Bost urte igaro dira Itziar Ugarte azken aldiz liburu aurkezpen batean idazlearen eserlekuan eseri zenetik. Gu gabe ere (Susa, 2021) poema liburua aurkeztu zuen orduko hartan. Aulki berean, baina bost urte geroago, narrazio liburu bat du esku artean. Haren lehen eleberria da Egunen alde zuria; orain arte poesia eta ipuingintza landu ditu, BERRIAko kazetaritzaren jardunarekin batera. Itzulera eta egokitze bati buruzko istorioa da, hiri bateko bizitza azkarra eta zaratatsua atzean utzi, eta familiaren baserrira itzultzen den neska baten istorioa. Susa argitaletxearekin kaleratu du.Â
Joana da liburuko protagonista. Denbora batez Bordelen (Frantzia) bizi ostean, pisu partekatua eta hiria utzi, eta herrira itzuliko da, hamarkada luzez familiarena izandako baserrira. Etapa berri bati ekingo dio, itzultzaile autonomo gisa eta garai batean atzean utzi zuen herrian. Itzulerarekin batera, iraganeko harremanak eguneratuko ditu, eta, aspaldian ez bezala, gertu izango ditu gurasoak, lagun minak eta haurtzaroko lagunak. Protagonistak lasai hartu nahiko du errutina berria, barrenean duen zerbaitek estutu egingo du ordea.
Aldea dago Bordeleko kale zaratatsuen eta herriaren isiltasunaren artean. «Hiri bateko erritmo biziaren barruan bizi izan da, baina orain dena mantsotu da. Ia hutseraino isildu da zarata, eta horrek ozenago entzunaraziko dizkio hainbat kontu», adierazi du Ugartek. Askok bizitzaren norabidea zuzentzeko aprobetxatuko lukete egoera. Joanak, berriz, nolabaiteko inflexio puntutzat hartuko du, gelditu eta ingurura begiratzeko. «Nobelak Joanaren bitarteko aldi bat jasotzen du, birkokatzen ari den momentu bat», azaldu du Leire Lopez Susako editoreak.
«Protagonistak zalantza egiten du, jakin-mina du, eta adi dago irakurtzen duenari. Irakurlearekin batera deskubrituko ditu gauzak»
LEIRE LOPEZÂ Susako editorea
Etapa berria behin-behinekoa da. Baserria salgai dago, eta Joanak susmoa du bertan biziko den familiako azken kidea izango dela. Horrek familiaren memorian murgiltzera eramango du, argazkiak, dokumentuak eta gertukoen oroimena arakatzera. Horrela, baserria bera liburuko beste pertsonaia bat izango da. «Kanpoko munduaren eta barrukoaren arteko etengabeko joan-etorria dago liburuan, eta hori askotan etxetik atera gabe gertatzen da», azaldu du Ugartek.
Eleberria lehen pertsonan dago idatzita, Joanaren azaletik. «Joana sentibera da, bizia, traketsa askotan, behatzailea, urduri samarra eta indartsua», deskribatu du Ugartek. Protagonistaren ahotsak gidatzen du eleberria, eta, horren bitartez, agerian geratuko dira haren zalantzak eta pentsamenduak orrialdeak pasa ahala. Lopez: «Joanarena ez da ahots kategorikoa edo inozentea. Zalantza egiten du, jakin-mina du, eta adi dago irakurtzen duenari. Irakurlearekin batera deskubrituko ditu gauzak».
Patxadaz idatzitakoa
Aurretik argitaratu zituen poemen antzera idatzi du Ugartek azken lau urteetan ondutako eleberria: «Su txikian eta oso-oso gutxika». Onartu du hori dela literatura idazteko bere modua. Liburua ez da etengabeko narrazio bat; atal eta atal artean, ohar laburrak eta poemak daude. «Apurka-apurka joan naiz liburua izaten amaitu duen ideien poltsa betetzen. Bururatu zaidan eta bidean topatu dudan ia dena sartu dut poltsa horretan, eta, hein batean, horrek ere azaltzen du liburuan agertzen den nolabaiteko ugaritasun hori», azaldu du idazleak.Â
«Idatzi ahala zabaldu dira ateak. Gustuko dut, zirrikituetatik sartzen zara, eta idazten jarri aurretik ezinezkoak diren gauzak topatzen dituzu»
ITZIAR UGARTE Idazlea
Idatzi ahala eman dio forma eleberriari. «Idatzi ahala zabaldu dira ateak. Gustuko dut, zirrikituetatik sartzen zara, eta idazten jarri aurretik ezinezkoak diren gauzak topatzen dituzu». Idazlearen hitzetan, liburuan «behatze, irudimen eta memoria ariketak» gurutzatu ditu. Halaber, aparteko denbora eskaini dio entzuteari. «Entzute ariketa bat ere izan da liburu honen idazketa, momentu bat, inguru bat eta garai bat entzuteko saiakera bat».Â
Geratzeko beharra
Idazleak gaur egungo garaiari entzun diola esan daiteke. Kontakizuna gaur egunean dago kokatuta, eta, eszenatokia hirigunetik aldenduta dagoen herri bat bada ere, oso presente daude jada egungo gizartearen berezko bilakatu diren zenbait elementu. Adibidez, etxebizitzaren krisia eta etengabeko azkartasuna. Joanak ez du etxe edota lan finkorik, eta bere tokiaren bila dabil. «Tarteko bitarte batean doa bere egunen gurpila, gurasoak gero eta helduagoak dira, eta lagunak umeak izaten ari dira. Bere erronka bat presentzia borrokatzea izango da; egotea hemen eta egotea orain», azaldu du idazleak.Â
Alegia, oraina bizitzeko nahia du Joanak. «Ziurrenik, bere aurreko belaunaldiengan ez bezala, Joanarengan eragina du gaurko mundu azkarrak. Kontziente da horretaz, eta nahiko lituzke gauzak geldotu, denboran egoteko beste denbora batekin konprometitu», esan du idazleak. Antzera definitu du editoreak ere: «Garaiaren zailtasunak gorabehera, Joanak egun bakoitzean bilatzen ditu gozamen eta argitasun momentuak». Istorioak ez ezik, formatuak berak ere erantzuten dio geratzeko nahi horri. Testu eta testu artean, hutsune ugari ditu, «arnasa hartzeko», idazlearen hitzetan. Eta hala, Ugartek gero eta efimeroagoa den bizitza baten argiak bildu ditu liburuan.Â