezurra badirudi ere, gaur egun, batzuetan eskuraezina den luxu bat da bost aktorerekin antzerkia egitea»

PATXO TELLERIA Antzerkigilea

Telleriak onartu duenez, antzezlanez «nahiko beteta» izan ohi du etxeko tiradera normalean. «Gauza batzuk erdi eginak daude, beste batzuk bidean, eta beste batzuk bukatuta, baina kaxoia beti dago gauzaz beteta, bai». Eta haien artean topatu zuen Bizipoza. Berez, duela lau urte idatzi zuelako antzezlana, baina orain arte ez duelako oholtzarainoko biderik topatu. «Gezurra badirudi ere, gaur egun, batzuetan eskuraezina den luxu bat da bost aktorerekin antzerkia egitea». Eta, beraz, aukera egokiaren zain egon da testua geroztik. Orain arte.

Hain zuzen, Pabiloi 6 aretoan euskarazko ekoizpenei lekua egiten joateko asmoari buruz hizketan hasi zirenean gogoratu zen Telleria etxean gordea zuen lan harekin. «Komedia bat hasiera ona izan zitekeela pentsatu nuen», azaldu du. «Zerbait dibertigarria, disfrutatzekoa eta publiko zabal bat ere har zezakeena. Tamalez, oraindik ere gaztelerazko publikoa baino murritzagoa da euskarazko publikoa, eta, horregatik, ikus-entzuleen espektroa zabaldu, eta publiko zabalenarentzat ere erakargarria izan zitekeen produktu bat egitea erabaki genuen. Oparitxo bat».

«Tamalez, oraindik ere gaztelerazko publikoa baino murritzagoa da euskarazkoa, eta, horregatik, publiko zabalenarentzat ere erakargarria izan zitekeen produktu bat egitea erabaki genuen»

PATXO TELLERIA Antzerkigilea

Antzezlana, funtsean, «aktore antzezlan bat» dela ere azaldu du Telleriak, eta, ondorioz, aktore taldea laguntzea izan da zuzendari lanetan izan duen egiteko nagusia. Aurrez ere behin baino gehiagotan lan egin izan du Olatz Ganboarekin, Itxaso Gilekin eta Aiora Sedanorekin, baina, aspalditik ezagutzen zituen arren, hau izan du lehen aldia oholtzan Ione Irazabalekin, eta lehenengoz arituko da Josu Angulorekin ere. «Haiek laguntzea izan da nire zuzendari lana», azaldu du Telleriak. «Egoera oso muturrekoa da antzezlanekoa, baina pertsonaiak sinesgarriak izan behar dira, generoko lan bat izanik eta endredo kontu bat denez gero, egoerak berak eragiten duelako komedia». 

Jarraitutasunaren bentajak

Telleriak gogoratu duenez, gainera, lanaren aldeko «apustu gogorra» egin du Pabiloi 6 aretoak. Izan ere, ia hilabetez izango du lana oholtzan, eta, dioenez, bereziki ona da aukera hori, aktoreek pertsonaiak sakon landu ahal izan ditzaten. «Pabiloi 6 aretoak bakarrik eskaintzen du denboraldi bat egin ahal izateko aukera», azaldu du. «Normalean, gure konpainiekin egindako ekoizpenekin lana estreinatzen duzu, eta gerta daiteke emanaldi batzuk nahiko segidan edukitzea, baina gerta daiteke lehen emanaldi horren ondoren hurrengo hilabetera arte besterik ez izatea, eta, gero, adibidez, urtebetera beste lau saio izatea. Baina kasu honetan ez. Oraingoan lau asteburutan izango dugu antzezlana Pabiloi 6 aretoan, eta seguruenik aurrerago ere errepikatuko da beste noizbait».

Orain arte egindako lanarekin «oso pozik» daudela ere aitortu du zuzendariak. «Uste dut oso produktu polita eta interesgarria atera zaigula».

Telleriaz gainera, Izar Pizarro aritu da zuzendari laguntzaile lanetan eta Ander Sarriugarte ere izan dute ondoan. Baina handiagoa da lantaldea. Adrian Garcia de los Ojosek sortu du antzezlanean entzuten den musika, Betitxe Saituak egin ditu jantziak eta eszenografia, eta Fernando Alcauzar eta Quique Gagok izan dute argiztapenaren ardura.

Edonola ere, hau ez da Pabiloi 6k bultzatutako euskara hutsezko lehen antzezlana izango. Aurrez ere, ele bitan taularatu izan dituzte hainbat lan, eta duela lau urte, esaterako, euskara hutsean estreinatu zuten Love & Money antzezlana ere. Bilboko Arriaga antzokian taularatu zuten pieza hura ere, eta, besteak beste, Aiora Sedano aktoreak ere hartu zuen parte ordukoan. Cecile Marquette aritu zen zuzendari, eta Olatz Ganboak egin zituen zuzendari laguntzaile lanak. Jatorriz ingelesez idatzi zuen obra Dennis Kelly antzerkigileak, eta Idoia Barrondok euskaratu zuen. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA