Mikek Londresko kaleetan lo egiten du. Egunez dirua eskatzen dio kalean zehar dabilen jendeari, eta jantoki sozial batean bazkaltzen du. Egunetik egunera bizi da Mike, bururatzen zaizkion trikimailu eta bideei esker bizirauten. Diru zorroa lapurtuko diote egun batean, eta, kalean bizi den beste gazte batekin borrokan aritu ondoren, bertatik igarotzen ari den gizon batek bazkaltzera gonbidatuko du. Mikek, aukera ikusita, kolpe bat eman, eta diru zorroa eta ordularia lapurtuko dizkio.Â
Zortzi hilabete kartzelan alkoholik eta drogarik kontsumitu gabe igaro ondoren, Mikek hutsetik hasteko aukera bat du: ohe bat du ostatu batean, sukalde batean ari da lanean, eta meditaziorako kasete batzuk entzuten ditu.Â
Harris Dickinsonek gaztetatik egin nahi izan ditu filmak. Skateboard bideoak grabatzen zituen auzoan, eta nerabe zela hasi zen idazten, baina garai hartan ez zen kontziente hura ogibide bat zenik; ez zitzaion errealista iruditzen. Antzezten hasi zen orduan, eta, aktore lanetan zebilen jendea ezagutu ondoren, lanbide aukera bat ikusi zuen. Dickinsonek Triangle of Sadness, Scrapper eta Babygirl filmetan egin du antzezle lana, besteak beste, baina bere alderdi sortzailearentzako erronka bat behar zuen, eta lehen film luzea egiteko garaia zela ohartu zen. Horrela jaio zen Urchin; Cannesko jaialdian aurkeztu zuen, Un Certain Regard sailean, eta Fipresci saria eta aktore onenaren saria irabazi zituen han.Â
Urchin film deserosoa da. Dokumentalera gerturatzeko inongo intentziorik gabe, Erresuma Batuko arazo handi bat pantailaratzen du: adikzioa eta etxerik gabe daudenen egoera. Gazte bakar batengan, Mikerengan, jartzen du arreta filmak; ez du hura demografia oso baten ordezkari izatea nahi, eta, Dickinsonek erantzunik eskaintzen ez badu ere, elkarrizketa bat proposatzen du.Â
Zuzendariaren filma gogorra da, baita pesimista ere, baina ez dago erretratatzen dituen pertsonaien gaineko epairik, eta arduraz lantzen du mendekotasunaren gaia, zeina gertutik ezagutzen baitu. Dickinsonek filmaren tonuarekin jokatzen du, errealitate gordinari umore eta fantasia puntuak gehituz. Horrela, Mikek izan ahalko lukeen bizitza argitsuago hori erakusten du, baina errealitatetik aldentzen den promesa faltsurik egin gabe.Â
'Urchin'
Zuzendaria: Harris Dickinson. Gidoilaria: Harris Dickinson. Aktoreak: Frank Dillane, Megan Northam, Diane Axford, Murat Erkek. Argazkia: Josee Deshaies. Musika: Alan Myson. Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 99 min. Herrialdea: Erresuma Batua. Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:

'Gaua'
Zuzendaria: Paul Urkijo Alijo. Gidoilaria: Paul Urkijo Alijo. Aktoreak: Yune Nogueiras, Elena Irureta, Ane Gabarain, Iñake Irastorza. Argazkia: Gorka Gomez Andreu. Generoa: fantasia. Urtea: 2025. Iraupena: 87 min. Herrialdea: Euskal Herria.
XVII. mendea euskal mendietan. Sorgin ehiza betean, Kattalinek, senarrarengandik ihesi, gauaren erdian alde egin du baserritik. Basoan galduta, haren atzetik dabilen presentzia bat sentituko du. Bidean hiru emakumerekin topo egingo du, eta, ibaiaren ondoan arropa garbitzen duten bitartean, beldurrezko ipuinei eta herriko esamesei buruz arituko dira. Bere harridurarako, Kattalin istorio horien parte bihurtuko da.
'Sonhar com Leões'Â
Zuzendaria: Paolo Marinou-Blanco. Gidoilaria: Paolo Marinou-Blanco. Aktoreak: Denise Fraga, Joao Monteiro, Joana Ribeiro, Victoria Guerra. Argazkia: Glauco Firpo. Generoa: komedia. Urtea: 2024. Iraupena: 88 min. Herrialdea: Portugal.
Gildak bizkarrezur muineko minbizia du. Hainbat suizidio saiakeratan huts egin ondoren, enpresa klandestino baten laguntza bilatuko du. Enpresa horrek eutanasiari buruzko hitzaldiak antolatzen ditu fase terminalean daudenentzat. Hitzaldi horietako batean, Amadeu ezagutuko du, antzeko arrazoiengatik han dagoen gazte lotsati bat.
'Die My Love'Â
Zuzendaria: Lynne Ramsay. Gidoilariak: Lynne Ramsay, Enda Walsh, Alice Birch. Liburua: Ariana Harwicz. Aktoreak: Jennifer Lawrence, Robert Pattinson, Lakeith Stanfield, Sissy Spacek. Argazkia: Seamus McGarvey. Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 118 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.
Bikote gazte eta maitemindu bat New Yorketik landan kokatutako etxe batera joango da bizitzera. Gracek bere nortasuna aurkitu nahi du inguru bakartu horretan, eta, garai txar baten ondoren, berriz aurkituko du bere burua, irudimenean, sendotasunean eta bizitasun harrigarri eta ezohiko batean.